“Sare sozialetan ere euskaraz” kanpaina abian da

“Sare sozialetan ere euskaraz” kanpaina abian da
2022/01/28 13:30
eta kitto!
Gure herria merkataritza-gune bilakatu da azkeneko urteotan, industria-hiritik zerbitzu-hiria izatera pasatu dela esan dezakegu. Eibartarrok ezezik inguruko herrietako biztanleak ere gurera gerturatzen dira erosketak egitera. Denok estimatzen dugu bertoko dendarien gertutasuna, produktuen kalitatea eta bezerooi egokitutako aholkuak jasotzea, eta nola ez! euskaraz jarduteko aukera izatea.

Badira hilabeteak ...eta kitto! Euskara Elkartea, Eibarko Udaleko Euskara eta Ekonomia eta Garapena Sailak, EMGI eta Dendari Elkartea elkarlanean ari direla Eibarko merkataritza eta bertoko hizkuntza, euskara, sustatzeko. Horren barruan, eta neguko beherapen-kanpainan erabat murgilduta, gure dendariek horrenbeste erabiltzen dituzten sare sozialetan burutuko den kanpaina abiatu dute.

Pandemiak bezeroekin komunikatzeko bide berriak zabaldu zituen eta sare sozialek berebiziko garrantzia eskuratu zuten. Baina, sarritan, aurrez aurrekoan gertatzen zaigun bezala, euskararen presentzia ez da izan nahiko genukeen bezain handia. Horregatik, sare sozialetan euskararen presentzia areagotzeko asmoarekin, “sare sozialetan ere euskaraz” kanpaina abiatu dute aipatutako eragileek.

Kanpaina urtarrilaren 24an hasi eta otsailaren 7ra bitartean gauzatuko bada ere, helburua ohiturak aldatzea ere bada, hau da, orain arte erderaz idazten zutenek euskaraz ere idaztera animatzea edota bideo eta storyak ere euskaraz egitea.
Parte hartzea oso erraza da, establezimenduko Instragram edo Facebookeko kontuan egiten den argitalpena euskaraz egin edota irudiari lotutako testua euskaraz idatzi eta ondorengo traolak erabili behar dira: #eibarrenbadakagu eta #erosieibarren.eus

Ohiko esaldiekin proposamen bat ere luzatu zaie merkatariei: (QRaren bidez PDF formatoan deskargatu daiteke.
Kanpainari amaiera emateko parte-hartzaile guztien argitalpenekin bideo polit bat osatuko da.
Bide batez, ...eta kitto! Euskara Elkarteak Euskaraz Primeran! programaren barruan doaneko itzulpen- eta zuzenketa-zerbitzua eskaintzen duela gogorarazi nahi du. Edozein argibidetarako 943200918 telefonora deitu.