TEK Azitain, Gipuzkoako industria-enpresen lehen energia-komunitatea aurkeztu dute

TEK Azitain, Gipuzkoako industria-enpresen lehen energia-komunitatea aurkeztu dute
2023/02/10 19:08
eta kitto!
Gipuzkoako industria-enpresen lehen energia-komunitatea sortu da Eibarren, Azitaingo industrialdean. TEK Azitain (Tokiko Energia Komunitatea) izen bereko industrialdean egongo da, eta 347 plaka fotovoltaiko instalatuko ditu industrialdeko zortzi enpresari (Acha Herramientas, Codesyntax, Hanna Instruments, Inkubagailua Eibargunea, Jose Maria Irazabal, Manufacturas Resort, Neurtek eta Kirolbet) energia emateko. Proiektuan parte hartzen duten zortzi enpresa horiek izaera juridiko propioa duen energia-komunitate bat osatu dute proiektua martxan jartzeko.

Proiektua gaur goizean aurkeztu da eta ekitaldian Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Diputatua, Jon Iraola Eibarko alkatea, Juan Angel Balbás Debegesako Zuzendari Nagusia, TEK Azitain proiektuko zortzi enpresak, Juan Diego Edinor enpresako kontseilari delegatua eta Mari Carmen Lazkano Deba Bailarako Industrialdeko kudeatzailea egon dira, besteak beste.

TEK Azitain, Debegesa eskualdeko Garapen Agentziak eta enpresek sustatua, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE), Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren eta Eibarko Udalaren laguntza izan du eta Edinorrek diseinatutako ereduaren arabera eratu da. Azaldu dutenez, “Edinor Petronorren %100 filiala da, eta energia-komunitateen garapenean espezializatuta dago. Proiektuak, hasierako bideragarritasun-azterketa egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntza ekonomikoa izan du, baita Energiaren Euskal Erakundeak kudeatzen duen Next Generation Autokontsumorako Programaren laguntzena ere”.

1.086 m2ko azalerarekin, instalazioak 156 kW sortuko ditu eta urteko faktura elektrikoan asko aurreztea ahalbidetuko du. Izan ere, eguzki-plakek sortzen duten energia enpresa bazkideen guztizko kontsumoaren %25 da gutxi gorabehera. Fakturatik deskontatuko zaie zuzenean eta ez dute ordainduko ez bidesaririk ez kargurik.

Proiektu eredugarria

Hori horrela, lurraldean energia-trantsizioa bultzatzeko konpromisoa indartu egiten dela nabarmendu dute: “Izan ere, abantaila ekonomikoekin batera, urtean 972 tona CO2 isurtzea saihestuko da, hau da, 25 urtean emisioak xurgatzen dituzten 3.891 zuhaitz landatzearen baliokidea”.

Proiektuak enpresen energia-autonomia pixkanaka handitzeko helburua du, poligonoan garatzen den jarduera ekonomikoaren deskarbonizazioa nabarmen hobetzeko eta bertan dauden enpresen energia-lehiakortasuna handitzeko. Ildo horretatik, industrialdean bertan biltegiratze-sistema bat jartzea eta instalazio fotovoltaikoa gehiago jartzea aztertzen ari dira, interesa duten enpresa berriak komunitatean sar daitezen. Izan ere, komunitate honek enpresa eta/edo instalazio berriak har ditzakete 2 kilometroko erradioan.