Tekniker parte hartzen ari da Aernnovak gidatutako roboten bidezko proiektu batean

Tekniker parte hartzen ari da Aernnovak gidatutako roboten bidezko proiektu batean
2023/06/02 eta kitto!
Tekniker zentro teknologikoak Aernnova enpresarako proiektu batean parte hartzen du, hain zuzen ere, Berantevillako (Araba) lantegian aireontziak muntatzeko hainbat eragiketatan erabiltzen dituen roboten doitasuna hobetuko duen soluzio bat diseinatzen. Doitasun- eta metrologia-ingeniaritzan espezializatutako Teknikerreko ikerketa-taldeak aeronautika konpainiak gidatutako ekimen horretan laguntzen du bere ezagutzarekin eta esperientziarekin.

Teknikerrek "Aernnovaren roboten karakterizaziorako eta zulaketa edo mihiztatze prozesuetan denbora errealean aplikatzeko soluzio kustomizatu bat garatuko du", Unai Mutilba proiektuko ikertzaile arduradunak azaldu duenez. "Inplementazioak produkzio-bitarteko horien doitasuna hobetuko du, produktibitatea handituz eta produkzio-kostuak murriztuz", nabarmendu du Teknikerreko ikertzaileak.

Aernnova buru duen ekimena 2025ean amaituko da, eta aeronautika sektoreko lau enpresa txiki eta ertain ari dira parte hartzen. Teknikerren laguntza jasotzen dute, eragile teknologiko eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sareko kide gisa. Proiektuak Espainiako Gobernuko Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren laguntza du, CDTIren PTA2022 Programa Teknologiko Aeronautikoaren barruan.