Udalak “Nik Eibarren erosten dot” kanpaina abiatu du herriko merkataritzan eta ostalaritzan

Udalak “Nik Eibarren erosten dot” kanpaina abiatu du herriko merkataritzan eta ostalaritzan
2020/06/01 eta kitto!
Ekainaren 8an abiatuko du Udalak Eibarko merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk ematen dituzten establezimenduetarako erosketa-bonoen ekimen berria, “Nik Eibarren erosten dot” kanpainaren baitan. Kanpainaren koordinazio eta kudeaketaz Eibar Merkataritza Gune Irekiaren (EMGI) bulegoa arduratuko da, baina oraingo honetan parte hartu nahi duten establezimendu guztiek (EMGI-ko kide ez direnek ere) izango dute horretarako aukera, eskatzen dituzten baldintzak betez gero. Parte hartzeko, ekainaren 4rako atxikimendu-dokumentua sinatu beharko dute establezimenduek: agiria Udalaren web orrian eta www.nikeibarrenerostendot.eus webgunean dago eskuragarri eta, hori bete ondoren, info@eibarcentrocomercialabierto.com helbidera bidali beharko dute edo, bestela, zuzenean EMGIren bulegoan (Untzaga, 7 behean) entregatu. Zalantzaren bat izanez gero 943254083 telefono zenbakira deitu daiteke edo, bestela, info@eibarcentrocomercialabierto.com helbidera idatzi. Udaletik jakinarazi dutenez, “aste honetan zehar, kanpainaren ezaugarriak eta atxikitako establezimenduetarako erosketa-bonuak erosteko baldintzak jakinaraziko zaizkie Eibarko herritarrei”.