Udalbatzak datorren urteko zergak %2'4 igotzea onartu du

Udalbatzak datorren urteko zergak %2'4 igotzea onartu du
2012/10/23 00:00
eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 23) goizean kontrako boto barik Udalbatzak erabaki duenari jarraituta, udal tasek KPIaren araberako igoera (%2'4) izango dute datorren urtean. Salbuespena Kirol Patronatoko tasena izango da: horiek %10 igoko dituzte, "Kirol Patronatoaren instalazioak hobetzeko gastuek eragindako 800.000 euroko defizita gutxitzen joateko asmoz". Bestalde, berritasun modura eta Gipuzkoako udalerrietako askoren adibideari jarraituta, hutsik edo erabili barik dauden etxebizitzei (bertan inor erroldatuta ez dutenei) Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (IBI delakoan) %50eko igoera aplikatuko diete. Neurri horrekin etxea hutsik duten herritarrak alokairuan ipintzera animatu nahi dituzte. Orohar, eibartarrok ordaindu beharreko zergak Gipuzkoako beste herritarrek ordaindutakoen batazbestekoari jarraitzen dietela azaldu dute alkatetzatik.
Goizeko plenoan, tasetarako igoerak onartzeaz gain, Eibarko Hirigintza Plan Nagusian hainbat aldaketa egitea ere onartu dute: Otaola Hiribidean ospitala jasotzeko beharrezkoa den lurzoruaren gaineko behin-betiko aldaketari baietza eman diote. Eta, horrekin batera, Estaziño, Pagaegi eta Ibargain kaleek osatutako etxadia birrantolatzea erabaki dute, horrela Estaziño kaleko atzealdean kale horrekin paralelo joango den bidea egin ahal izateko. Bide berri horrek Estaziño kalearen hasiera Pagaegi kalearekin lotuko luke (Blas Etxeberria kalearen parean) eta, horri esker, bariantetik irtendako ibilgailuek hortik sarrera zuzena izango lukete eta, gainera, Estaziño kalea trafikoari itxi eta bakarrik oinezkoek erabiltzea ahalbidetuko luke.
Bilduko ordezkarien irakurketa
Eibarko Bilduk Udalbatza amaitu eta gero idatziz jakitera eman duenez, "tasen inguruko botazioan abstentzioaren bidea hartzea erabaki dugu, batez ere Diputazioak proposatutako aldaketa fiskal biak, Ondasun Higiezinen Zerga %50 igotzea eta milioi bat eurotik gora fakturatzen duten enpresei Jarduera Ekonomikoen Gaineko Zerga ordainaraztea, barruan sartzearen ondorioz. Neurri biak indarrean sartzeak Udalari 263.500 euroko diru-sarrera izatea ahalbidetuko dio eta argi lagatzen du, gainera, Diputazioaren politikaren helburua ondasunak banatzea eta era berean Udalei laguntzea dela".