Udaleko beharginak haserre Gabonetako ordainsaria ez dietelako ordainduko

Udaleko beharginak haserre Gabonetako ordainsaria ez dietelako ordainduko
2012/12/12 eta kitto!

Eibarko Udaleko enpresa batzordeak, udaleko beharginen batzordearen izenean, Gabonetako ordainsaria ez ordaintzeko udaleko gobernu taldeak hartutako erabakiarekin desadostasuna agertzeko agerraldia egin du gaur (eguaztena, hilak 12) eguerdian. Beharginen ordezkariek azaldu dutenez, "ordainsarietako bat ez ordaintzeak gure soldatak aurten %7'14 jaistea eragingo du. Murrizketa hori aurretik dauzkagunei gehituz gero, azken urteotan gure eros-ahalmena %20 jaitsi da". Gainera, 3 urteetan jarraian eurei soldata jaistearen helburua "aurrekontuko beste partida batzuetara bideratzea eta ez lanpostu berriak sortzeko erabiltzea" dela salatu dute.
Alkateak hartutako erabakia prentsan nola justifikatu duen harrituta agertu dira: "Soldatak %7'14 jaitsi eta, guk hala eskatuz gero datorren urtean 3 ordainsari jasoko ditugula esateko azkar ibili da. Datorren urtean ez dugu aurten baino gehiago irabaziko, baina soldata berriz jaisteko aukera ez dugu baztertzen. Bestalde, prentsan ez dugu ikusi agintariek euren soldatekin zer egin behar duten, ordainsaria jasoko dute? 2011. urtean, udal hauteskundeak igaro eta, gure soldatak izoztuta zeuden bitartean eurenak %4'5 eta %5 bitartean nola igotzen zituzten ikusi genuen. Gobernu batzordea osatzen dutenetatik %77'8k dedikazio osoa daukate, hau da, 9tik 7k udalaren soldata jasotzen dute eta 2012ko uztailean, gure soldatak jaistekotan zebiltzaten bitartean, udalak liberatu bariko zinegotzi bik kobratutako dietak igo zituzten".
Horiek guztiak azalduta, krisia ez dutela eurek eragin eta, beraz, ez dutela eurek ordaindu nahi esanda amaitu dute prentsaurrekoa.