[ELKARRIZKETA] “Eguneko 24 orduak ematen ditut nire buruarekin, gorputzarekin eta emozioekin lanean”

[ELKARRIZKETA] “Eguneko 24 orduak ematen ditut nire buruarekin, gorputzarekin eta emozioekin lanean”
2021/06/14 eta kitto!
24 urteko dantzari gazteak gogor egin du lan bizitza osoan zehar zaletasunetik harago iristeko. Izan ere, 18 urte besterik ez zituela Madrilera alde egin zuen bere ibilbide profesionala garatzeko asmoz. Egindako lanak fruituak ematen dituela ohartu da Gaizka Morales, duela gutxi Alemaniako konpainia ospetsu batekin lankontratua sinatu baitu.

Sare sozialetan zeure burua “Bailarín en continuo aprendizaje” moduan deskribatzen duzu. Zergatik?

Pandemia dela eta lan finko gabe egon naizenez, “freelance” moduan ibili naiz batetik bestera nire kabuz. Horregatik diot etengabeko ikasketa batean nagoela, unean uneko proiektuetan ibiltzen naizelako lanean.

Dantza ogibide edo zaletasun daukazu?

Momentu honetan esan dezaket dantza nire bizimodua dela, ogibidea. 18 urte nituela abiatu nintzen Madrilera dantza garaikideko formazio profesionaleko ikasketak egitera “Danza180” eskolan, eta, horrez gain, ballet klaseak ere jasotzen nituen beste akademia batzuetan. Poliki-poliki lan-mundura jauzi egin eta noizbehinkako proiektuak egiten hasi nintzen. Bi urte eman nituen Bartzelonako konpainia gazte batean (IT Dansa) dantzari gisa lanean. Egun, besteak beste, Arriaga Antzokiko “Los siete pecados capitales” operan dihardut lanean, “Metamorphosis Dance” konpainiaren koreografiarekin.

Zein dantza-genero lantzen duzu?

Dantza garaikidea eta ballet klasikoa egiten ditut nire egunerokoan; baina, oinarri klasikoa jartzen diot egiten dudan guztiari.

Noiz eta zergatik hasi zinen dantzatzen?

12 urte nituela hasi nintzen Nerea Lodosaren dantza-eskolan dantzaren munduan lehen urratsak ematen. Ordura arte ez nuen dantza ezagutzen, ez nekien zer zen ere, baina eskolak jasotzen hasi nintzenean niri mundua zabaldu zitzaidan, izugarri gustatzen zitzaidalako egiten nuena. 18 urte egin arte jarraitu nuen bertan, baina zaletasun moduan hartzen nuen dantza Madrilera abiatu nintzen arte. Esan dezaket dantzan hasi nintzenean berehala ohartu nintzela hori zela nire pasioa eta horretara eskaini nahi nuela nire bizitza.

Zenbat denbora eskaintzen diozu dantzari egunerokoan?

Egunero zazpi edota zortzi ordu ematen ditut entseguetan; denbora asko eskaintzen diot dantzari. Unean uneko egoeraren araberakoa izaten da: lanean baldin banago, beste edozein lanetan moduan, zortzi orduko entseguak egiten ditut; langabezian banago, ordea, nire kabuz hiru ordu inguru eskaintzen dizkiot egunero. Entseguetan ematen ditudan orduez gain, denbora asko eskaintzen diot nik neuk nire buruarekin lana egiteari: luzaketak, masajeak… Eguneko 24 orduak ematen ditut nire buruarekin, gorputzarekin eta emozioekin lanean.

PHOTO-2021-05-14-12-27-33

Badaukazu aurrera begirako proiekturik aurreikusita?

Datorren urterako lan-eskaintza zoragarria jaso berri dut Alemaniako “Dresden Frankfurt Dance Company”tik, eta bertara joateko gogotsu nago, erronka profesional handia baita niretzat. Lehen aldia da dantzari roletik lan-baldintza duinak eskaintzen dizkidatena: urte osorako kontratua, lanaldi osoa, hilabeteroko soldata finkoa… Espainian imajinaezina da horrelako baldintzak eskaintzea dantzariei eta ezinbestean jo behar dugu atzerrira gure ibilbide profesionala garatu nahi badugu.

Zure ibilbide profesionalean zehar ingurukoen zein gizartearen babesa sentitu duzu?

Zorionez, familia eta lagunak beti izan ditut alboan eta bidelagun izan dira nire erabaki guztietan. Inoiz ez dut gutxiespenik sentitu ingurukoengandik ezta gizartearen aldetik ere. Denborarekin gero eta lorpen gehiago ari naizenez egiten, oso pozgarria da ingurukoak zutaz harro daudela ikustea.

PHOTO-2021-05-14-12-29-51

Zein egoeratan dago dantza garaikidea herrialde mailan?

Dantza garaikidea egiten dugunok oso egoera kaxkarra daukagu Espainian, ez baitago lan-baldintza duinik eta ez delako inbertsiorik egiten esparru horretan. Dantzarioi ez zaigu merezi dugun garrantzia ematen eta azkeneko postuetan kokatzen gaituzte: lankontratu laburrak, soldata baxuak…

Etorkizun hurbilari begira, zein da zure asmoa?

Momentu honetan datorren urterako sinatuta daukadan lanean besterik ez dut pentsatzen, lehen aldia izango baita Europa mailara irtengo naizena. Urte batzuetan zehar Europako alde batetik bestera mugitzen ikusten dut nire burua, nire alderdi profesionala garatzen dantzari moduan.

Non ikusten duzu zure burua 20 urte barru?

Egia da orain arte ez dudala horri buruz asko hausnartu, baina ziurrenik “etxera” bueltatuko naiz; ez dakit Euskal Herrira edo nora, baina nire ingurura behintzat. Agian klaseak ematera edo baliteke nire konpainia sortzera bueltatzea, nork daki! Momentuz buruan ez daukat hain denbora luzeko planik.

PHOTO-2021-05-14-12-29-51 (1)