MIKEL LARRAÑAGA (Eibarko alkate-ohia): "Euskeria mundu digitalian sartzia izango da hurrengo erronka”

MIKEL LARRAÑAGA (Eibarko alkate-ohia): "Euskeria mundu digitalian sartzia izango da hurrengo erronka”
2022/12/23 eta kitto!
1982ko abenduaren 21ian siñatu eban euskaldunak euskeria erabiltzia helburu zekan bandua Mikel Larrañagak, orduko alkatiak. Euskeraz jakin arren, eibartar askok gazteleraz egitten ebela ikusitta, hori zelan kanbixau pentsatzen hasi, eta sasoi bateko pregoiak tresna egokixa zirala pentsau eben.

Nola sortu zan bandua kaleratzeko ideia?
Kalera urtetzen zenduan eta nabaritzen zan euskeria ez zala larregi erabiltzen. Andrak, edo gizonak, ume artian, euren artian erderaz, eta umieri euskeraz egitten. Garbi zeguan jente horrek bazakixala euskeraz, baiña ez zebela euskerarik erabiltzen. Hori dala eta, pentsatzen genduan zeozer egin biharra zeguala, eta hori izan zan bandua sortzeko arrazoia. Gero, hortik aurrera, zelan gauzatu hori? Zer egin jendiarengana mezu hori eruateko? Euskeraz ibilli bihar dala, besterik ez. Hori dala eta, egin genduan abenduan zihar hainbat ekintza, hitzaldixak, mahainguruak eta abar, Bernardo Atxaga, Juan San Martin… Orduan be konturatzen giñan hor, pleno aretuan egitten ziran hitzaldi gehixenak, baiña hor esaten zana hor barruan geratzen zan. Hor barruan 200 pertsona baziran, hor barruan geratzen zan mezua. Aiuntamiento batetik ez zeban urtetzen. Eta, urtetzekotan be, neurri txiki batian. Eta horrekin ez genduan betetzen geure helburua, hau da, euskeria eibartar bakotxari, bere buru barrura, geure mezua eruatia. Nola gauzatu bueltaka, hor izan genduan Bilboko Paradox enpresaren laguntza. Jente kreatibua, oso potentia, eta hainbat eta hainbat billera eurekin izan eta gero, ba, afalondo batian, parrandan, etxera juan ezinda, azkenengo orduan, hor, Txoko-Saioa inguruan, bonbilla bat piztu eta esan genduan: “Kontxo! Hamen tresna aproposena bando bat da, garai bateko banduak.

Bandua bai, baiña berezixa...
Hortik aurrera, kreatibuak izan ziran asmatu zebenak letra txikixarekin hasi eta haundixarekin bukatu, erderaz hasi eta euskeraz bukatu… Eta hala, gaur dirala 40 urte kaleratu zan bando hau, eta 40 urte pasau eta gero beste bando barri bat agertzen da. Horrek esan nahi dau mantendu egin dala 40 urtian izpiritu eta helburu hura. Eta neurri haundi baten zeueri […eta kitto!-ri] esker, Fernando Muniozguren eta beste batzueri esker, …eta kitto! ez da egon ixillik 40 urtian, astero-astero kaleratu egin da. Hori neretzat oso inportantia izan da. Noraiño, ze eragin izan daben banduak… Nik hori ez dot neurtu, ez dakat jakitterik, baiña nik oso inpresiño ona daukat.

Oihartzun haundixa euki eban banduak, Eibarren ez eze, hamendik kanpora be.
Bai, Euskal Herriko aiuntamiento guztietara bialdu genduan, eta handik jasotako erantzuna oso positiboa izan zan. Danak zoriontzen, eskerrak emoten... Benetan inportantia izan zan. Eta emoten dau Euskal Herritik kanpora, beste naziño batzuetan be bueltaka ibilli izan dala.

 Oin dala 40 urte kaleratu zan bandua eta oin aurkeztu dabena konparatuz gero, alderik haundixena bertan agertzen diran hizkuntzen aniztasunian egon leike, ezta?
Garai hartako gizartia eta gaur egunekua konparauta, ez dake zerikusirik. Gure bandua, “euskeraz eta kitto” bandua zeguan bideratuta Eibarko jentiari, besterik ez. Eta bando honek dakan inportantiena da, neretzat, ez dala bakarrik eibartarrontzat eta euskaldunontzat. Lehengua Eibarko euskalduneri euskeraz egin bihar dala esateko zan, eta barri honek Eibarko herritar guztieri esaten detse euskeria erabiltzeko. Kanpotar guztiak gonbidau egitten dittu euskeria erabiltzera. Hor dago, neretako, aldaketa inportantiena. Gizartiaren aldaketia, azken fiñean.

Euskeria gehixago erabiltzia lortu nahi zan, eta 40 urte pasau eta gero hamen segitzen dogu, burruketan. Zelan ikusten dozu euskeria gaur egun?
Nik uste dot hobera egin dabela. Etxe-barruan billobekin, eta inguruan daguazen beste umiekin ikusten dotena zera da: ume bat, famelixa euskaldun batian jaixotzen dana, beran lehelengo urtiak euskera hutsian egitten dittu, aillegatzen da ikastolara askotan erderia ezagutu barik. Poliki-poliki beran mundura juaten dira sartzen erderia, inglesa eta bihar diranak, hori hala izan bihar da. Baiña aillegatzen da momentu bat, umiak sartzen diranian mundu digitalian, euskeriak atzera  egin eta erderiak euskerian lekua hartzen dabena. Eta, nahiz eta ikastolako umiak izan, famelixa euskaldun bateko umiak izan, bizitza osuan euskeraz ibilli, momentu horretatik aurrera erderia nagusi da. Pentsatzen dot hor daguala hurrengo aldarrikapena edo erronka. Azkenian da euskeria mundu digitalian sartzia, bestela honek umiok juan egingo jakuz. Dana dala, ez neuke nahi azken mezu ezezkor, negatibo bat emon. Ze, kontuak etara, guk, gerra ostekuok ezagutu dittuguzen oztopuak, eta horrek danok gainditu egin izan dittugu. Begira, Eibarren Ez Dok Amairu taldia ekarri genduala 55 bat urte izango dira. Arrateko Kulturalak, ni han nenguan, batzordian, eta Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Benito Lertxundi eta abar etorri ziran. Kantaldi hori Teatro Amayan egin zan eta, baimena lortzeko, Gobernu Zibillera juan bihar giñan, abesti guztien letria eruan, itzuli, eta horrekin baimena emoten zeskuen. Horren gaiñetik pasau bagiñan, eta gagozen momentura iritsi bagara, 40 urte barru ni seguru nago aurrerapen haundixagua egingo dogula.