Agurne Gaubeka: Gure hizkuntza eskubideak baldintzatuak eta mugatuak daude”

Agurne Gaubeka: Gure hizkuntza eskubideak baldintzatuak eta mugatuak daude”
2023/05/15 11:29
eta kitto!
Maiatzaren 17an, eguaztena, Agurne Gaubeka Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izango dugu Eibarren hizkuntza eskubideen inguruko hitzaldian. Errebal Plazan izango da, 18:30ean, eta ekitaldia herritar guztientzat zabalik egongo da, dohainik.

Maiatzaren 17an Eibarren izango zara, Eibarren AKEBAIk gonbidatuta. Zertaz jardungo duzu?
Hizkuntza eskubideez ariko gara, zehazki euskaraz bizitzeko eskubideaz eta egun dugun egoeraz. Kontuan izan behar dugu euskarak estatus eta babes ezberdinak dituela Euskal Herriko eremu ezberdinetan, baina lege eta arau ezberdinez gaindi hizkuntza eskubideak oinarrizko giza eskubide bezala defendatzeak duen garrantziaz hitz egingo dugu.

Zeintzuk dira Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren zeregin nagusiak?
Herritarren euskaraz bizitzeko eskubidearen defentsa egiten dugu eremu publiko zein pribatuan eta gure jarduna Euskal Herri osoan burutzen dugu (euskararen lurralde osoan). Behatokiak “Euskararen Telefonoa” izeneko tresna edo zerbitzua jartzen du herritarren eskura: doako zerbitzua da eta herritarrek euskaraz bizitzen saiatzerakoan dituzten bizipenak edo oztopoak helarazten dizkigute (kexak, zoriontzeak edo kontsultak ere jasotzen ditugu) eta horiek guztiak dagozkienei bideratu eta aldaketak eragiten saiatzen gara, herritar eta entitate ezberdinen arteko bitartekari lanak egiten ditugu aldaketa horiek bultzatze aldera. Bestalde, jasotako guztiekin urteko txostena osatzen dugu eta horrek urtez urteko argazkia, egoera eta aurrerapauso edo atzerapausoak detektatzen laguntzen digu. Era berean gure jarduera aurrera eramateko herritarrekin harreman zuzena mantentzeaz gaindi, kolektibo, eragile, erakunde zein enpresa ezberdinekin ere harremanak garatzen saiatzen gara, azkenean hizkuntza eskubideen babes eraginkorra lortzeko beharrezkoa delako guztien artean aldaketak eragitea. Bestalde, garrantzitsua da gure irakurketak Europako Kontseilura helaraztea ere (Erregio edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Gutunaren betetzean eragiteko) eta Europako beste gutxiagotutako hizkuntza batzuen alde lan egiten duten elkarteekin harremanak izatea, hori ere gure zereginen barruan sartzen dugu.

Duela gutxi `Hizkuntza Eskubideen Egoera 2022´ txostena aurkeztu duzue. Zeintzuk dira txostenaren ondorio nagusiak? Zein izan da azken urteotako bilakaera?
Beste behin herritarrek euskara erabiltzeko dituzten oztopoak nabarmendu dituzte, bai eremu publikoan baina baita eremu pribatu edo sozioekonomikoan ere. Azkenean, herritarrek nabaritzen dute euskara erabiltzeko determinazioa izan arren edo euskarazko harremana aukeratu arren, espazio askotan ez dela hori behar bezala bermatzen eta une askotan baldintzatzen dela. Gainera, askotan euskarazko eskaintza faltak ere era nabarmenean eragiten du herritarren hautuan. 2022an euskaraz kontsumitzeko ditugun espazio urriek ere zeresana eman dute.

Zein arlotan urratzen dira gehienbat euskaraz bizitzeko eskubideak?
Arlo zehatzei dagokienean, eremu publikoan administrazio zerbitzu orokorretan, osasungintzan, segurtasunean eta Espainiako administrazioekin izandako harremanetan emandako urraketak nabarmendu ziren, baina hainbat udaletako zerbitzuetan ere oraindik hutsune handiak nabaritu zituzten herritarrek. Eremu pribatuari dagokionean, merkataritza gune handietan detektatu genituen urraketa gehien, baina aisialdiari lotutakoak edo interes orokorreko zerbitzuetan (energia hornitzaileak, garraioa, telekomunikazioa) emandakoek ere arreta deitzen dute. Bestalde, kontuan izan behar dugu urraketarik salatu ez arren, oraindik euskaraz bizitzea ia ezinezkoa den beste hainbat eremu ditugula, herritarrak zuzenean gaztelania edo frantsesa erabiltzera behartu dituztelako.

Herritarrok gure hizkuntza eskubideen kontzientzia daukagu? Eta kontzientzia hori edukita ere, zergatik egiten diegu uko maiz gure eskubideei?
Ez da erraza kontzientzia izatea eta, behin hau izanda ere, toki guztietatik euskara bigarren mailan edo ikusezin egiteko erabakiak daude atzean. Gure eskubideak baldintzatuak eta mugatuak daude, bai legediak berak babes nahikoa eskaintzen ez digulako, gizartean eta erakunde askotan behar bezalako aitortza falta delako edo egiten den euskarazko eskaintza beste hizkuntzetakoa baino askoz urriagoa delako, horrek guztiak euskaraz kontsumitzea edo zerbitzuak jasotzea, euskaraz lan egitea edo euskaraz ikasteko dugun eskubidea mugatu egiten du, eta gure kontzientzia ere muga horien azpian kokatzen dugu askotan.

Azken hilabeteetan hizkuntza eskubideak murriztu dituzten sententziak izan ditugu. Zer esan dezakezue horren aurrean?
Sententzia horiek euskararen normalizazioaren aurka eta herritarrek euskaraz bizi ahal izateko berme-neurrien aurka egiten dute. Euskarazko zerbitzuak bermatzeko neurriek beste eskubide batzuk urratzen dituztela irudikatu nahi da, baina horren atzean euskaraz bizitzeak gaztelaniaz bizitzeak baino aitortza eta garrantzi gutxiago duela pentsatzea legitimatu nahi dute. Sententzia horiek, euskararen kontra baino, zerbitzuak jaso behar dituzten  herritarren berdintasun printzipioaren kontra doaz, herritarren oinarrizko eskubideen kontra. Horrelako erabakiek ondorio zuzenak dituzte egungo zerbitzuetan zein etorkizunekoetan.