Javier Goikoetxea: ”Bizi duguna ez da krisi ekonomikoa, balioen krisia baizik”

Javier Goikoetxea: ”Bizi duguna ez da krisi ekonomikoa, balioen krisia baizik”
2016/04/15 eta kitto!
Guztion Onerako Ekonomia defendatzen duen taldea Portalean elkartzen da hilean behin, eta Eibarko herritarren eta talde eragileen parte-hartzea bilatzen du. Nazioarte mailakoa den eredu ekonomiko honek Euskal Herrian gero eta presentzia handiagoa du. Guztion Onerako Ekonomiak konpetentziaren aurrean   elkarlana indartzea bilatzen du. Javier Goikoetxea eibartarra BIKOnsulting  aholkulari kooperatibako kidea da eta, aldi berean, pixkanaka Eibarren ezagutzera ematen ari den iniziatiba honen sustatzaileetako bat da. Guztion Onerako Ekonomiaren nondik norakoak ezagutzeko berarekin egon gara.

- Bikonsulting-en baino lehen multinazional bateko salmenta buruzagitzan jardun zenuen. Zerk eragin zuen aldaketa hori?
Ia egun batetik bestera aldatzen duen edozein pertsonari gertatzen zaion bezala, arrazoi traumatikoengatik egin nuen aldaketa. Zerbait psikologikoa izan zen. Multinazionalean, egia esan, denbora gutxi egon nintzen, urtebete inguru. Aurretik urte batzuk langabezian pasa nituen.​ Sasoi horretan oso egoera konplikatua eta kritikoa bizi izan nuen eta, ondorioz, murgilduta gauden sistemarekiko gogoeta eta espiritu kritikoa sortu zen nire baitan. Gauzak beste modu batean ikusten hasi nintzen. Orduan heldu zitzaidan multionazional horretan salmenta-buru bezala jarduteko aukera. Nire bizitzan aldaketa bat egiteko beharra argiago ikusi nuen urte horretan: lortuezinak ziren salmenta emaitzak ez lortzeagatik kalera bota behar izaten nituen nire taldeko kideak, eta horrek gaixotu egiten ninduen. Ivan nire lagunaren deiaren ondoren gogoeta- eta bilaketa-prozesu sendo baten sartu ginen, gizartea horren gaizki egotearen arrazoiak bilatzen hasi ginen. Lotsatuta nengoen, ikusten nuelako sistemak nire ADNan sartuak zituela nik inola ere onartzen ez nituen balioak. Horregatik pentsatzen dut bizi duguna ez dela krisi ekonomikoa, balioen krisia baizik. Gogoeta guztien ondorio bezala sortu genuen BIKOnsulting.

- Guztion Onerako Ekonomia gaur egun daukagun eredua baino hobea dela esaten duzue. Zergatik da horrela?
Guztion Onerako Ekonomiak kapitalismoa eta komunismoaren arteko dikotomia gainditzen du. Ekonomia "berrien" artean dago. Agian ez da hoberena izango, baina bai holistikoena: jadadik dauden ekonomiak batzeaz gain, tresnak gehitzen ditu. Gaur egun daukagun ereduarentzat garrantzitsuena da, modu gordinean konpetituz, gehienezko etekina lortzea; eta Guztion Onerako ereduan, berriz, guztien onura diruari gailentzen zaio, hau da, irabazi ekonomikoak hor egon behar du, baina bitartekoa edo baliabidea izan behar du, eta ez helburua. Gainera elkarlana bultzatzen du. Guztion Onerako Ekonomiak hiru ardatzen (ekonomia, gizartea eta ingurugiroa) arteko jasangarritasuna bilatzen du, giza duintasuna, justizia soziala, jasangarrritasun ekologikoa, elkartasuna, gardentasuna eta parte-hartze demokratikoa bezalako balioak erabilita.

- Eibarrendako ideiak badauzkazue...
Proiektua herritarrek beraiek sortzea nahi dugu, gu laguntzaileak izango gara. Eibartarrek zer nahi duten entzun egingo dugu. Eurek esan beharko digute zeintzuk diren dauzkaten kezkak eta zeintzuk diren hobetu nahi dituzten gauzak. Herritarren parte-hartzea handiagoa den heinean emaitzak hobeak izango dira. Horretarako Eibarko Hiriaren Guztion Oneraren Behategia sortuko dugu, baina hori baino lehen ahalik eta erantzun gehien lortu behar dugu. Horretarako hasierako inkesta sortu dugu parte hartu nahi duten guztientzat:
Lan-taldean parte hartu nahi duten guztiek ateak zabalik dauzkate. Hilero Portalean elkartzen gara. Bileren egutegia gure webgunean dago: www.ebceuskadi.org. Horretaz gain apirilaren 19an ere Eibarren egongo gara Alternateibar-ek antolatutako hitzaldi bat ematen.

- Zelako etorkizuna antzematen diozu gure herriari?
Oso baikorra naiz, Eibarko elkarte eta talde politikoek iniziatina hau begi onez ikusi baitute. Gainera, Euskadin lanean daramatzagun hiru urteetan, Udalaren eta talde politikoen aldetik beti erraztasunak izan ditugu Eibarren bilerak eta jarduerak egiteko. Orain da herritarren ordua eta hau euren aukera da. Iraganean Eibar bere burua eraikitzeko gai izan zen bezala, ziur gaude orain ere eibartarrak euren proiektua lantzeko gai izango direla.