Patxo Telleria (antzerki-zuzendaria): “Thrilerraren intrigak publikoa harrapatuko du”

Patxo Telleria (antzerki-zuzendaria): “Thrilerraren intrigak publikoa harrapatuko du”
2017/02/07 eta kitto!
Patxo Telleria autore eta zuzendari lanetan datorkigu “Zergatik Jamil?” obran. Mikel Martinez eta Eneko Sagardoy dira thriller honetan parte                     hartzen duten aktoreak eta pertsonaien profilengatik ondoen egokitzen  diren aktoreak direla adierazi du Telleriak, eta beraz berak oraingoan ez duela taula-gainean “tokirik”. Autorearen esanetan, obra publiko zabal bati eskainia dago baina bereziki harritu du 15-16 urtetik gorako gazteengan izan duen harrerak. Antzezlana barixakuan. otsailaren 10ean, ikusi ahal izango da Coliseoan, 20:30ean, 10 euroko sarreraren truke (Coliseoaren Laguna 7€).

– Zer kontatzen du “Zergatik Jamil” antzezten duzuen obrak?
Thriller baten moduan egituratuta dago antzezlana. Tramari dagokionez, ustezko hiltzaile bat dago, Magrebeko jatorria duen gaztea. Kartzelan dago berak zaintzen zuen pertsona elbarritua “akabatu” eta gero. Konortea galdu ostean, oroimena ere galtzen du gazteak eta bere buruari galdera pila egiten dizkio, ez baita ezertaz gogoratzen, ez daki zer ezta zergatik egin duen ere. Zorabio eta ezinegon horretan murgilduta, hildakoa agertzen zaio eta bien artean, elkarrizketa zoro baten bitartez, iragana berreskuratzen dute. Aurreiritzi etnikoak eta heriotzari eta bizitzari buruzko hausnarketa landu nahi izan ditugu.

– Publikoak ere detektibe lana egin beharko du?
Bai, horrekin jokatzen dugu. Azken finean thriller batek egoerei aurrea hartzea eskatzen du, norberak bere usteak eta hipotesiak lantzea. Zer gertatu den eta zer gertatuko den imajinatzen dugu etengabe eta normalean aurreiritzi batzuk ditugunez, horiekin funtzionatzen dugu. Hala ere, autorearen lana da publikoa engainatzea eta bere kartak behin eta berriz ezkutatzea. Hainbat tokitan taularatu dugu jada obra eta ez dago publiko zehatz bati zuzenduta, teatroaz gozatzera animatzen den guztiarentzat egindako lana da. Normalean guk komedia erabiltzen dugu, zerbait kontatzeaz gaiz, jendeari antzerkiaz gozatzeko aukera emateko. Ez dugu jendea sufritzera eraman nahi, edota tesi bat ikustera. Kasu honetan thrillerraren intrigak publikoa harrapatuko du.

– Zein da lan honen helburua?
Mami apur bat daukan antzerkia beti egiten da barruak astintzeko helburuarekin, baina ez nuke handinahiegia izan nahi eta ziurrenik ez dugu inoren pentsamoldea aldatuko. Dena dela, nik uste dut gauza hauek onuragarriak izaten direla beti. Ez dugu helburu pedagogiko hutsekin egin, baina pedagogikoki oso egokia dela esan behar da eta gaiaren inguruko hausnarketa egiteak, sarritan balio izaten du bakoitzaren sentsibilitatea afinatzeko.