Agus Barandiaran, Korrontzi: “Koplen tradizioa gerturatzeko asmoarekin egin dugu taldearen hamargarren lan hau”

Agus Barandiaran, Korrontzi: “Koplen tradizioa gerturatzeko asmoarekin egin dugu taldearen hamargarren lan hau”
2021/01/11 eta kitto!
Agus Barandiaran Korrontzi taldeko trikitilariak azken urteotan Xabier Amurizarekin elkarlanean egindako “Koplariak” lana aurkeztuko dute Coliseoan hilaren 14an, datorren asteko eguenean, 19:00etan eta 20:30ean eskainiko dituzten funtzioetan. Korrontzi erraietara bueltatzen da horrela, euskal koplagintzari musika herrikoiaren barnean duen garrantzia agerraraziz. Sarrerak Coliseoko leihatilan lortu daitezke astelehenetan eta barixakuetan (17:30-19:30) eta hasi baino ordu erdi lehenago eta Kutxabank-en bitartez

 

Nondik nora doa zuen azken lan hau? Zertan desberdintzen da aurretik egin izan dituzuenengatik?

Aldaketa aipagarriena letrari, hitzari, eman diogun garrantzian dago, zalantza brik; orain arteko gure lanetan %90 instrumentala izan baita. Errepertorioa, jakina, beste modu batean hornitu dugu oraingoan. Eta Xabier Amurizak proposatutakoari jarraitu diogu: guk hasieran bertsoa bagenuen buruan, berak koplagintzara jotzeko gomendatu zigun eta horri jarraitu diogu. Bilakaera bat izan dugu, gure aurreko musika beste agertoki batzuetara eramateko nahiarekin, eta orain jatorrira jo dugu. Inoiz ez diegu eman orain arte letrei duten garrantzia, Korrontziren kanturik gehienak instrumentalak izan direlako. Nolabait gainditu gabe genuen asignaturari heldu diogu oraingoan. Orain arteko ibilbidean beti ahalegindu gara beste influentzia batzuk hartzen, gure musika kanpokoarekin batzen, sinfonika batekin diskoa kaleratu genuen. Makalaren elektronikarekin iaz “Topak” egitasmoarekin jardun genuen gure errepertorioaren errepasoa eginez. Ondo atera zen: Kopenhage ondoan jotzeko aukera izan genuen Euskal Herria ordezkatuz, eta Europa mailako musika tradizionaleko zerrenda batean hamar disko onenen artean sartu zuten “Topak” lana.

 

Xabier Amurizaren parte hartzeak zer eskaini dio proiektuari? Berarekin jarraitzeko asmoa duzue aurrerantzean?

Guztiz beharrezkoa izan da Xabier gure lan berri honetan, azkenean itxura eman diona ere bera izan delako. Bera barik ezin izango genuen halakorik kaleratu. Kopletariko asko berak sortutakoak dira eta beste asko berak bildutakoak. Tradiziozko letrak edo orain arte argitaratu gabekoak ere badira hor. Bera da gehien dakiena kopla munduan; guretzat erreferenterik handiena eta jakintsuena zen, eta argi genuen berarekin lan egin nahi genuela. Berarentzat ere musika eta mezua dira garrantzitsuena. Liburua eta diskoa horren guztiaren emaitza dira. Urtebete inguru da hitzaldi batzuk ere ematen hasi ginela elkarrekin gaiaren inguruan eta disko-liburua proiektuaren puntu gorenekotzat har genezake. “Koplariak koplari” proiektu paralelo horretan hitzaldi musikatuak eskaini izan ditugu, formatu txikian, lan honetan agertzen den materiala jendeari aurrez aurre azaltzeko. Eta, jakina, orain arte izan dugun elkarren arteko lankidetzarekin jarraitzeko asmoa dugu, hiruzpalau urte badaramatzat-eta dagoeneko berarekin.

 

Koplak jendeari gerturatzeko ahalegin berezia da egiten duzuena? Baztertu samar zeuden akaso?

Saiatu gara, bai, gure aldetik lan hori egiten. Trikitiaren munduan nire maisuak izan direnekin ere geroago konturatu naiz koplak abesten nituela, nik orduan jakin gabe. Bertsoa ere bai, baina batez ere kopla mundua oso lotuta dagoelako trikitiarekin. Askotan, jakin ezak bultzatuta, nahastu egin ditugu bertsoa eta kopla, eta alderantziz hartu ditugu gauza biak, ignorantziak dakarren kontuak dira. Amurizak arlo horretan ikaragarrizko ekarpena egin digu eta asko ikasi dugu berarekin, ikusteko aldi berean zein nahastuta geunden. Nire ibilbide guztian zehar bertsolariengana jo izan dut letra berrien bila, hori izaten delako trikitilarion biderik errazena. Orain ikasi dut zer desberdintasun dagoen: koplan errepikatu egin behar da mezua indartzeko, kopla bisuala izan behar dela dio Xabierrek.

 

Zelako publikoari doa zuzenduta? Gazte jendeak ondo erantzun du orain arte? Zenbat emanaldi eman dituzue?

Gure publikoa belaunaldi guztiek osatzen dute. Egia esateko, Korrontzik oihartzun handiagoa izan du hemendik kanpo. Hasi gure lehen lana Madrilgo diskoetxe batekin kaleratu genuela eta, ordutik, hamar urte hauetan gutxinaka hemen sartzen joan garen neurrian. Badago okerreko ikuspuntu bat, uste duena folka helduen kontua dela. Gure lanak erritmoz beteta daude eta gazte jendearengana gerturatzen saiatu gara. Gure musika tradizioa baino, tradizioan oinarritutako lan berriak direlako. Egia esateko, jende helduak bere bizitza guztian folkaren edo tradizioaren inguruko jakin-mina asetzeko modua izan du; gazteek, ordea, bidea badaukate ere, askotan bide hori ez dute hartzen. Gure musikaren edo gure kantu baten bitartez Maurizia Aldaiturriaga zein izan zen ezagutzen baldin badute, gure bidea egin dugu neurri batean. Durangoko Azokarako aurkezpena egin genuen lehenengo eta, jarraian, Bilboko Campos antzokian izan gara abenduaren 23an, Gasteizko Principal antzokian 30ean, aurreko zapatuan Alonsotegin izan ginen eta asteburu honetan Hondarribian izango dugu emanaldia. Hurrengoa Eibarren izango da.

 

Zein asmo duzue Eibarren aurkezteko? Jendeak zer aurkituko du bertan?

Disko berria aurkeztuko dugu, jakina, eta gure ibilbideko esanguratsuenek ere euren tokia izango dute gure ekitaldian. Musikari gonbidatuek tarte berezia izango dute kontzertuan, dantzariek ere euren esparrua izango dute... denetik izango da. Eta Xabier Amurizak beti dauka zer erakutsi eta plazera da berarekin egotea eta bera entzutea, abesten bezala baita azalpenak ematen ere.

 

Bizi dugun egoera bereziak zertan baldintzatu du zuen lana? Zelan egin diozue aurre?

Ahal izan dugun moduan moldatu gara. 2020. urtea indar handiz hasi genuen: AEBetan izan ginen, Txekian... Oso itxaropen handiak genituen, 70 emanalditik gora hitzartuta, baina pandemiak asmo gehienak zapuztu gintuen. Uztailean berriro ekin genion ibilbideari, baina handik gutxira berriro kantzelatu behar izan genituen emanaldi asko. Musikarion bizia zuzenekoari dago lotuta gaur egun neurri handi batean eta, jakina, pandemia txarrerako izan da. Orain berriz animoso gaude eta itxaropentsu ekiteko prest etorriko zaigunari. Aurretik kantzelatutako hainbat saio berreskuratzeko asmoa dugu eta astero jotzeko gogoarekin. Sektorea nola dagoen ikusita, ez gaude kexatzeko moduan