Ahoztar Zelaieta, kazetaria eta kriminologoa: “Euskal Herria toki estrategikoa da narkotrafikoarentzat”

Ahoztar Zelaieta, kazetaria eta kriminologoa: “Euskal Herria toki estrategikoa da narkotrafikoarentzat”
2020/02/28 eta kitto!
Astelehenean ez zen aulki bat ere libre gelditu Arrate Kultur Elkartean Ahoztar Zelaieta kazetari eta kriminologoak eskaini zuen hitzaldian. ‘El narco oasis vasco’ liburua aurkeztu zuen (2. edizioa kaleratu du dagoeneko), eta Euskal Herriaren eta narkotrafikoaren arteko loturak azaldu zituen. Gure lurraldeko ustelkeriaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu eta beste bat idazteko proposamena jaso du Zaldibarko zabortegian gertatutakoaren harira.

 

- Euskal oasia ameskeria hutsa besterik ez da?

Oasi izateko baldintza batzuk ematen dira Euskal Herrian. Ustelkeriaren eta narkotrafikoaren aurka egiteko tresna gutxi daude. Epaitegietan edo imajinario sozialean ustelkeriaren eta narkotrafikoaren inguruan dagoen erregistroa izebergaren punta besterik ez da. Hemen ustelkeria dago, baina urperatuta. Ia ez dago ustelkeriari eta narkotrafikoari buruzko erregistro judizialik. Ertzaintzak ezintasuna du horri aurre egiteko, gai horiek ikertzeko oso langile gutxi duelako eta daudenak espezializatu gabe daudelako. Gainera, fiskalak eta epaileek ustelkeriari aurre egiteko erramintarik ez dutela esan dute publikoki. Ustelkeriaren aurka borrokatzen bakardadea sentitzen duela aipatu du EAEko fiskal nagusiak, adibidez. Bere aurretik beste fiskal nagusi bat zegoen eta, hark esan zuenez, nahiz eta ustelkeriaren aurka salaketa asko egon, epaitegietara oso gutxi heltzen dira. Gainera, ustelkeriarekin nahastuta dagoen jende boteretsuak abokatu oso onak dituela salatu zuen eta, ondorioz, oso indartsu sentitzen direla justiziaren aurrean. Beste alde batetik, alderdi batzuek ez dute borondate legislatiborik ustelkeriari aurre egiteko. Ustelkeria ikertzeko ertzain gehiago zuzentzeko proposamenari edo ustelkeriaren aurka egiteko bulegoa zabaltzeari ezezko botoa ematen diote Legebiltzarrean, besteak beste. Beraz, bai, EHn oasia dago, baina zentzu horretan.

- EHk narkotrafikoaren Txapeldunen Ligan jokatzen duela esan izan duzu. Nola iritsi zen maila horretara?

Narkotrafikoaren bilakaerari buruzko ikerketa egin dut liburuan. Testigantza ugari jaso ditut, legearen alde batetik (poliziak, fiskalak, epaileak, abokatuak, erakundeak...) zein bestetik (narkotrafikoagatik inputatutakoak), eta baita dokumentu ugari ere (hemerotekatik, poliziaren oharrak, fiskalen akusazioak, sumarioak, sententziak...). Dokumentuetan hitz-gako batzuk azpimarratzen hasi nintzen eta hiru nagusitzen ziren: bitartekaria, alternatiboa eta estrategikoa. 80. eta 90. hamarkadetan EH bitartekaria zen narkotrafikoaren barruan. EH bitartekari bezala agertzen da dokumentuetan, Kolonbiatik edo Marokotik droga ekarri, Andaluziara edo Galiziara eraman eta Europara zabaltzeko. 90. hamarkadatik aurrera EH toki alternatiboa bihurtu zen drogaren saretzean, Andaluzian eta Galizian zegoen presio polizial eta mediatiko handiagoaren eta alarma sozialaren ondorioz. Azken urteotan, ordea, EH toki estrategikoa da narkotrafikoarentzat.

- Begien aurrean dugu narkotrafikoak EHn sortu duen aberastasuna?

Narkotrafikoaren dirua nola dibertsifikatzen den aipatzen dut liburuan. Narkotrafikoak eta prostituzioak ekarpen handia egiten diote EAEko Barne Produktu Gordinari (Ertzaintzaren urteko aurrekontua baino diru-kopuru handiagoa). Bestetik, narkotrafikoaren zuriketan bankuek duten papera azaldu dut. Gure bankuak ezinbesteko kolaboratzaileak dira narkotrafikoa loditzeko. Narkotrafikatzaileentzat bankuen kolaborazioa beharrezkoa da dirua zuritzeko, negozioa dibertsifikatzeko, paradisu fiskaletan lan egiteko, eta abar. Diru hori mezenasgoaren bitartez zuritzen da. Euskal Herriko ekitaldi kultural eta kirol-ekitaldi garrantzitsu asko mezenasgo baten esku datoz, eta mezenasgo hori EHko mafiari lotuta dago. Horrela, euren presentzia gizartean normalizatzen dute.

- EHn mafia badago, mafiaburuak egongo dira, ezta?

70. hamarkadan AEBra bizitzera joan zen bilbotar baten istorioa kontatzen dut liburuan, benetan existitu zen pertsona bat. 80. hamarkadatik 2017 urtera AEBko mafia italiarreko bi familiaren harreman zuzena izan zuen (bost familia nagusi daude) eta, bere ibilbideari jarraituz, EHko mafiaburuak aurkezten ditut. Ezezagunak ziren, ez genuen euren erretratorik, eta narkotrafikoko pertsonaia ospetsuekin lotu ditut (Sito Miñanco, Marcial Dorado...). 90. hamarkadan sei narkotrafiko sare zeuden EHn eta seirak zeuden Galiziako kapoekin lotuta. Galiziako kapoen argazkiak eta izenak baditugu, euren inguruan telesailak egin dira, baita liburuak idatzi ere, baina ez genuen gure kapoei buruzko erretratorik eta hori egiten saiatu naiz.

- Arazorik edo gainditu ezineko hormarik aurkitu duzu ikerketa prozesuan zehar?

Ikerketak egitean beti daude arazoak, baita norberarekin ere. Estereotipoak dituzu, iritzia eta datu errealak nahastu ditzakezu, mehatxu batzuk nola saihestu eta beste batzuei nola aurre egin aztertu behar duzu, eta abar. Liburu hau publikatu aurretik beste sei liburu publikatu ditut ustelkeria politikoaren inguruan, eta arazo larriagoak izan ditut ustelkeria ikertzen narkotrafikoa edo prostituzioa aztertzen baino. Narkotrafikoaren munduko jendeak kode bat dauka eta kode hori ulertzen baduzu, arazo gutxiago izango dituzu. Politikagintzan ez dago koderik eta inoiz ez dakizu nola erabili ahal zaituzten, iturrien interes erreala zein den edo azpijana nola egingo dizuten.

- Iturriak dira horrelako ikerketa-lanak egiteko gakoak?

Testigantzak eta dokumentuak oso garrantzitsuak dira, baina informazioa kontrastatzeko kriterioa edukitzea da garrantzitsuena. Horretarako entrenamendua behar da eta nik badut, 90. hamarkadatik arlo honetan lan egin dudalako. Garrantzitsuena ez da egia bilatzea, egia bilatzeko egiten duzun ibilbidea baizik. Bide horretan akatsak egin ditzakezu, ez zara egia biribila lortzeko gai, baina bide hori egin behar duzu, arduratsua izan behar duzu. Horrela eginez gero, iturriek errespetua izango zaituzte, ez dizute erabiliko eta dokumentu ezberdinetatik ondorioak ateratzeko gauza izango zara.

- Zein egoeratan dago ikerketa kazetaritzak gaur egun?

Tokian tokiko hedabideetan ikerketak egiten dira, baita hedabide handietan ere, baina kazetariek dute motxila gainean. Ez dago ikerketa kazetaritza lantzen duen kazetari talderik, ezta kontzientziarik ere, eta horrelako gaiak landu nahi dutenek bakardadean egin behar dute lan (ez ditugu afariak egiten, iturriak partekatzen, gaiak elkarrekin lantzen...). Gainera, kanpoko presioaz gain, kazetariek arazoak izaten dituzte barne presioen ondorioz. Hedabideak ikertua izaten ari den pertsona edo enpresa horren deia jaso dezake, publizitatea lortzea arriskuan daiteke, eta abar. Bestetik, hedabideen kultura aldatu egin da. Kazetaritza deklaratiboa egiten dute gehienek eta, horrela, hainbat orri erraz eta merke betetzen dituzte arrisku handirik hartu gabe. Zehaztasun kazetaritza pixka bat egiten da baita ere (boletinetan arakatzea, datu estatistikoetan bilatzea...), baina ez da ikerketa kazetaritza. Defizita dugu arlo horretan. Gaurkotasunaren diktadurapean egiten da lan hedabideetan, ez dago formakuntza espezifikorik ikerketa kazetaritzarako eta, autokritika eginez, hor gabiltzanok ez diegu transmisioa egin kazetari berriei.

- Zaldibarko zabortegiaren inguruan hainbat kontu aipatu dituzu Twiterren. Liburu bat idazteko beste dago gai horren inguruan?

Liburua idazteko proposamena jaso dut dagoeneko eta egunak aurrera doazen neurrian idaztea posible dela ikusten dut. Egunak pasatu, partiduak jokatu eta dramei irtenbidea eman ondoren, jendeak ogia erosten jarraituko du egunero bezala eta gai hau ez da sinergia indartsu bat bihurtuko sistema-eredu bati aurre egiteko, baizik eta arazo espezifiko bati aurka egiteko. Zaldibarkoa eredu baten ondorioa izan da. Zaldibarkoa beste toki batzuetan gertatzen da, baina inor hiltzen eta autobidea ixten ez denez, eredu horrek aurrera jarraitzen du. Zubietako erraustegiaren eta Zallako zabortegiaren inguruan sortu diren plataformak prest egongo lirateke liburuan kolaboratzeko eta gaia ikuspegi orokor batetatik lantzeko. Azken finean, EAEko gestio-eredu bati buruz berba egiteko.

Ahoztar Zelaieta392-2