Aiala Oronoz, ikerlaria: “Zigor-destakamentuen gaia ezagutzera eman behar da, ez delako batere landu”

Aiala Oronoz, ikerlaria: “Zigor-destakamentuen gaia ezagutzera eman behar da, ez delako batere landu”
2019/04/05 08:57
eta kitto!
Gipuzkoan (Irun, Errenteria, Donostia, Zestoa, Zegama, Itziar eta Eibarren) zazpi zigor-destakamentu ezarri ziren 1942 eta 1944 urte bitartean, eta 1.235 presok egin zuten lan bertan. Aiala Oronozek ‘A pico y pala’ liburua kaleratu du Irungo Nicolas Gerendiain elkartearekin elkarlanean, Irungo destakamentuaren inguruko ikerketa. Orain, Eibarko destakamentua du ikergai eta horren berri emango du hilaren 10ean 19:00etan Portaleko Areto Nagusian.

 

- Nolako zigor-destakamentuak egon ziren Eibarren?

Ikerketa irekita oraindik eta oraindik ez dut Eibarko kasuak zehatz-mehatz aztertu. Irungo destakamentu penala aztertu dut batez ere, baina fenomeno globala izan zenez, Gipuzkoako beste destakamentuak ikertzea ere beharrezkoa dela ikusi dut. Eibarko destakamentuak berezitasun bat du besteekin alderatuz, Suntsitutako Eskualdeen Zuzendaritza Nagusia izan zelako arduraduna, Gipuzkoako beste destakamentuez Ferrocarriles y Construcciones ABC enpresa pribatua arduratu zen bitartean. Oraindik ez dakit Eibarren lan egin zuten presoek nolako lana egin zuten zehazki, gerra osteko kalteak konpontzeaz gain beste obra publiko batzuk egin zituztelako. Irunen egin dudan antzera, Eibarren eta Gipuzkoako beste destakamentuetan presoen izenak eta testigantzak jasotzea da nire asmoa. Beraz, hitzaldian herritarrei gaia azaldu eta eurekin kontaktua egin nahiko nuke Eibarren gertatutakoa sakonki aztertzeko.

- Zenbat presok egin zuten lan Eibarko destakamentuan?

Dokumentu ofizialek diotenez 250 preso egon ziren 1942. urtetik 1994ra. Ez zegoen preso eibartarrik, Espainia guztitik etorritakoak ziren. Donostiko presondegira ekartzen zituzten eta handik Gipuzkoako destakamentuetara banatu.

- Non bizi ziren lanek irauten zuten bitartean?

Eibarko kasuan ez dakit, baina Irunen obren alboan zegoen hiltegi batean eta Errenterian merkatu zahar batean bizi ziren, adibidez.

- Eta lana amaitzen zutenean, zer?

Gauza konplexua da. Sasoi hartan presoen kopurua handia zenez, diktaduraren politikak asko aldatu ziren. Kartzelak gainezka zeuden. Orduan, preso batzuk destakamentu penaletara bidaltzen zituzten eta beste batzuk baldintzapean libre uzten zituzten. Obra asko ez ziren presoekin bakarrik egin, baita langile libreekin ere. Gero, libre geratzean, preso izandako asko Gipuzkoak geratu ziren bizitzen.

- Argia eman diozu ilun zegoen gai bati?

Ikerketaren emaitzak jasotzen dituen liburu bat kaleratu dut eta Irungo destakamentuan egon ziren 207 presoen izenak eta testigantza batzuk bildu ditut, besteak beste. Zenbaki eta datuez gain, presoen egoera nolakoa zen eta Gipuzkoara nola iritsi ziren ere jaso dut. Liburu hau abiapuntua da eta Gipuzkoako beste destakamentuetan gertatutakoa jasotzea da asmoa. Metodologia landuta daukat eta beste tokietako historialariekin kontaktua egitea gustatuko litzaidake elkarlanean aritzeko. Ezagutzera eman behar den gaia da, ez delako batere landu.

- Oztopo asko aurkitzen dira memoria historikoa berreskuratzeko?

Lehenengo arazoa dirua da. Diru-laguntzak behar izaten dira horrelako lanak egiteko eta Gipuzkoan jaso ahal ditugu, zorionez. Bestetik, artxibo batzuetan ezin da dokumentuetara iritsi, ez daudelako antolatuta eta publikoari zuzenduta kontsulta irekiak egiteko.

- Sistemak berak ez du errazten horrelako ikerketak egitea?

Borondatearen araberakoa da hori. Probintzia eta autonomia bakoitzak bere politikak ditu horrelako dokumentuak tratatzeko. Gipuzkoako Aldundiak probintziako artxiboaren ardura hartu du eta espedienteak eskuragarriago jarri dituzte, adibidez. Dena dela, honen inguruan lan egin behar da eta iristen zaren lekuraino iritsi, poliki-poliki.