Ainara Argoitia (Barren-eko kazetaria): “Gai sozialak dira gehien interesatzen zaizkidanak”

Ainara Argoitia (Barren-eko kazetaria): “Gai sozialak dira gehien interesatzen zaizkidanak”
2013/07/08 eta kitto!

- Espero zenuen halako saririk edo ezuste handia izan da?
Ezustea, baina polita. Handia niretzat, nire aurretik jaso dutenei erreparatzen badiegu batez ere. Euren ondoan edo atzetik egotea ohore handia da niretzat. Badakit zeintzuk izan diren sari hori irabazi dutenak eta luma onenak daude tartean, asko estimatzen ditudan kazetariak daude.
- Zure lau lan aipatu zituen epaimahaiak. Euretatik, zeinekin geratuko zinateke? Zein izan da gehien eman dizuna?
Asisko Urmenetari eta Otegiri egindako elkarrizketekin batera, epaimahaiak Pello Rubio “Txillarreri”  egindakoa eta 36ko gerraren inguruko erreportajea, azken bi horiek nabarmendu zituen batez ere. Pellori egindakoan, esango nuke berak eskainitako lehenengo elkarrizketa izateak indar gehiago izan duela, gauza berri askorik ez baitzuen kontatu. 36ko gerraren ingurukoak, bestalde, gehiago bete nau: lanketa handia eskatu arren, asko gozatu dut adineko jendearekin egotean... Etxean txikitatik izan dut gure belaunaldiko askok izan ez duten zortea eta banuen gerraren sasoiko berririk, frontea Barinagan egon zela-eta halakoak familiatik jasota. Eskertu nahiko nuke elkarrizketatuen prestutasuna, bizipen gogorrak gogorarazi behar izan dituztelako askotan, batzuk argitara ezin nituenak eman. Hala ere, askatu dira eta nik asko ikasi dut eurengandik.
- Zein erreportaje edo kazetaritza mota duzu gustoko?
Gai sozialak, batez ere; azken urteotan, dena dela, gai politikoei ere hartu diet gustoa. Lehen astunak egiten zitzaizkidan azken horiek, baina egunero lantzearekin batera, horiekiko gero eta gertutasun gehiago igarri dut. Hala ere, gai historikoak-eta gehiago betetzen naute. Kazetaritza pausatuagoaren aldekoa naiz, gure eguneroko lanean erraztasunik ez dugulako gauzetan sakontzeko: ez astirik, ezta lekurik ere, esparru hori indartzeko.
- Epe laburrera, zein lan gustatuko litzaizuke egitea? Zein erreportaje itxaroten?
Bada eskatuta dagoen erreportajea, egoera konkretu baten inguruko bizipenak-eta jasoko zituena. Une honetan, dena dela, ezin dizut gehiago aurreratu.
- Zelan ikusten duzu euskal kazetaritza orokorrean?
Nahiko ondo. Lan txukunak kaleratzen dira, eta bitarteko gutxirekin. Lan profesionala maila handikoa izanda ere, hizkuntza politika ingurutik esaten dena askotan ez da ondo ezkontzen gero benetan ematen duten laguntzarekin.
- Herri-aldizkariok betetzen dugun eginbeharren inguruan, zertan aldatu beharko genuke? Zertan eguneratu?
Hor ere lan profesional onak egiten direlakoan nago eta Rikardo Arregi sariek hori erakusten dute, oihartzun apalagoko sariak izan arren. Aldatzeko ere gauza askotxo egongo ziren; baina, egia esan, egunerokoak
jaten gaitu... Hori ere normala da astekaria bi lagunen artean egin behar denean. Bestelako atalak ere sortuko nituzke. Hala ere, lan txukuna egiten delakoan nago eta jendeak estimatzen duela, batez ere modu horretan beste inork eskaintzen ez duen herri-informazioa jasotzen dutelako.