Ainhoa Arroitajauregi (modeloa): “Esperientzia berria eta polita izan da, betidanik gustatu zait moda eta modelajea”

Ainhoa Arroitajauregi (modeloa): “Esperientzia berria eta polita izan da, betidanik gustatu zait moda eta modelajea”
2016/12/23 eta kitto!
Ainhoa Arroitajauregi, 17 urteko eibartar gaztea, ez da geldirik egoten dakien horietakoa. Bere pasio             handiena musika zela pentsatzen genuenean, bat-batean, modelo lanak ere ederto egiten dituela erakutsi du. www.arizonavintage.com atarian vintage eta amerikar estiloko sudaderekin posatu du, eta oso pozik dago izandako esperientziarekin. Batxillergoko 2. maila ikasten dihardu Ignacio Zuloaga institutuan.  Oraindik ez dauka oso argi Batxillergoa amaitu ondoren zer ikasiko duen, baina ikasketekin aurrera egiten duen bitartean, moda eta musikarekin ahalegintzen jarriatzeko asmoa daukala azaldu digu.

- Interneten zure argazkiak ikus daitezke. Nolakoa izan da esperientzia?
Azken urteetan nahiko ezaguna egin den denda da Arizona Vintage. Bilbon dago eta Instagram bitartez jarraitzen dut. Sare sozial horretan jendea animatzen dute eurendako modelo lanak egiteko. Niri erropa eta modelaje mundua gustatzen zaidanez, mezu bat bidaltzea pentsatu nuen. Instagramen ditudan argazkiak ikusi zituzten eta nirekin harremanetan jarri ziren. Hau gehienbat casting antzeko bat izan da. Bilbora joan nintzen, argazkiak atera zizkidaten eta euren webgunean jarri dituzte, beste neska batzuen argazkiekin batera. Oraindik ez didate esan eurekin lanean jarraituko dudan ala ez, baina oraingoz esperientzia polita izan da. Ez da gauza serioa izan, baina zeozerrekin hasteko ondo dago.

- Nolako erropak erakusten dituzu argazkietan?
Argazkietan sudadera desberdinekin agertzen naiz eta benetan politak dira. Niri asko gustatzen zaidan estiloa da. Bigarren eskuko erropak dira, beraz errepikaezinak. Vintage eta amerikar estilokoak dira.

- Gustatuko litzaizuke mundu honetan jarraitzea?
Oraindik ez daukat oso argi batxilergoa amaitzerakoan zer ikasiko dudan, baina karreratik aparte, moda edo moda diseinuari buruzko zerbait egin nahi dut. Moda, erropa eta modelaje mundua betidanik gustatu zaidan gauza da, eta egunen batean mundu horretan jardutea gustatuko litzaidake.  Oso zaila da, zerbait berezia ikusi behar dizute. Hau lehenengo pausua izan da eta ikusiko dugu aurrerantzean zer gertatzen den. Ni aukera guztiak aprobetxatzeko prest nago. Madrilen ikasi nahi dut, asko gustatzen zait eta oso lagun onak ditut han.

- Modaz gain, musika da zure zaletasunik handiena.
Bai, txiki-txikitatik abesten dut eta orain dela gutxira arte Eibarko Koru Gaztean egon naiz. Pena handia eman dit lagatzeak, urte asko eman ditut hor eta lagun asko egin ditut, baina orain ikasketetarako denbora gehiago behar dut. Jarraituko dut abesten nire kabuz, eta hor ere zerbait suertatzen bada ez dut ezetz esango. Musika mundua moda baino zailagoa da, baina talde edo garitoren batean jarduteko aukera sortzen bazait bertan egongo naiz.