Ainhoa Carmona, idazlea: “Sentimenduak daude liburuaren oinarrian”

Ainhoa Carmona, idazlea: “Sentimenduak daude liburuaren oinarrian”
2018/04/11 eta kitto!
Ainhoa Carmonak liburua argitaratu zuenean bazekien elkarrizketen txanda ailegatuko zela eta horrelakoetan urduri jartzen dela aitortu digu, baina bere liburuan murgiltzen garenean etengabe irteten dira berbak bere ahotik. Arimaren barrenera egin du bidaia ‘Polen del alma’ liburuan azaldutako ipuinak osatzeko, eta oso pozik geratu da. Gustora. Gainera, harrera ezin hobea izan du irakurleen artean. Horrela jarraituz gero, ohitu dadila elkarrizketak ematera. Eguenean, apirilaren 12an, liburua aurkeztuko du 19:30ean Portalean.

 

- ‘Polen del alma’ da liburuaren izenburua eta udaberriaren hasierarekin argitaratu da. Kasualitatea da edo badu zerikusirik?

Pentsatu gabeko zerbait izan da.

- Orduan, nondik dator izenburua?

Sentimenduak daude liburuaren oinarrian eta, tximeletek polenarekin egiten duten moduan, liburuko ipuin bakoitzean sentimenduak utzi ditut. Gaur egungo gizartearen egoerak sortzen dituen sentimenduak azaldu ditut. Gero, egoera horiei buelta ematen saiatu naiz eta gainditze istorioak kontatu ditut.

- Non aurkitu duzu inspirazioa?

Istorio batzuk ametsetatik abiatu dira. Amestu dudan zerbait hartu eta tira egin dut imajinazioaren laguntzarekin istorioak sortzeko. Bestetik, Pagatxak antolatutako sormenezko idazkera tailerretan parte hartu dut eta objektu batetik abiatuta istorioak idazteko ariketak egin ditugu. Orduan, tailer horietan idatzitakoak ere sartu ditut liburuan. Gero, jendeak kontatutako zerbait hartu eta ipuinak asmatu ditut. Batzuetan hasieratik dakit zer kontatuko dudan, baina beste batzuetan idazten dudan bitartean etortzen zaizkit ideiak eta harrituta geratzen naiz idatzitakoak hartzen duen itxurarekin.

- Nolako gauzak kontatzen dituzu?

Esan bezala, sentimenduak daude liburuaren oinarrian, baina egoera latzak ere kontatu ditut. Helduentzako ipuinak dira. Alkoholismoa eta genero indarkeriaren inguruan idatzi dut, besteak beste, baina beti buelta bat emanez, esperantzazko mezuarekin. Jendeak dio imajinazio handia daukadala, baina ez dut uste. Berez irteten zait gauza horiek idaztea.

- Zenbat ipuinek osatzen dute liburua?

Hogeita bederatzi ipuin dira eta ez dute bata bestearekin zerikusirik. Ipuin bi euskaraz idatzi ditut eta besteak gazteleraz daude.

- Nola hartu zenuen liburua idazteko erabakia?

Beti gustatu zait irakurtzea eta idaztea, baina idatzi gabe egon nintzen denbora askoan. Orain dela pare bat urte Pagatxako idazkera tailerrean hasi nintzen eta lehendik idatzita nituen idatziak erakutsi nituen. Klasekoei nire idatziak gustatu zitzaien, baina ez nuen hainbesterainokoa zenik pentsatzen. Tailerreko koordinatzaileak liburua argitaratzeko animatu ninduen. Durangoko Azokan amak liburu bat erosi zuen eta nire liburua argitaletxe horrekin kaleratzeko aproposa zela ikusi nuen. Argitaletxera jo nuen, nire testuak bidali nizkien, gustatu zitzaizkien eta hemen daukagu liburua!

- Nolako lana izan da liburua editatzea?

Berria eta estresagarria, baina oso polita. Argitaletxearekin oso gustora eta babestuta sentitu naiz.

- Eguenean liburua aurkeztuko duzu Portalean. Nolako ekitaldia izango da?

Zehaztu egin behar dut oraindik. Jendeak kalean gelditu nau liburuaren inguruan berba egiteko eta euren ametsa liburu bat idaztea dela esateko. “Ba zeren zain zaudete?”, esaten dut. Baliteke zentzu horretan zerbait irakurtzea aurkezpenean.