Ainhoa Garro (Ukrainako umea etxean izan duen eibartarra): “Hasieran hitz egiten genuen, baina zapatutik ez dakigu ezer”

Ainhoa Garro (Ukrainako umea etxean izan duen eibartarra):  “Hasieran hitz egiten genuen, baina zapatutik ez dakigu ezer”
2022/03/11 eta kitto!
Ainhoa Garro eibartarrak Ukrainako ume bat, Inna  Ilnytska, ekarri zuen hainbat urtez etxera, Txernobyl elkartearen bidez. Orain Innak 21 urte ditu, eta Ivankiven dago, Txernobyletik 50 kilometrora.  Azken egunetan ez dute lortu berarekin komunikatzea.

Noiz etorri zen Inna lehen aldiz zuen etxera?
2006an etorri zen, 6 urte zituela. Sei urtez etorri zen. Gaur egun 21 urte ditu eta arte eszenikoen ikasketak amaitzen ziharduen Ukrainan gerra hasi zenean. Naia gure alabaren adin berekoa da eta oso harreman estua izaten jarraitzen dugu Innarekin eta bere familiarekin. Bere ahizpa nagusia, Anna, 18 urte bete arte egon zen Euskal Herrira etortzen, Zarauzko familia baten etxera, eta orain ere han dago; bere semetxoarekin ailegatzea lortu du.

Eta zer dakizue Innari buruz?
Inna bere gurasoekin geratu da Ivankiven. Kontatu digunez, etxean daude, ez daukate babeslekurik, ez sotorik ez  ezer.  Ivankiv leku estrategikoa da. Kiev  eta Txernobyl artean dago, eta egoera oso konplikatua da. Inna guregana ekarri nahiko genuke, baina oraindik ezin da, eta eutsi egin beharko diogu gogo horri.

Zer kontatu dizue?
Komunikatzea ez da erraza.  Hasieran Instagram bidez komunikatu ginen, baina zapatutik ez dugu haien berririk. Egun asko dira. Etsigarria da. Oso kezkatuta gaude. Bere mezuetan esaten zigun  jendeak beldur handia daukala; ez dira etxetik irteten, errusiarrak edozeinen kontra tiroka hasten direlako. Etxeak suntsitzen ari dira. Ukrainaren historia biltzen duen Ivankiv Museoa ere suntsitu dute, komunikazio-dorrea apurtu dute eta baita herrian dauden bi zubiak ere.  Ivankiv leku klabea da, kokapenagatik eta nortasun kulturalaren sinboloak dituelako.

Beraz, herrian harrapatuta daude.
Guztiz isolatuta daude. Ezin dira bertatik mugitu, eta tropa errusiarrez inguratuta daude. Janaririk gabe gelditzen ari dira eta ezin dira kalera irten. Barixakuan berarekin hitz egin nuen, beti ere sare sozialen bidez, eta nahiko lasai zeudela adierazi zidan. Baina handik pixka batera esan zidan berriro ere tiroak entzuten zirela. Orain ez dakigu nola dauden.

Zer moduz dago ahizpa nagusia?
Anna orain Zarautzen dago bere umetxoarekin, Euskal Herriko bere harrera familiaren etxean. Poloniako mugatik atera  ziren, gauzak oso txarto jarri zirenean. Orain seguru daude, baina oso arduratuta Ukrainan laga duten familiagatik: gurasoak, ahizpa, senarra... Ezin da eurekin komunikatu eta oso gogorra egiten ari zaio. Esan didanarekin hunkituta nago: "Nire familia bizirik egongo den itxaropena dut". Oso gogorra da. Annak oso ondo hitz egiten du erderaz; izan ere, itzultzailea da. Baina bere lagun bat Alacantera iritsi da 12 eta 3 urteko seme-alabekin eta ez du hizkuntza ezagutzen. Bakarrik dago eta Annak lagundu nahi dio, Euskal Herrira ekarri nahi du, eta horretarako familia baten bila dabil.

Zelan zaudete zuek?
Tristura eta inpotentzia handia sentitzen dugu. Telebistako albistegiak ikustea oso zaila egiten zaigu. Innarekin harremanetan egon naizenean esan diot Poloniara hurbiltzeko eta guk lagunduko diogula hona etortzen, baina ezinezkoa da. Oraintxe bertan harrapatuta daude, eta komunikatzea ezinezkoa zaigu.

INNAren familia euskalduna Inna (ezkerrean) bere familia eibartar-mendarotarrarekin. Sei urtez egon zen udan Euskal Herrira etortzen.