Aitor Bastida eta Andoni Campos (klarinetistak): "Asko ikasten dihardugu Bandakoekin"

Aitor Bastida eta Andoni Campos (klarinetistak): "Asko ikasten dihardugu Bandakoekin"
2012/11/23 eta kitto!

- Zer moduz joan zen domekako kontzertua?
Oso ondo. Jende asko joan zen ikustera eta dena oso ondo irten zen, beraz oso pozik gaude.

- Bandarekin jendearen aurrean jotzen zenuten lehen aldia izan zen?
Ez, aurretik beste behin kontzertua eskaini genuen Coliseoan, apirilean. Eta hortik kanpora, sanjuanetan eta beste batzuetan ere ibili gara Cielito Musika Bandarekin batera jotzen, baina domekakoa berezia izan zen, Santa Zezilia kontzertua izateaz gain gure aurkezpen "ofiziala" ere izan zelako. Bestela, bada urtebete inguru Cielito Musika Bandako entseguetara etortzen hasi ginela.

- Nola animatu zineten bandan sartzen?
Nire kasuan (Aitorrek) familian bertan hasi ziren animatzen, izan ere familiako batzuk, aita tartean, bandan jardundakoak dira eta eurek animatzen ninduten gehien. Eta nik (Andonik) ba ikasten eta klarinetea jotzen jarraitzearren erabaki nuen bandara sartzea.

- Noiz hasi zineten musika ikasten?
8 bat urterekin, lehenengo solfeoko klaseetara joaten hasi ginen eta gero klarinetea ikasten jarraitu genuen Juan Bautista Gisasola Musika Eskolan.

- Eta zergatik aukeratu zenuten klarinetea eta ez beste instrumenturen bat?
Nik (Aitorrek) aitak ere klarinetea jotzen zuelako eta nik ere hori egitea nahi nuelako. Eta nik (Andonik) ez dakit ba, probatzearren aukeratu nuen eta, behin probatuta, gustatu zitzaidanez, ba ikasten jarraitzea erabaki nuen.

- Klarinete ikasle gazteak izanda, asko ikasten duzue Cielito moduko musika banda handiarekin batera jardutean?
Ilusio handiarekin dihardugu eta benetan ere asko ikasten dugu entseguetan taldeko beste musikariekin batera ibiltzean, aholkuak-eta ematen dizkigute. Bestalde, klaseetara joaten segitzen dugu, maila bat lortu arte ikasten jarraitzea beharrezkoa delako.

- Zuen adineko gazteek entzuten duten musika, oro har, bandan eskaintzen duzuen musika estiloarekin zerikusi gutxi izango du, ezta?
Bai, geuk ere etxean eta lagunartean entzuten dugun musika oso bestelakoa da, ska eta beste estilo batzuetako abestiak gustatzen zaizkigu. Baina bandarekin batera jotzen ditugun piezak ere ondo daude eta, gainera, beti egoten da ondo estilo ezberdinetako musika entzutea, ahalik eta gehien jakiteko.