Aitor Fernandino (Anodino Teatroa): “Umorea eta kritika soziala ekarriko dugu asteartean Eibarrera"

Aitor Fernandino (Anodino Teatroa): “Umorea eta kritika soziala ekarriko dugu asteartean Eibarrera"
2018/11/08 eta kitto!
Getari Etxegarai eta Aitor Fernandino, euskal antzerki munduko bi izen handi izango ditugu datorren martitzenean (azaroaren 13an) Portalean, “ERBESTE edo saihets baten aldarrikapenak” antzezlanarekin. Anodino Teatroaren bigarren lan luzea da eta umore eta kritika soziala ditu osagai bezala. Saioa …eta kitto! Euskara Elkarteak antolatu du Illunabarrean kultur egitasmoaren barruan eta 19:30ean hasiko da, Portalea Kultur Etxeko Areto Nagusian, Eibarren Akebairen Batzar Nagusiaren ondoren.

- Antzezlan hau Adonido Teatroren bigarren lan luzea da. 50 minututan bi aktore agertzen zarete taula gainean. Zer kontatzen duzue eta ze klabetan?
Bion arteko elkarrizketa da. Umorezko antzezlana da, kritika ahaztu gabe. Emakumearen egoera ikusteko obra. Adan eta Evaren harremana Adanen ikuspegitik kontatzen da beti. Baina oraingo honetan Evak bere ikuspuntua azaltzen du. Beraz, gauzak aldatzen direla ikusten dugu. Adan eta Evaren istorioa imaginarioa da, gure ustez, eta guk ere gure istorio imaginaroa egiten dugu. Gaur egungo egoerarekin parekatzen ahalegintzen gara.

- Beraz, umorea eta kritika soziala dira antzezlanaren osagai nagusiak.
2016an Donostiako Poltsiko Saria irabazi genuen lan honekin. Formato txikiko antzerkiak sortzea da Poltsiko Sariaren helburua eta umoreak garrantzia dauka. Gainera, Anodino taldearen zentzua edo zigilua umorezko lanak egitea da. Baina ez diogu uko egiten kritika sozialari. Mahai gainean gure ikuspuntua jartzen dugu.

- Zuen aurpegiak aski ezagunak dira publikoarentzat. Zuk danetik egin duzu (antzerkia, telebista, zinea, publizitatea…)
15 urte daramatzat lanbide honetan. Umeentzako eta helduentzako antzerki asko egin dut, drama, komedia, kale-antzerkia eta baita zinea eta telebista ere… honetaz bizitzeko behar den guztia. Eta Getarik gauza bera. Urte mordoa daramatza antzerki munduan. Zuzendaria ere bada, eta esperientzia handiko aktorea. Oso gazte hasi ginen. Getari 18 urterekin eta ni 22rekin, ikasketak amaitu bezain laster. Klaseak ere ematen ditugu, aurkezpenak…

- Getxoko Antzerki Eskolan hasi zinenean argi zenuen aktore izan nahi zenuela?
Argi neukan aktore izan nahi nuela, baina ez nekinen gai izango nintzen hau guztia egiteko. Zorte pixka bat behar duzu, lekuan egon eta horretarako balio izatea. Biok lortu dugu, bai Getarik bai nik, euskal antzerki munduan egotea.

- Zer esango zenioke aktore izan nahi duen 17-18 urteko gazte bati?
Ikastea derrigorrezkoa da. Talentua izan dezakezu, baina talentu hori bideratu egin behar da, jakin behar da beste pertsonak ere badudela, taldea dagoela, antzerkiaren historioa, bere ezaugarriak… Antzezlea izan nahi duenari esango nioke eskola on bat bilatzeko eta ehuneko ehuna eman behar diola. Antzerkian asko ikusten da bi karrera ikasten ari diren pertsonak direla, bat gustatzen zaiona eta bestea “badaezpada ere”. Antzerkia gustatzen bazaizu dena eman behar diozu, eta gero ikusiko da.

- Egin dituzun gauza guzti horien artean non sentitzen zara erosoen?
Niri proiektuak gustatzen zaizkit, berdin da kale antzerkia edo zinea izan. Maitemindu egiten naiz proiektuekin. Bat aipatzea ezinezkoa litzateke, gehien maite duzun semea zein den esatea bezala. Oso proiektu politak egon dira. Batez ere Anodino konpainiarekin egiten ditugun lan horiek erromantizismo puntu hori daukate, zuk ekoizten duzulako, zuk antzezten duzulako eta eskua bete-betean sartu dezakezulako. Getari  bere konpainiarekin edo zuzendari bezala egiten dituen lanekin ere oso maiteminduta dago.

- Nola animatuko zenituzke eibartarrak martitzenean (azaroaren 13an) Portaleko Areto Nagusira joateko?
Helduentzako lana da. Antzezlan txikia, formato txikikoa, baina maitasun eta ahalegin handiarekin egina. Publikoak ondo pasatzen du. Ez da ulertzeko zaila, nahiz eta testo asko izan. “Bolo” asko egin ditugu eta jendea beti oso gustora egon da. Beraz, euskara ikasten ari direnak, euskara dakitenak, antzerkia gustoko dutenak… denak animatuko nituzke.

Erbeste-2

erbeste kartela