Aitor Laspiur, laburmetraia sortzailea: "Etorkizunean honekin jarraitu nahi dudala argi daukat"

Aitor Laspiur, laburmetraia sortzailea: "Etorkizunean honekin jarraitu nahi dudala argi daukat"
2012/11/08 00:00
eta kitto!

- Nondik datorkizu laburmetraiak egiteko zaletasuna?
Oso txikitatik gustatu izan zait, baina iaz arte ez dut ezer grabatu. Pelikulak ikustean, beti ipini izan diet arreta bertan erabilitako efektu bereziei,. Hori ikusita amak klase batzuetara bidali ninduen oinarrizko kontuak ikasteko eta, horrekin batera, ordenagailurako hainbat programa erabiltzen hasi nintzen.

- Asier Errasti jaialdiko iazko edizioan "Azken geltokia" eta "Cocktail (de sangre) cuando el día se hace noche" lanak aurkeztu zenituen. Nolako istorioak ziren?
Batean minbiziaren inguruko istorioa kontatzen dut eta bestean sobrenaturalaren inguruan dihardut. Istorioetarako gai errealak zein sobrenaturalak, biak gustatzen zaizkit.

- Gidoiak, pertsonaiak eta beste guztiak ere zeuk asmatzen dituzu. Zer da zailagoa, istorioa asmatzea ala grabatzea?
Pentsatzen dut gauza biak direla zailak. Alde teknikoa menperatu arren, kontatzen den istorioa txarra bada nekez lor daiteke laburmetraia ona izatea eta gauza bera gertatzen da alderantziz. Biak zaindu behar dira, batak bestearen beharra duelako. Istorioak asmatzeko eta grabazioetarako, bestalde, lagunei laguntza eskatzen diet.

- Laburmetraiak grabatzeko zelako baliabideak erabili dituzu?
Iazkoak grabatzeko bideokamera berria erosi nuen eta tripodea ere badaukat. Ordenagailurako programa berria ere erabiltzen hasi naiz baita ere.

- Eta aktoreak, nola lortzen dituzu?
Azken lanean nire anaia eta beste lagun bi agertzen dira. Bestela, lagunak parte hartzeko prest egoten dira beti. Odola eta bestelako efektuak lortzeko makillajea daukat eta beste efektuetarako ordenagailua erabiltzen dut. Bidaiak laburmetraietarako planoak grabatzeko aprobetxatzen ditut, etxean ere hainbat plano grabatu izan ditut…

- Coliseoko proiekzioan egon zinen? Nolako harrera izan du zure lanak?
Bai, han egon nintzen eta jendeak ondo hartu zuen, hobetu beharreko kontu batzuk ere aipatu zizkidaten… Oraindik asko daukat ikasteko, horregatik nire lanak orain arte bakarrik Eibarren aurkeztu ditut, baina etorkizunean beste toki batzuetan erakusteko asmoa badaukat. Trailerrak, bestalde, Youtube-ra igotzen ditut.

- Etorkizunean, beraz, honekin jarraitzeko asmoa daukazu…
Bai, batxilergoko 1. mailan nago, baina oso argi daukat honen inguruan ikasten jarraitu nahi dudala. Une honetan hurrengo laburmetraia, nire seigarrena izango dena lantzen dihardut.