Aitziber Urkiola, erizaina Bergarako zaharren egoitzan: “Langileok pazienteak kutsatzeko beldurra dugu”

Aitziber Urkiola, erizaina Bergarako zaharren egoitzan: “Langileok pazienteak kutsatzeko beldurra dugu”
2020/03/19 eta kitto!
Gasteizen Osakidetzako erizain bat hil da gaur koronabirusarekin eta, bestetik, bederatzi pertsona hil dira birusarekin zahar etxe batean. Gainera, 5 langilek positibo eman dute eta beste 25 bakartu dituzte. Gipuzkoan, bestalde, lau kasu eman dira Tolosako zahar etxe batean eta beste zazpi kasu desgaitasuna duten pertsonentzako bi zentrotan. Aitziber Urkiola eibartarra erizaina da Bergarako zaharren egoitzan eta han bizi duten egoeraren berri eman digu.

 

- Zein da zure zeregina erizain moduan?

Gure egoitzan 103 egoiliar daude eta txanda bakoitzean erizain bat egoten da eurekin (goiz eta arratsaldeko txandak ditugu). Lan karga handia izaten ari da. Gero, solairu bakoitzean lau erizain-laguntzaile izaten ditugu eta eurek lan handia egiten dute. Bestalde, goizetan Osakidetzatik etortzen den sendagile bat egoten da, eta psikologoarekin, gizarte-langilearekin eta fisioterapeutarekin taldea osatzen dugu.

- Nolako egoera bizi duzue zahar etxean koronabirusaren ondorioz?

Momentuz ez dugu koronabirus kasurik, guk dakigunez behintzat, baina zapatutik aurrera egoitzako ateak itxi ziren eta langileak bakarrik sartu gaitezke. Familiarrak ezin dira bisitan joan eta egoiliarrak ezin dira kalera irten. Batzuk autonomoak dira eta kalera irteten ziren buelta bat ematera, baina orain aislatuta daude. Bestalde, egoitza barruan mugatu egin dugu egoiliarren mugimendua solairuetan gora eta behera ez ibiltzeko. Beraz, lo egiten duten solairutik ezin dira mugitu. Burua ondo dutenei kostatu egiten zaie, egoera honek desorientatu egiten dielako. Lehen libre ibiltzen ziren egoitza barruan, baina orain ekintzak barruan egiten dira, tokatzen den solairuan, eta bizimodua aldatu egin da.

- Nola kudeatzen dute familiarrak ikusi gabe egotea eta behin eta berriz hedabideetan koronabirusa adineko pertsonentzako oso arriskutsua dela entzutea?

Kognitiboki ondo dauden egoiliarrek beldurra dute. Badakite arrisku-taldearen barruan daudela. Momentuz burbuila baten barruan daude eta ez dugu koronabirus kasurik. Arnas-patologiak edo sukarra izan dutenak aislatu egin izan ditugu, baina tratamenduarekin sendatzen joan dira eta pentsatzen dugu ez dugula positiborik.

- Koronabirusa duten edo ez jakiteko testak egiten zaizkie?

Ez. Arnas-patologiak koronabirus kasuak bezala tratatzeko esan digute eta zuzenean pazientea aislatzeko, eta maskara eta guanteak ipintzeko. Kasuren bat asko okertzen bada, langileok babeserako jantzi guztia jantzi beharko genuke.

- Langileek nola bizi duzue egoera hau?

Orokorrean dugun lan karga normalaz gain, beste gainkarga bat dugu orain. Betiko patologiek hor jarraitzen dute, eta erorketak, edemak eta horrelakoak gertatzen jarraituko dute. Guzti honek estres gehiago sortzen digu guztioi. Langileok pazienteak kutsatzeko beldurra dugu, gu izatea koronabirusaren eramaileak, asintomatikoa izanik birusa transmititu daitekeelako. Zahar etxean langileok gara foku bakarra.

- Ez duzue lan makala aurretik.

Azkenean lana atera egin behar da eta ea pasatzen den eta ez zaigun guri tokatzen, guri tokatuz gero egoera asko zailduko zelako.

- Arlo psikologikoa modu berezian lantzen duzue langileen artean eta adineko pertsonekin?

Guztiontzako da arraroa egoera hau eta modu berezian bizi dugu sektore guztietan. Egoiliarrek familiarrak asko botatzen dituzte faltan eta gogorra da. Familiarrak ezin direnez bisitan etorri, telefono deien bitartez komunikatzen dira. Horrela bada ere, garrantzitsua da harremana mantentzea eta kontaktua ez galtzea.