Alex Aranzabal: “Bizitzan gauza asko egin izan ditut eta hausnarketa pertsonala egon da beti atzean”

Alex Aranzabal: “Bizitzan gauza asko egin izan ditut eta hausnarketa pertsonala egon da beti atzean”
2019/10/18 eta kitto!
Bizitzaren erdian deabruak egiten dion bisitarekin hasten du ‘Vivir dos veces’ liburua Alex Aranzabalek. Eibar FT-ko presidente ohiak hausnarketa pertsonal sakona egin du eta, jesuiten eredua jarraituz, XXI. mendean transformazio pertsonalari eta antolakuntza eraldaketari aurre egiteko gakoak eskaintzen ditu liburuan.

 

- ‘Vivir dos veces’ izenburua du liburuak. Birsortze bat bizi izan duzu?

Pertsona guztiek bizitza planteatzeko momentu bat dutela azaltzen da liburuan. Bizitzaren erdian izan daiteke, urte batzuk aurrerago edo atzerago. Jaio egiten gara, eskolara goaz, ikasketak egiten ditugu, beharrean hasten gara eta 20-30 urte ditugunean gauzak egiten ditugu, kasu batzuetan pentsatu barik. Ez dugu pentsatzen benetan zein den gure izaera edo zer nahi dugun, eta momentu batean zera esaten duzu: “Demontre, hau da benetan nahi dudana? Edo inguruaren, familiaren edo gizartearen eraginez egin dut aurrera horrela orain arte?”. Nik Deustun egin nuen karrera, jesuitekin, eta beti izan dut harreman handia eurekin. Bizitzan ezagutu nuen lehen jesuita, bera jesuita izan baino lehenago gainera, Txomo tailerrean ezagutu nuen. Roman Garate da bera, Deustun katedraduna eta orain 93 urte dituena. Aitak eta Romanek oso harreman estua zuten, eta aita hil zenetik Roman aita bat bezala izan da niretzat. Elgoibartarra da, Gotzon Garateren anaia. Gotzon ezagunagoa da, baina Roman oso aditua da Nietzsche filosofo alemaniarraren inguruan. Aita hil zenetik Romanekin egoteko ohitura hartu nuen eta jesuiten munduan oso boteretsuak diren ideia asko hartu nituen (espiritualtasun inaziarra deitzen diotena). Guzti hori nahastuta, egun batean “bapo” esan nuen. Liburuaren lehen kapituluan azaltzen den moduan, historian zehar figura sinboliko bat aipatu izan da: “deabruak bisitatzen zaituenean bizitzaren erdian”. Bisita horrek, aldaketa bat baino gehiago, aurretik aipatutako galderak planteatzea ekarri zidan.

- Nolako bisita izan zen?

Kontxo, oso gogorra! Gizakiaren ezagutzaren inguruko kontua da hau, aspaldikoa. Uste dut guztioi gertatzen zaigun zerbait dela moduren batean edo bestean eta bakoitzak erantzun diferente bat ematen dio bisita horri. Batzuk “40 urtekoen krisia” deitzen diote, beste batzuek “bizitza aldaketa” edo dena delakoa.

- Zure barreneko gauza pertsonalak azaleratu dituzu liburuan. Nola sentitu zara?

Hori izan da gogorrena. Oso pertsona herabea naiz, baina bizi izan dudan esperientzia eta prozesu hau, gogorra izan den basamortuko ibilaldi hau, beste batentzat baliagarria izan badaiteke, pozik geratuko naiz. Zein edo zeinek liburua irakurtzen badu eta balio baldin badio, ni pozik, baina argi utzi nahi dut zein jarreratik esaten dudan hau. Ez dut soluzio edo errezeta magikorik, eta ez zait gustatzen pontifikatzea eta gauzak nola egin behar diren esatea. Bestetik, Inazio Loiolakoak esaten zuen eurak ‘kontenplaziozkoak akzioan’ zirela. Hau da, oreka bat bilatzen zutela. Alde batetik, erabaki asko hartzen dituen pertsona eraginkorra eta indartsua izatea. Gauza asko egiten dituena. Eta bestetik, hausnarketa egiten duen pertsona izatea. Uste dut hori oso positiboa dela. Bizitzan gauza asko egin izan ditut eta atzean hausnarketa pertsonala egon da beti. Agian, jendeak ez du hori ikusi, baina buelta asko ematen diet gauzei.

- Zergatik izan duzu inspirazio Inazio Loiolakoa?

Jesuitek demaseko arrakasta izan dute munduan. Deustuko unibertsitatea ezagutzen dugu, baina munduan unibertsitate gehien dituen erakundea jesuitena da. Washingtongo Georgetown, adibidez, jesuitena da. Irratiak, telebistak, editorialak… oso arrakastatsuak izan dira. Horrek esan nahi du lan egiteko modu berezia eta bizitza planteatzeko oso modu ahaltsua dutela. Jesuiten ideiak edonorrentzat izan daitezke baliagarriak. Eurek fede arlotik planteatzen dituzte, baina nik mahai gainean jarri ditut fedea ez duen pertsona batentzat baliagarriak izan daitezen. 500 urteko erakunde batek asko daki.

- Inazio Loiolakoak Iruñako gudan jasandako zauri larriak sendatzen pasa zuen denboran izan zuen konbertsioa. Hondoa jo behar da bizitza birplanteatzeko?

Inazio hiltzera eraman zuten Loiolako etxera, baina ez zen hil. Berak zalduntza-liburuak eskatu zituen sendatzen zen bitartean denbora pasatzeko eta bi liburu eman zizkioten, ‘Jesukristoren bizitza’ eta ‘Santuen bizitza’ (barreak), eta hor hasi zen bere hausnarketa. Ordura arte egin zuenak boterearekin, diruarekin eta arrakastarekin zuen zerikusia, eta konturatu zen horren atzetik ibiltzeak ez ziola zentzua ematen bere bizitzari. Ideia indartsuak dira.

- Eibar FT-ko presidentea izan zinen hainbat urtetan. Nolako harremana duzu gaur egun taldearekin?

Ez dut berba egingo horri buruz.

- Orain ‘Aguirre y Aranzabal’ enpresaren buru zaude, hitzaldiak eskaintzen dituzu han eta hemen… Nahi duzun tokian zaude?

Bai. Hala ere, ez dut uste jendearentzat toki bat dagoenik. Gaur toki batean egon zaitezke eta bihar beste batean. Aurretik egon naizen tokiak ere nire sentitu ditut. Liburuan azaltzen den prozesuaren ondorioa ez da beste toki batera joateko, baizik eta gauza berdinak beste begirada batekin bizitzeko. Horrela, gauza berdinak ez dira berdinak izango.

- Gaur egun beste modu batean bizi dituzu gauzak?

Nabarmen. Gure burua bizikleta baten gainean imajinatzen badugu, gehienok pedalei eragiten diegu bakarrik bizitzan zehar, beste barik. Liburuan planteatzen dudana da pedalei eragitea ondo dagoela, baina burua altxatu behar dela nora zoazen eta zer egiten duzun pentsatzeko. Hau ez da momentu batean edo bestean gertatzen, prozesu bat da. Eibar FT-ko presidentea nintzenean nire ardurak ziren nor fitxatuko genuen, entrenatzailea zein izango zen, bazkideez arduratzea… eguneroko gauzak. Ardura bat zen, baina nik gauza bi galdetzen nizkion buruari. Batetik, zer zentzu du ni Eibarko presidentea izateak? Zertarako ni? Zer egin dezaket? Eta bestetik, zein zentzu du Eibar FT-k klub bezala? Gogoeta honen erantzuna ez da bat-batean etortzen, bizitzan zehar gauzak egin behar dira eta ekintzek toki batzuetara eramaten zaituzte. Kluba gizartea eraldatzeko tresna izateko ideia genuen, “futbola futbolaz haratago”, eta Ipuruako obrak egiteko momentuan ‘Ipurua taillarra’ proiektua planteatu genuen. Obrak ezin ziren obra hutsak izan: foball zelaia auzoarekin integratu behar zen, beste jarduera batzuk sortu behar zituen, unibertsitatea ekarri genuen Ipuruara, bizilagunentzako espazioak sortu nahi genituen… Zentzuari buruzko galderek ez dute bat-bateko erantzunik, baina bide batetik sartzen dizute eta zuk egiten duzun lanari beste dimentsio bat ematen diote. Eibar marka nazioartekotzeko apostu garrantzitsua egin genuen. Kapital hazkundearekin demaseko aukera ikusi nuen haratago joateko eta Eibar izena munduan jartzeko, eta lortu genuen. Eibarren akzioak Mexikon, Singapurren, Japonian… sartu ziren, taldea Bigarren Mailan egonda. Jesuitek magis berba erabiltzen dute (latineraz gehiago adierazteko, haratago joatea). Hau da, handinahia izatea (baina zentzu onean), ezeri uko egitea. Hori izan zen gure planteamendua Eibarren: txikiak gara, baina ez diogu ezeri uko egingo.

- Eta lortu zenuten?

Hor daude. Gero, jendea ohitu egiten da. Kapital hazkundearen hilabeteak oso gogorrak izan ziren. Kaletik nihoanean jendeak gelditu egiten ninduen eta zoratuta geundela esaten zidaten. Azkenean Txinan, Mexikon eta toki askotan saldu genituen akzioak. Moldeak apurtzeaz, haratago begiratzeaz, indarrez bultza egiteaz… egiten du berba liburuak. Ideia asko jasotzen ditu.

- Norbaiti gomendatuko zenioke liburua bereziki?

Edozeini. Pertsona guztiok ditugu gauza amankomunak liburuan agertzen diren ideiekin.