Alexandra Arriola eta Jon Baranguan: “Demaseko zortea izan dugu Asmarekin”

Alexandra Arriola eta Jon Baranguan: “Demaseko zortea izan dugu Asmarekin”
2018/09/06 eta kitto!
Alexandra, Jon eta Asmak uda berezia bizi izan dute. Saharako ume bat hartzen duten lehen aldia izan da eibartarrarentzat eta Asmarentzat ere berria izan da esperientzia. Asma Tindufeko iheslarien esparruan bizi da, Aljerian. Bizi baldintza gogorrak dituzte han eta nazioarteko laguntzaren mende bizi dira. Bi hilabete hauetan, Asmak bezala, Saharako ehun ume inguruk beste errealitate bat bizi izan dute Euskal Herrian.

 

- Zer moduz zaudete Asmari ‘laster arte’ esan eta gero?

Asma Saharara itzuli eta hurrengo egunetan bere falta igartzen genuen esnatzen ginenean. Oso pozik bueltatu zen. Izan ere, ezin da ahaztu 10 urte dituela, bi hilabete egin zituela etxetik kanpo eta bere etxera bueltatu zela. Pena sentitu dugu joan denean, baina erlatiboa da, dena ondo joanez gero datorren urtean Asma berriz etortzeko erabakia hartu dugulako. Bera pozik joan zen eta gu pozik geratu ginen, beraz, primeran!

- Bai Asmarentzat eta bai zuentzat esperientzia berria izan da. Nolakoa izan zen elkar ezagutu zenuten momentua?

Ezagutu aurretik bere argazki bat, amaren izena eta hainbat datu jaso genituen, baina ez gehiago. Lehenengo eguna nahiko hunkigarria izan zen, berak ez zekielako euskaraz edo gazteleraz egiten eta guk hassaniaz are gutxiago! Hassania-gaztelera hiztegia inprimatu genuen badaezpada eta gero euskarazko berba gutxi batzuekin (arraina, okela, kalera, etxera, ama, aita, lotara...) komunikatzen hasi ginen. Euskara asko ikasi du bi hilabetean, izugarria!

- Nola egokitu zen Asma hemengo bizimodura?

Saharako umeek ia 24 orduko bidaia izaten dute handik irten eta gurekin elkartu artean, antolakuntza kontuengatik eta abar, eta nahiko gogorra izaten da eurentzat. Ekainaren 25ean ailegatu zen eta atseden pixka bat hartu eta gero kalera irten ginen. Erraldoiak, buruhandiak eta atentzioa deitzen zioten. Gauza asko zeuden kalean, eta bere adineko bi umerekin elkartu eta berehala joan zen eurekin jolastera. Asma oso irekia izan da eta ez du zailtasunik eduki jendearekin egoteko. Demaseko zortea eduki dugu berarekin.

- Eta zuek nola egokitu zarete?

Egun batetik bestera 10 urteko ume bat etxean hartu genuen, eta tira! Baina oso ondo moldatu gara.

- Nolako uda bizi izan duzue berarekin?

Lehenengo gauza izan zen gure opor egunak moldatzea Asmak behar zuen atentzioa jaso zezan. Ez genuen inolako erabakirik hartu, ez genekielako Asma nola etorriko zen, nola egokituko zen eta abar. Hemen oso ondo moldatzen zela ikusi genuenean gauzak egiten hasi ginen. Zumaian egon gara udako zati handi bat, udalekuetan ibili da eta furgonetarekin Girona aldera ere joan ginen. Bestetik, osasun-azterketak ere egin dizkiote, Saharatik etortzen diren ume guztiei bezala.

- Zergatik erabaki zenuten Asma etxean jasotzea?

Saharako umeek bizi duten egoera kontuan izanda ahal den neurrian laguntzeko. Saharako egoera, Aljerian dauden errefuxiatuen kanpamenduak eta guzti horren arrazoiak ezagutzea eta laguntzeak ere pisua izan du. Iaz, adibidez, Saharako ume bat ekarri zuen familia bat ikusi genuen udan eta hor piztu zitzaigun gauza bera egiteko gogoa. Esan behar dugu udan Saharako ume bat etxean jasotzeak ez daukala hain gastu handia. Karga emozionala handia da, baina diru aldetik gehiago gastatuko genuke hemendik kanpo oporretara joango bagina.

- Bi hilabete hauetan beste errealitate batean bizitzeko aukera eman diozue Asmari, baina zer eman dizue berak?

Gauza asko! Edozein egoeratara ondo moldatu da, maitasun asko eman digu eta oso gertukoa izan da. Gainera, Saharan gertatu den eta gertatzen ari denari hurbilketa egiteko balio izan digu, eta baita gure inguruko jendeari ere. Egia esan oso gustora geratu gara esperientzia honekin, beteta. Zaila da esperientzia ez errepikatzea eta Eibarko jendea animatu nahiko genuke parte hartzeko. Denbora behar da, baina diru askorik ez.