Anabel Mendez, argazkilaria: “Asko maite izan dut argazkilaritza”

0    Elkarrizketak 
Ekhi
Anabel Mendez, argazkilaria: “Asko maite izan dut argazkilaritza”
2018, Uzt 24

Hilabete amaieran argazki-kamera itzaliko du Anabel Mendezek. Mila erretratu eta mila ezkontza, hainbat eta hainbat pertsonentzat ahaztezinak izan diren momentuak harrapatu ditu bere objektiboarekin. Autodidakta eta sormen handikoa, bere lanbidea maite izan du azken 39 urteetan. Argazkigintzarekin asko gozatu du eta mila pasarte ditu gogoan. Orain beste aro bat hasiko da, bai Anabelen bizitzan, baita Eibarko argazkilaritzan ere.

 

– Jubilatzear zaude, argazkilaritza profesionala lagako duzu eta, bide batez, argazki-dendako hainbat objektu saltzen zabiltza. Eurekin oroitzapen askok egiten dute alde?

Saltzen dudan gauza bakoitzarekin nire lanaren zati batek alde egiten du. 39 urte egin ditut argazkilari moduan eta sentimendu kontrajarriak ditut. Batetik, pozik nago lan asko egin dudalako. Baina bestetik, pena handia ematen dit asko gozatu dudalako. Asko maite izan dudan lana izan da. Lan gogorra, asteburu askotan egin behar izan dudalako lan, baina sormenezko lana, eta hori asko gustatzen zait.

– Urte hauetako zein argazki gordeko zenuke?

Zaila da bat aukeratzea, momentu eta bizipen asko izan direlako. Milaka argazki atera ditut, enkargu bitartez egindako lanak. Autore argazkiak izango balira, ziur aski izango nuke argazki kuttunen bat. Hala ere, estudio-saioetan dena ematen saiatu naiz, ume bakoitzari ahal dudan guztia atera diot eta bezeroen esker ona jaso dut. Horrek biziki pozten nau. Argazkietako protagonisten arima islatzen saiatu naiz. “Naizen moduan atera nauzu”, esan izan didate. Hori da justu lortu nahi nuena eta hori lortzea da zailena. Jendeak negar egin du argazkiak jasotzean eta horrek emozio handia eman dit, eta baita aurrera jarraitzeko indarra ere.

– Nolako argazkilaria izan zarela esango zenuke?

Ez naiz oso argazkilari teknikoa izan, baina argia ikusteko pribilegioa izan dudala uste dut eta, berehala, pertsona ikusten nuen. Behartutako egoerak saihestu ditut eta egoera naturalak sortzeko gaitasuna izan dudala uste dut. Lan freskoak egiten saiatu naiz, abangoardiakoak.

– Enkargu bitartez egin duzu lan, baina zein puntutaraino esku hartu ahal izan duzu argazkietan?

Kontratua sinatzen genuen momentutik aurrera nire esku geratzen zen lan guztia. Nire gustura egindako lanak izan dira, bikoteak izan behar duen oroitzapena zein izan beharko litzatekeen pentsatuta beti ere. Ezkontzetan, adibidez, betiko lau argazki estatikoez gain giroa islatzen saiatu izan naiz. Argazki-dendan eta webgunean erakutsi ditudan argazki batzuk nahiko ausartak izan dira eta ezkongai batzuk esan izan didate horrelakorik ez zutela nahi. Gero, ordea, argazki-saioa hastean ezkongaiek ez zuten igartzen argazkiak ateratzen ari nintzenik eta, oso gustora egoten zirenez, poliki-poliki egoera aproposak sortzen ziren eurek nik eskatutako gauzak egiteko.

– Zure argazkietan pertsonak izan dira protagonista. Paisaia edo objektuei argazkiak ateratzen baino zailagoa da?

Niretzat errazagoa da. Zailagoa egiten zait argazkilaritza industriala egitea eta ez zait gustatzen gainera. Pertsonekin lan egitea dinamikoagoa da eta argazkilari teknikoa ez naizenez, hobeto egokit naiz pertsonekin lan egitera beste lanak egitera baino. Erraietatik ateratzen zaidana islatzen saiatu naiz eta batzuetan teknika sakrifikatu dut momentu jakin batean asko esaten didan argazkia ateratzeko.

– Lehen argazkia edo lehen enkargua gogoratzen duzu?

Bai. Kasualitatez hasi nintzen argazkigintzan. Argazkilari batekin ezkondu nintzen, baina nik ez nekien argazkirik ateratzen eta idazkari moduan egiten nuen lan. Handik bi hilabetera argazkiak ateratzen nebilen eta asko gustatu zitzaidan. Ikastaroak egin nituen, nire kabuz ikasi nuen, kongresuetara joan nintzen eta horrela egin nuen aurrera. Lehenengo aldian ezkontza bateko tartaren argazkia atera behar nuen eta kamera aurretik prestatuta eraman nuen. Izututa negoen.

– Ordutik aurrera izu hori desagertzen joan zen?

Edozein ezkontza izan baino hiru egun lehenago tximeletak izaten nituen sabelean, beti. Berdin zion aurretik 500 ezkontzatan lan egin izana, beti jartzen nintzen urduri.

– Izu edo tximeleta horiek sentitzea ona dela esango zenuke?

Baietz uste dut, aktibo mantentzen zaituelako. Sukarrarekin, haurdun eta 11 egun zituen alabarekin joan izan naiz lanera.

– Badakizu zenbat ezkontzatan egon zaren?

Ez dakit ziur, baina urtean batez beste 40 ezkontza kubritu baditut, 1.500 ezkontza baino gehiagotan egon naizela esango nuke. 2010. urtean utzi nion ezkontzetan lan egiteari eta beste argazkilari batzuek esan didate asko jaitsi dela ezkontzetako lana.

– 39 urte hauetan asko aldatu dira modak, estiloak, gustuak eta argazkigintzako joerak?

Bai, asko! Jaunartzeko argazkietan, adibidez, umea bere soineko edo trajearekin jantzita atera ohi zen eta kitto, baina nik beste buelta bat eman nahi izan nion. Bere afizioak, anai-arrebak eta bestelako gauzak islatzen hasi nintzen, zerbait gehiago eskaintzeko. Bestetik, argazkiak ezkontzaren aurretik ateratzen aitzindaria izan nintzela esango nuke.

– Nola bizi izan zenuen argazkigintza analogikotik digitalerako jauzia?

Negar asko egin nuen. Hasselblad kamerarekin ateratzen nituen argazkiak ezkontzetan. Ez zeukan ia pisurik, luparekin egiten nuen lan eta oso pozik nebilen. Baina aro digitala ailegatu zen eta gauza asko ikasi behar izan nituen, lan-prozesu guztia (argazkiak egitetik entregatzera) nire esku zegoelako. Argazkiak ateratzen ez nekiela pentsatu izan nuen! Argazkiak ateratzeko moduan ere aldatu zen.

– Zure argazkiek estilo edo marka jakin bat izan dutela esango zenuke?

Bai, noski. Estudio argazkietan, ohikoak diren argazki minimalistez gain, giro ezberdinak sortzen saiatu naiz beti. Dekorazio ezberdinak erabili izan ditut eta hutsetik hasita argazki osoak sortu ditut horrela. Hori da nire zigilua.

– Hilabete amaieran zure lanbideari agur esango diozu. Jende asko etorri da agurtzera?

Kartel bat jarri nuen eskaparatean urte hauetan nigan konfiantza jarri zutenei eskerrak emateko eta, irakurri eta gero, jendea agurtzera sartu da. Gainera, Eibartik kanpoko jende askori atera dizkiot argazkiak (nire bezeroen %70a hemendik kanpokoa zen, Elgoibar eta Durangokoa batez ere) eta agurtzeko deitu didate hainbatek.

– Zure argazki-denda itzal handikoa da Eibarren. Badago oinordekorik herrian?

Herrian ez da geratuko galeriarik duen argazkilaririk, beste modu batean egiten dute lan, online (sarean), eta ez dago argazkilarien lanak erakusten duen dendarik. Erretratoen argazkilaritza profesionala amaitu egin da.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »