Anaiz Funosas, Bake Bidea: “Konbentzimendu haundiak eta arriskatze politikoak ekarri zuen ETAren armagabetzea”

Anaiz Funosas, Bake Bidea: “Konbentzimendu haundiak eta arriskatze politikoak ekarri zuen ETAren armagabetzea”
2018/04/06 eta kitto!
Euskal Herriak bakearen bidea hartu du eta pausoak ematen ari da helmugara iritsi arte. Hau da, bakera. Ipar Euskal Herrian eman dira batez ere pauso handienak eta gizarte zibilak hartu du horren ardura handia. Anaiz Funosas Bake Bideako lehendakariak oso gertutik bizi du prozesu hori eta Bakearen Artisauen esperientziaren berri emango digu datorren martitzenean, hilaren 10ean, 19:00etan Portalean Eibarko Sarek antolatutako ekitaldian. Gainera, Haizea Ziluaga abokatuak Ibon Muñoa eta euskal presoen egoera izango ditu mintzagai.

 

- Aieteko Adierazpenean eman zen bakearen bideko lehen urratsa. Zein izan zen gakoa?

Aieteko nazioarteko konferentziak eta handik atera zen bide orriak perspektiba berria ireki zion bake bideari. Oso momentu azkarra izan zen ikuspegi ezberdinengatik. Lehenik eta behin, azken negoziaketa saiakeraren porrotaren biharamunean, nazioarteko goi mailako pertsonalitatez osatutako delegazio bat etorri zelako, aterabidea atzeman zitekeela esatera. Bestalde, lehen aldiz Euskal Herri osoko arduradun politikoak eta sindikalak bildu zirelako. Eta bukatzeko, Euskal Herriko gatazka politikoaren historian lehen aldia izan zelako frantses estatua espainiar estatua bezala gatazkaren parte izendatua zela.

- Ipar Euskal Herriko gizarte zibilak bake prozesuaren bidea hasi zuen (eta horretan jarraitzen du gaur egun). Zergatik uste duzu Iparraldean eman zela eta Hegoaldean ez?

Iparraldean abagune berezi batean harrapatu gintuen Aieteko deklarazioak. 2004tik frantses estatutik zetorren errepresio zuzena pairatzen hasi ginen Ipar Euskal Herrian. Segi eta Askatasunako kideen kontrako euroaginduak, Askatasunaren kontrako operazio poliziala eta, gainera, gazteria, Hego Euskal Herrian bezala, proiektu ezberdinen kontra jotzen hasi zen frantses estatua. Jon Anza militantearen desagerpena ere gertatu zen 2009an, haren gorpua 11 hilabeteren buruan atzeman genuen Toulouse aldeko ospitale batean. Tentsioa zegoen, gero eta jende gehiago deseroso sentitzen hasi zen errepresio honen aitzinean, eta Auroren kontrako euroagindua aplikatu zutenean modu kolektiboan honi elgarrekin aurre egitea deliberatu genuen. Militante honen defentsaz haratago gogoeta bat abiatu zen eragile eta hautetsien artean. Gogoeta honetan ginela iritsi zen 2011ko urriaren 17a, eta handik ateratako bide orria eta handik egun gutxira ETA erakundearen erabakia. Momentu historiko honen aitzinean Aieteko 4. puntuan gomendioari lotzea deliberatu genuen gizarte zibilaren parte hartzea sustatzeko asmoz, eta Bake Bidea mugimendu zibila sortu genuen 2012an. Hego eta Ipar Euskal Herriko errealitateak oso ezberdinak dira, kulturalki gatazkarekiko bizipenak ezberdinak direlako, baita eragileen arteko harreman politikoak ere. Aieteren biharamunean bi erritmo ezberdinetan garatu zen bake prozesua.

- Ordura arte ezagututako bideetatik aparte joan den mugimendua sortu zen 2011an Ipar Euskal Herrian. Gizarteak hartu zuen ardura, zeregina delegatu zen. Bake prozesua garatzea eragingarriagoa izango da bide horretatik?

Gizarte zibilak eta Aieten egondako arduradun politikoek hartu zuten ardura. Hastapenean, alde bakoitzaren eremutik lana eta adostasuna eraikitzea lotu zen. Estatuen blokeoaren aitzinean berehala ohartu ginen gure arteko adostasun zabala eta gizarte zibilaren aktibazioa zela estatuen jarrera aldarazteko modurik onena.

- Milaka lagun bildu ziren Baionan ETAren armagabetzea gauzatu zenean, eta Bilbon eta Parisen presoen alde egindako manifestaldietan. Gizarteak badu zer esan, baina entzuten zaio?

Badu zer esan eta adierazi behar du.

- Herriak lortu du ETA armagabetzea?

Konbentzimendu haundiak eta arriskatze politikoak ekarri zuen ETA erakundea armagabetzea gizarte zibiletik, eta baita frantses estatuaren jarrera aldaraztea ere.

- Zer ondorio ekarri zuten Luhusoko atxiloketek?

Hasteko, lurrikara. Eskema oso bat irauli zen gau hartan. Gaindi ezina zirudien korapilo bat askatzen hasi zen. Azken urteetan behin eta berriz errepikatzen genuena egia bihurtu zen gau hartan: gizarte zibilaren parte-hartzeak ekar lezake aldaketa, prozesuaren garapenaren bermatzailea izan daiteke.

- Armagabetzearen ondoren, zeintzuk dira zuen bide-orriko hurrengo pausoak?

Armagabetze egunean argi esan zen armagabetzea ez zela bakea eta horra iritsi arte lanean segitu behar zela. Bi engaiamendu azpimarratu ziren: batetik, preso eta iheslarien etxeratzea; eta bestetik, gatazkak sortutako sufrimendu eta biktima guzien aitortza, eta hauen eskubideen errespeturako sortu beharreko mekanismoak eraikitzea. Armagabetzearen biharamunean Ipar Euskal Herrian begi bistan gelditu zen frantses estatutik bake prozesuaren aldeko engaiamendu baten bila joan behar genuela eta engaiamendu hori presoen auzian pausoak ematea izan behar zuela. Honela, armagabetzearen biharamunean ‘Orain presoak!’ aldarrikapena jarri genuen mahai gainean. Sufrimendu eta biktimen aitortzarentzat, berriz, barne gogoeta bati lotu gara.

- Orain artean, bide-orrian ezarritako pausoak bete dira? Moldatu behar izan dituzue?

Lehenik eta behin frantses estatuaren jarreraren aldaketaren bila joateko apustua egin genuen. Horretarako, Euskal Herriko Herri Elkargoaren babes instituzionalarekin, 1.000 hautetsi baino gehiagoren babesarekin jo genuen Parisera, 11.000 pertsona bilduz. Tartean, gizarte zibilarekin, hautetsiekin eta Ipar Euskal Herriko lehendakariarekin Euskal Herriko (Ipar Euskal Herriko) delegazio bat eratu genuen eta frantses justizia ministeritzarekin lan-esparru bat hedatu dugu. Lehen hurbilketak ematen hasi dira, baina gainerakoaren inguruan ez naiz zehaztasun gehiagotan sartuko, apirilaren 7an Baionako foroan esparru honen inguruko gogoetak partekatzea deliberatu duelako delegazioak.

- Zer espero dezakegu Espainiako gobernutik?

Hasteko, legearen baitan urratsak ematea eta, gero, konponbide ikuspegi batetik aritzea. Horretarako, Hego Euskal Herrian gehiengo politiko eta sozialaren akordioa lortzea inoiz baino garrantzitsuagoa da eta honekin batera gizartea aktibatzea eta mobilizatzea.

- Eibarren izango zaitugu martitzenean, apirilaren 10ean. Zeri buruz jardungo duzu? Nolako hitzaldia izango da?

Haizea Ziluagarekin batera emango dut hitzaldia, eta elkarrizketan aipatutakoa sakontzeaz gain presoen etxeratzearen beharraz arituko gara.

 

 

ARGAZKIA: Dani Blanco.