Ander Alberdi ‘Txintxe’, surflaria: “Olatuek markatzen dute nire hurrengo bizilekua”

Ander Alberdi ‘Txintxe’, surflaria: “Olatuek markatzen dute nire hurrengo bizilekua”
2017/11/03 eta kitto!
Balitik (Indonesia) erantzun digu Ander Alberdik. Australiatik iritsi da hara, olatuek markatzen dioten bideari jarraituz, baina denbora gutxi barru berriz bueltatuko da Ozeaniara, oraingo honetan ekialdeko kostaldea ezagutzera. Aurretik, ordea, eskala egingo du gurean, familia eta lagunak ikusita bihotza bete eta ametsarekin jarraitzeko. Anderrek ez du txikitan Zarautzen harrapatu zuen lehen olatutik jaitsi nahi. Edo olatuak harrapatu zuen ‘Txintxe’?

 

-Gogoratzen duzu taula gainean jarri zinen lehen aldia?

Noski gogoratzen dudala! Ingelesa ikasteko udaleku batzuetara joan nintzen Zarautzera eta surfeko klaseak hartzen genituen bertan. Lehenengo klasean zutik jarri nintzen ia olatu gehienetan. Surfak harrapatu ninduen eta laga ezinda nabil ordutik.

-Klaseak hartu zenituen edo autodidakta moduan ikasi zenuen?

Hasieran klase batzuk hartu nituen, baina hortik aurrera nire kabuz ibili izan naiz beti.

-Eibartarra izanda hemendik kanpo joan bihar izan zara surf egitera, jakina. Nora joateko ohitura daukazu edo zeneukan?

Hasiera batean Deba edo Zarautzera joaten nintzen gurasoekin kotxean eta, ondoren, trenean. Orduan ez neukan hondartza askotan surf egiteko aukerarik, baina gutxika Sakoneta, Mutriku eta beste hainbat lekutara joaten hasi nintzen kotxearekin, bai lagunekin bai bakarrik. Hala ere, normalean Deba eta Zarautzera joateko ohitura daukat.

-Hemengo zein toki da zure gustukoena surfean aritzeko?

Etxetik gertu daukagun lekuetatik nire gustukoena Sakoneta da. Normalean jende ezagunarekin elkartzen naiz han eta uretan dagoen giroa beste lekuetan dagoena baino hobea da niretzat. Gainera, bertara joateak daukan abentura kutsuak eta sorpresa sentsazio horrek asko laguntzen du.

-Olatu handietan ere ibiltzen zara. Zein egoeratan gustatzen zaizu gehien surf egitea?

Euskal Herrian nagoenean eta olatu haundiak datozenean, Mutrikun lagun artean olatu batzuk partekatzea da bainu perfektua. Giro onean ‘bonba’ on batzuk hartzeak ez dauka preziorik!

-Lehiatzen ibili izan zara?

Egia esan Debako txapelketa lokaletan eta Taldekako Europar batean bakarrik aritu izan naiz konpetitzen. Ez zait batere gustatzen presioarekin surfean jardutea eta oso urduri jartzen naiz gainera. Orduan, gustura ez ibiltzeko, nahiago izan dut beti txapelketak alde batera uztea.

-Australiara joan zinen iaz. Zertara?

Australiara joatea beti izan da nire ametsetako bat eta, bisa lortzeko urtebetez bueltaka ibili ondoren, orain dela hamahiru hilabete bertara heldu ginen nire neska-lagun Leire eta biok abentura eta olatu bila. Bertan, zazpi hilabetez lanean egon ginen herrialdearen mendebaldean dagoen Margaret River izeneko herri baten eta, egia esan, surf egiteko ezagutu dudan leku onenetako bat da. Olatu oso onak eta giro ezin hobea. Handik Darwinera bidaiatu genuen furgonetan, hilabetez olatu ezberdinak eta parke nazionalak bisitatzen.

-Zer moduz han?

Oso esperientzia polita izan da eta surfaren aldetik asko hobetzeko lagundu dit. Bi hilabete barru Australiako ekialdeko kostaldetik bidaiatzeko asmoa daukagu.

-Modu ezberdinean bizi da han surfa?

Margaret River oso herri txiki eta hippya da, eta bertako jende gehienak egiten du surfa. Txiki txikitatik uretan ibiltzen dira, eskolara joan baino lehen eta baita ondoren ere, eta eurentzat eguneroko ohitura da. Jende nagusi asko ere ikusten da uretan.

-Balin (Indonesia) zaude orain. Zein asmorekin?

Orain dala 5 hilabete iritsi ginen Balira eta hotel batean egon gara lanean. Denboraldi baterako etorri gara, hemen dauden olatuez eta kulturaz gozatzeko, baina berriz Australiara joateko gogoarekin gaude, diru pixka bat egin eta bidaiatzeko.

-Surfaren kultura modan dagoela ematen du. Zuk babesleak dituzu. Horretaz bizitzea posible da nahiz eta lehiatzen ez ibili?

Egia da surfa modan dagoela eta asko nabari da hori, hondartzetan gero eta jende gehiago ikusten delako. Gero eta zailagoa da jende gutxirekin surfean jardutea, eta surfak daukan irudi lasai eta giro onekoa apurtu egiten da askotan uretan. Gainera itxurakeria asko dago eta leku gutxitan sentitzen da aipatu dudan surfaren esentzia hori. Nik zorte ona izan dut eta babesleek asko laguntzen didate, nahiz eta ez naizen lehiaketatan aritzen. Surfaz bizitzea oso zaila da profesionala ez bazara, baina nire kasuan surf egiteko oholak, trajeak, arropa eta abarrak doan izatea luxu bat da! Eta demaseko laguntza! Sare sozialetan nire argazkiak ipini eta marka guztiak aipatzen ditut, eta horrela lortzen dut babesleen laguntza. Orain, ikusten duzuen bezala, surfa bizitzaren zati oso adierazgarria da niretzat, nire bizimoduaren parte da. Olatuek markatzen dute nire hurrengo bizilekua.