Ander Arrizabalaga, GKS: “Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara”

Ander Arrizabalaga, GKS: “Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara”
2023/01/27 eta kitto!
Gazte Koordinadora Sozialistak mobilizatu egingo da bihar, urtarrilak 28 (U28), Bilbon (Jesusen bihotza plazatik) eta Iruñan (Sarasate pasealekutik). ‘Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara!’ izango da manifestazioen goiburua.

Deba bailarako GKS-ko lagunak buru-belarri ibili dira mobilizazioen antolakuntzan eta Ander Arrizabalaga kideak horren xehetasunak argitu dizkigu. Gainera, autobusak antolatu dituzte Bilboko manifestaziora joateko eta Debabarreneko jendea eramango duen busa 15:55ean pasako da San Juan kaletik.

 

 

Zergatik antolatu duzue U28 manifestazioa?

Gaur egungo testuinguruan, inoiz baino gehiago borrokatzeko eta mobilizatzeko egoera batean gaude; hain zuzen, U28 mobilizazioa egun bizi dugun krisi kapitalistari aurre egiteko pauso bat bezala ulertzen dugu. Gaur egungo langileen ezintasun ekonomikoaren areagotzeak langileon funtsezko bizi baldintzak okertzea eragin du. Horren adibide dira alokairuen, elikagaien eta erregaien prezioen igoerak. Finean, enpresariak eta politiko profesionalak gure pobreziaren erantzule gisa ulertzen ditugu, bai gaur egungo auziei erantzuteko ezintasunagatik eta baita beren borondate ezarengatik ere. Laburbilduz, gure helburua langileriaren interesak erdigunean jarriko dituen programa sortzea da, antolakuntza independentea eta propioa pixkanaka sendotuz eta hedatuz, eta horretarako mobilizatzea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu.

Zergatik egin beharko genuke bat manifestazioarekin?

Elikagaiak %15,4 garestitu dira urte betean, gazteen %45,5ak 1.000€ baino gutxiago kobratzen duen bitartean. Alokairua %41 garestitu da, politikari profesionalek okupazioaren aurkako legea adostu duten bitartean. 21.888 etxegabetze eman dira 2022an, gobernuak iruzur hutsa diren diru-laguntzekin aurpegia zuritzen duen bitartean. Bide honetan miseriara kondenatuta gaude. Egoera hau izanik, inoiz baino beharrezkoagoa dugu enpresarien eta politikari profesionalen influentziatik kanpo antolatzea, mobilizatzea, eta gero eta jende gehiagoren parte hartze politikoa bultzatzea erasoaldiari aurre egiteko. Horregatik, borrokara batzeko deia luzatu nahi dugu. Hau pausoz jositako bide bat da, eta nahiz eta eguneroko lana funtsezkoa izan, mobilizazioak ere ezinbestekoak dira.

Enpresarien eta agintarien erasoaldia aipatzen duzue manifestazioaren goiburuan. Nolako erasoaldia da?

Kapitalismoaren krisi sakona bizitzen ari gara, baina guztiok ez ditugu modu berean sufritzen krisi honen ondorioak. Are gehiago, bankari eta enpresari handiak negozioa egiten ari dira testuinguru honetan. Izan ere, zuzenean eta zeharka langileon soldatak erasotzen ari dira. Horregatik, gure soldatek gero eta balio gutxiago daukate, eta langile askoren ezintasuna eta larritasuna handitzen ari dira. Hau ez da gertakari neutral bat, hau enpresari handien eta agintarien erasoaldia da: banku zentralena, nazioarteko diru funtsena, energia konpainia handiena, armagintzako enpresena, putre funtsena, elikagaien korporazio erraldoiena, plataforma eta industria digitalena eta bestelako enpresari handi askorena. Horien diru goseak langileriaren miseria dakar. Azken urteetako esperientziak argi utzi digu egoera hau ez dela aldatuko hilabeteek aurrera egin ahala; ez, errealitate prekario hau geratzeko etorri da.

Zer proposatzen duzue horri aurre egiteko?

Gazte langileon arteko batasun politikoa sustatzearekin batera, beharrezkoa ikusten dugu enpresari handien eta agintarien erasoaldiari aurre egitea. Horregatik, mobilizatzeko hautua egiten dugu, gazteon artean borrokarako borondatea hedatzeko helburuarekin. Esan bezala, mobilizazio batek ez du enpresarien erasoaldia geldituko, baina gazteon arteko antolakuntza eta borrokarako grina hedatzeko erabili behar dugu. Izan ere, gero eta jende gehiago eta lurralde gehiagotan mobilizatzeko testuingurua sortu behar dugu, baita enpresarien eta politikari profesionalen eraginetik kanpo antolatzeko bitartekoak hedatu ere. U28an egingo dugun manifestazioak norabide horretan kokatzen ditugu. GKS, gazte langileontzako erreminta bat garen heinean, helburu horiekin konprometituta gaude eta gazte langileok antolatzen eta mobilizatzen jarraitzeko proposamenak garatzen jarraituko dugu.

Nolakoa da GKS-ren egunerokoa?

GKS Euskal Herriko gazte antolakunde sozialista da eta gazte esparruan antolatzen da, gazte langileon problematika ezberdinak borrokatzeko eta, aldi berean, gazteria antolakuntza komunistara batzen joateko. Horretarako, askatasun politikoen aurkako erasoak salatzeko dinamikak, gazteriaren formakuntza politikoa bultzatzeko ekimenak, koiunturako auzi ezberdinen inguruan hausnartzeko jardunaldiak, militantzia politikorako beharrezko espazioak ondo jartzeko lan egunak eta abar luze bat antolatzen ditugu. Horien artean dugu, pasa den urtean Durangon antolatutako Gazte Topagune Sozialista. Bertan formakuntzarako hitzaldiak egon ziren, baita tailerrak zein aisialdirako eskaintza zabala ere (kontzertuak, antzerki tailerra, pelota partiduak. . . ).

Nolako bilakaera izan du GKS-k azken urteetan?

GKS-ren lehen agerpena (2019) egin zenetik hona, asko nabari dugu antolakundearen zabalpena. GKS sortu zenetik, konpromisoz erantzun izan da agertutako erronken aurrean. Azken finean, egun dugun krisi kapitalista gero eta nabariagoa da, eta horrek, nahi eta nahi ez, gazteon borrokarako grina piztea eragiten du. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu GKS-tik egindako lana gazteria langilea antolatzen eta formatzen.

Nolako giroa bizi da gazteen artean? Zeintzuk dira gazteen kezka nagusiak?

Gazteen artean, nahiz eta oraindik ere despolitizazioa nabaria izan, bizi dugun testuinguruak kezkak edukitzera eramaten gaitu. Finean gure eturkizuna ezegonkor eta ilun ikusten dugulako. Horren adibide dira familiaren etxetik edota honen laguntzetatik independizatzeko ezintasuna, langabezia, lan baldintza prekarioak... Aipatzekoa da ere, gazteok gure aisialdia antolatzeko baliabide propiorik ez daukagula. Honi aurre egiteko gure egin beharra da borrokatzea eta antolatzea; eta horren harira, egunerokotasunean lanean ari gara.