ANDER CURIEL AYUSO: “Ikuskizunean sentitutakoa islatzen saiatu naiz”

ANDER CURIEL AYUSO: “Ikuskizunean sentitutakoa islatzen saiatu naiz”
2012/02/24 eta kitto!

-Aldez aurretik, zorionak. Espero zenuen saria jasotzea?
Egia esan, lana ahalik eta ondoen egiten saiatu nintzen, baina ez nuen espero irabaztea. Sorpresa handia jaso nuen berria eman zidatenean, izan ere, denbora dezente pasa da lanak entregatu genituenetik eta uste nuen beste batek eskuratuko zuela. Interneten begira ibili ginen, baina ez genuen ezer aurkitu. Pozgarria da horrelako zerbait lortzea; jende askok hartzen du parte lehiaketan eta ez da erreza irabaztea.
-Zertan datza zure lan irabazlea?
Bada, Anthony Blakek Elgetako Espaloian egindako ikuskizunaren kritika da. Eibarren saioa eskaini zuenean ere egon nintzen, baina orain dela hainbat hilabete izan zen eta Elgetara joatea pentsatu nuen berriz ikustera. Lanean Espaloia eta dekoratua nolakoa den deskribatzen dut hasieran. Gero, Anthony Blakek egindakoa kontatzen dut, bere ahots gogorra nola erabiltzen duen publikoarengan izua sortzeko, eta abar. Ikuskizunean ni nola sentitu nintzen islatzen saiatu naiz.
-Irabazi duzu aurretik antzeko lehiaketarik?
Ez, hau izan da aurrenekoa.
-Baina parte-hartzeko ohitura daukazu?
Bai, hainbat lehiaketatarako lanak egin izan ditut. Ikastetxean prentsa-tailerra izeneko hautazko irakasgaia daukagu eta hor egiten ditugu lehiaketetarako lan hauek, besteak beste.
-Antzerki Jardunaldien inaugurazioan jaso duzu saria. Gustatzen zaizu antzerkia?
Ikustea gustatzen zait, bai. Aurreko urteetan joan naiz pare bat aldiz antzezpenak ikustera, baina zinemara joateko ohitura gehiago daukat.