Ander Curiel, Kiroletako zinegotzia: “Zorionez, Eibarrek kirola arnasten du alde guztietatik”

Ander Curiel, Kiroletako zinegotzia: “Zorionez, Eibarrek kirola arnasten du alde guztietatik”
2022/10/10 eta kitto!
Kirol hiria da Eibar. Ez bakarrik goi-mailako kirolariak eta taldeak dituelako, baita martxan dagoen herria delako ere. Horregatik, adibidez, aurkeztu du bere burua 2023an Europako Kirol Hiria izateko. Aitortza jaso edo ez, kirola eta ariketa fisikoa egiteko hainbat aukera daude herrian eibartar guztion eskura.

Ander Curielek 2021an hartu zuen kargua Gazteria eta Kiroletako zinegotzi bezala eta erronka ugari ditu esku artean. Horietako batzuen inguruan jardun dugu berarekin.

 

Kirol Patronatuaren instalazioen egoerari eta aurreikuspenari buruzko inkestaren berri eman zenuten joan den astean. Zein ondorio nagusi atera dituzue?

Inkestaren bitartez kluben eta erabiltzaileen esperientzia jakin nahi genuen eta zer nolako beharrak dituzten bilatzen saiatu gara. Gure kiroldegiak 40 urte ditu eta instalazio berrien proiektuan lanean bagaude ere, beharrezkoa ikusten dugu gaur egun ditugun instalakuntzak berritzea. Pozez egiaztatu dugu abonatuen gehiengoak bere kirol-helburuak lortzen dituela gure instalakuntzetan. Hala ere, badaude zenbait espazio (fitness gelak, pista berdea, igerilekua...) txikiak edo desaktualizatuta geratu direnak. Horietan zentratu beharko gara hemendik aurrera.

Jasotako emaitzen arabera erabakiak hartuko dituzue?

Bai. Bagabiltza jada fitness gelak aztertzen, makinak aldatzeko. Padel pistak aldatu ditugu Unben, Orbean ere baditugu identifikatuta azkar konpondu ditzakegun hainbat behar... Kirol kudeatzaile berria azterketa horren emaitzak ari da apuntatzen. Ikusi beharko dugu behar horien arabera zein inbertsio egin behar ditugun aurten eta datorren urtean, eta zer behar konponduko diren Ipurua II eraikinaren sorrerarekin.

Laster aterako da Ipurua II-ren aurreproiektua. Nolako ezaugarriak izango ditu?

Inkestaren bitartez kirol patronatuko instalazio berrien beharren prozesu parte-hartzailea itxi dugu. Kirolaren Mahaiak hasi zuen orain dela urte eta erdi eta Eibarko kirol agente guztiek hartu dute parte bertan. Ipurua II-k abonatuentzako instalakuntzak izango ditu. Kirol federatua oraingo instalakuntzan geratuko da, igerilekuak izan ezik. Horrela, Ipurua II-k orain ditugun ur laminen (igerilekuen) azalera bikoiztuko du. Fitness gela handia, eta spinning, yoga, stretch eta horrelako ekintzak burutzeko espazioak izango ditu, eta baita aldagela zabalak eta gune komun berriak ere. Kalistenia parke bat izango du kanpoaldean, eta padel pista gehiago eta rokodromo handi bat jartzeko aukerak aztertzen gabiltza. Ez dago dena itxita, baina nahiko garbi daukagu zein behar ditugun. Orain, hau dena espazio zehatz horretan zelan sartzen den aztertu beharko dugu.

Kirolaren Plan Estrategikoa martxan dago orain dela bost urtetik eta beste bost geratzen zaizkio. Helburuak betetzen ari zarete? Zer falta da egiteko oraindik?

Eibarko Kirolaren Plan Estrategikoak sei puntu ditu garatzeko: herriko kirol espazioen hedatzea, kirola eta hezkuntza, kirola eta emakumea, kirola eta euskara, irisgarritasun soziala eta kirol ekitaldiak. Zorionez, Eibarrek kirola arnasten du alde guztietatik. Honek ahalbidetzen du kirolaren plan estrategikoak dituen seigaietan hainbeste aurreratu izana, batez ere emakumeekin, euskararekin eta kirol ekitaldiekin harremana dituzten eremuetan. Hezkuntzaren arloan, adibidez, lanean gabiltza eskolekin Eibarko eskola kirolaren diagnostikoan, datorren urtera begira daukagun ereduari buelta bat emateko. Eskola kirol inklusiboa eta egokitua sortu dugu baita ere... Pozik gaude egindako lanarekin, baina, hala ere, lan dezente daukagu egiteko oraindik.

Kirol instalazioez gain, badaude ibilbide osasuntsuak eta abar... Nolako aukerak ditugu Eibarren ariketa fisikoa egin eta bizitza osasuntsua eramateko?

Egia esan, Eibarren aukera asko ditugu kirola praktikatzeko. Batetik, mendiz inguratuta gaudenez, naturaz gozatzeko aukera oso ona daukagu etxetik oso hurbil. Hala ere, hirian zehar badaude ariketa fisikoa egitea ahalbidetzen diguten eremuak: Ubitxako kalistenia parkea, Amañan edo Azitainen ditugun nagusientzako makinak, Eibartik zehar instalatuta dauden Street football pistak... Hauek denak ondo ezagutzeko Wellk aplikazioa atera genuen martxoan. Erabiltzaileen ezaugarriekin, norberarentzako ariketa fisiko egokiena zein den eta non egin dezakeen esaten dizu. Erreminta oso potentea dela uste dut, hedatzen jarraitzen duguna.

Martxoa inguruan ‘Antxitxika Eibar’ egitasmoa jarri zenuten martxan. Nolako erantzuna izan zuen?

Eibartarren erantzuna oso ona izan zela uste dut. 1.500 deskarga baino gehiago ditu aplikazioak IOs eta Android-en, eta orain arte bultzatutako ekintzetan izandako parte hartzea demasekoa izan da, sortu berri dagoen aplikazio bat dela kontuan hartuta. Helburua orain klubek eta kirol agenteek erronka berriak sortzea da, komunitatea sortzea, eta eibartarrok jakitea kirola edo ariketa fisikoa egin nahi badugu aukera anitzak ditugula eskura. Bidea zein izan behar den badakigu, orain erabiltzaileen txanda da.