Ander Garetxana “Euskal enpresak Vietnamera begira jarri beharko lirateke”

Ander Garetxana “Euskal enpresak Vietnamera begira jarri beharko lirateke”
2019/07/12 eta kitto!
Ander Garetxanaren etxetik Ho Chi Minh hiriaren ikuspegi ederra dago. Hiri modernoa da Vietnamgo hiri handiena, Asiako herrialdeak bizi duen bilakaeraren erakusle. Garetxana urtarrilean joan zen hara eta oraindik urtebete gehiago egingo du Asia hego-ekialdean. Espainiako Bulego Komertzialean dihardu lanean, enpresei Vietnamen dauden aukerak eskaintzen. Berak ere aukera aprobetxatu nahi du eta esperientzia honi ahalik eta etekin handiena atera nahi dio.

 

- Zertan zabiltza Vietnamen?

SPRIk ematen duen BEINT bekarekin etorri nintzen. Nazioartekotze beka da eta hiru fasetan banatzen da. Lehenik, lau hilabeteko iraupena duen titulu propio bat atera behar da Sarrikon (Bilbon). Gero, urtebeteko egonaldia egiten da Espainiako Bulego Komertzial (ICEX) batean edo Eusko Jaurlaritzaren delegazio batean munduan zehar. Eta azkenik, zortzi hilabetez enpresa pribatu batean jarduten da aukeratutako herrialdean. Nik Vietnam aukeratu nuen eta Ho Chi Minh hiriko Espainiako Bulego Komertzialean nago (hau da, bigarren fasean) azaroaren 30era arte. Gero, ez badut hemengo enpresa pribatuetan zortzi hilabeteko egonaldia egiteko aukera lortzen, inguruko herrialde batean egin beharko dut. Guk bilatu behar dugu enpresa, baina ez badugu aurkitzen, lagundu egiten digute.

- Badakizu zein enpresatan egingo duzun egonaldia?

Gutxi gorabehera bai, baina esan didate agian Thailandiara joan beharko nintzatekeela eta horrek arazo legalak sortzen ditu, berez Vietnamen geratu beharko nintzatekeelako.

- Zein da zure zeregina Ho Chi Minh hiriko bulego komertzialean?

Batetik, merkatu-ikerketak egin ditut. Adibidez, ardoaren, oliba-olioaren eta broadcastingaren (ikus-entzunezko emisioen) merkatu-ikerketak egin ditut. Bestetik, Espainiatik Vietnamera etortzen diren enpresentzat agendak zehazten ditut, hemengo enpresekin elkarrizketak eta bilerak edukitzeko. Horrez gain, Espainiako enpresa hauei bazkideak identifikatzen dizkiegu, laguntza logistikoa eskaintzen diegu, zalantza legalak azaltzen dizkiegu...

- Zergatik aukeratu zenuen Vietnam?

Miamin (AEB) beka berarekin dagoen lagun batek esan zidan beka hau oso aukera ona zela hain ezaguna ez den herrialde batean lan egiteko eta Vietnam aukera ona zela Asian lan egiteko duten modua ezagutzeko, oso ezberdina delako. Egia esan asko nabil ikasten, maila kulturalean batez ere, eta pentsamoldea asko aldatu dut. Bestetik, curriculumerako baliagarria izan daiteke Vietnamen lan egin izana.

- Nolako aukerak eskaintzen dizkie Vietnamek hemengo enpresei?

Euskal Herrian eta Espainian Vietnami buruz dugun irudia oso txarra da. Atzeratuta dagoen herrialdea dela pentsatzen dugu, oraindik asko hobetzeko duena, baina ez da horrela. Gaur egun munduan gehien hazten ari den estatuetako bat da (%7 hazten da urtero) Txinaren gainetik (%5), eta nahiz eta herrialde komunista izan (Vietnamgo Alderdi Komunistak kontrolatzen duen sistema baten bidez gobernatzen da herrialdea), globalizatzen hasi da. Europarekin, Txilerekin eta Asiako hainbat herrialderekin merkatu libreko akordioak dituzte. Ekainaren 31n sinatu zen akordioa Europarekin eta, ondorioz, muga-zerga asko kenduko dituzte, esportatzeko aukera gehiago egongo dira eta dagoeneko Espainiako hainbat enpresa hasi dira Vietnamen sartzen. Hemen indar gehien duten enpresak Samsung, LG, Adidas, Nike... dira. Hau da, ehungintzaren, teknologiaren eta gomaren munduko enpresak. Makina-erramintan, aldiz, asko dute hobetzeko eta hori oso garrantzitsua izan daiteke Euskal Herriko enpresentzat, aukera bat. Euskal enpresa gehienak Txinara joaten dira eta Vietnam ez dute aukera bezala ikusten, baina hona begiratzen hasi beharko lirateke.

- Txina bezala alderdi komunista dago agintean Vietnamen. Sistema politiko eta ekonomikoari dagokionez antzeko herrialdeak dira?

Bai. Adibidez, euren produktuak asko babesten dituzte. Nahiz eta muga-zergak kendu, oztopo teknikoak existitzen dira (alkohola edo automobilak esportatzeko, adibidez). Beste alde batetik, multinazionalei erraztasun asko eman diete herrialdean sartzeko, zerga oso baxuak jarrita, Txinan antzera, bertakoei lana emateko asmoz. Vietnamen ia ez dago langabeziarik.

- Esan duzu Euskal Herrian ia ez dugula Vietnam ezagutzen. Vietnam aipatuta, agian, Vietnamgo guda etortzen zaigu burura gehienoi. Gerrak markatutako herrialdea da?

Gerraren inguruko museo asko dago, baina kulturalki ez da igartzen herrialdea markatuta dagoenik. Anputazioak dituztenak, gerraren ondorioz arazoak dituztenak... ikusten dira kalean, baina ez da oso ohikoa. Pentsatzen nuen vietnamdarrak hotzak izango zirela gurekin, baina ez da horrela, tratu bikaina ematen digute erbesteratuei.

- Nolakoa da Vietnameko gizartea?

Vietnamdarrak oso irekiak dira. Nahiz eta ingelesez oso ondo ez egin, elkar ulertzen saiatzen dira ahal den heinean. Oso jatorrak dira orokorrean. Gainera, edozertara gonbidatzen zaituzte. Adibidez, garagardo batzuk hartzera eta afaltzera joan nintzen Vietnamgo lagun batzuekin eta ez zidaten ezer ordaintzen utzi.

- Herrialde segurua da?

Oso segurua. Bilbon baino segurtasun arazo gutxiago dago hemen.

- Euskaldun asko bidaiatzera joan izan da Vietnamera, baina han bizitzea beste gauza bat da. Nolakoa da bizimodua?

Oso bizimodu ona da. Ho Chi Minh hiria, adibidez, oso merkea da, asko modernizatzen ari da, inoiz ikusi dudan jatetxe kopuru handiena dago hemen, gaueko giro aparta du...

- Turismoa egiteko aprobetxatu duzu?

Bai. Vietnamgo erdialdea eta hegoaldea ezagutu ditut eta Singapur, Malaysia, Filipinak, Laos, Kanbodia eta Thailandian egon naiz. Ez ditugu egun libre asko, baina herrialde hauek hurbil daude eta hegaldiak merkeak dira. Asteburu honetan, adibidez, Malaysiako Perhentian uharteetara joango naiz.

- Zer da gehien gustatu zaizuna? Eta gutxien?

Filipinak izan da gehien gustatu zaidan herrialdea. Urpean igeri egin nuen eta hango paisaia zoragarria da. Bestetik, zaila da gutxien gustatu zaidana zer den esatea, baina batzuetan pixka bat zikinak direla esango nuke. Plastiko asko dago toki guztietan, ia ez delako birziklatzen. Arazo handia dago plastikoarekin.

- Eibarren faltan igarri duzu?

Uda sasoian han egotea bai igarri dut faltan, adibidez. Hemen hondartza urrun dago. Gainera, sasoi honetan euri asko egiten du.