Andrea Garcia, marrazkilaria: “Jendearen hitz politak entzuteak demaseko poza ematen du”

Andrea Garcia, marrazkilaria: “Jendearen hitz politak entzuteak demaseko poza ematen du”
2018/07/24 eta kitto!
Egun hauetan aho zabalik irteten dira El Corte Ingleseko ekitaldi aretora joaten direnak. Andrea Garcia marrazkilariaren lanak aurkitzen dituzte bertan, arkatzarekin egindako erretrato errealistak. 19 urteko artista eibartarrak bizitza osoa darama marrazten eta bere artista sena garatzen du musikaren bitartez baita ere. Irailaren lehen egunera arte egongo da zabalik erakusketa 11:00etatik 21:00etara.

 

- Zenbat arkatz erabili dituzu erretratoak egiteko?

Asko! Normalean bi edo hiru arkatz mota erabiltzen ditut, irudikatu nahi dudanaren arabera.

- Nolako arkatz motak izaten dira?

2B edo 3B, adibidez. Arkatz batzuk besteak baino leunagoak dira, beste batzuk bigunagoak.

- Marrazkiak txuri-beltzean egiten dituzu edo koloretako arkatzak ere erabiltzen dituzu zure lanetan?

Gehienak txuri-beltzean egiten ditut, baina erakusketan badago koloretako arkatzekin egindako marrazki bat.

- Arrazoiren batengatik egiten dituzu marrazkiak txuri-beltzean edo beste barik?

Beti gustatu zait txuri-beltzean egitea, baina beste barik, ez dago arrazoirik. Txikia nintzenean horrela hasi nintzen marrazten eta horrela jarraitu dut.

- Erretratuak bakarrik marrazten dituzu?

Jendearen erretratoak egiten ditut gehien bat. Erakusketan agertzen diren marrazki batzuk jendeak egindako enkarguak dira eta beste batzuk jendearentzako opariak.

- Enkarguak jasotzen badituzu, zure lanek ibilbide luze eta ona egin dutenaren seinale.

Bizitza osoan marraztu dut, baina orain dela bi urte hasi nintzen enkarguak egiten. Gero, ahoz aho nire lanen berri eman zuen jendeak eta horrela zabaldu da sarea.

- Norbaitek enkargu bat egin nahi badizu, zer egin dezake?

Normalean zuzenean esaten didate, telefonoz edo lagunen bitartez. Publikoki ez dut telefonorik jarri nahi duenak enkarguak egiteko, konfiantza kontua da gehien bat. Egia esan ahoz ahokoa asko mugitu da eta enkargu asko egiten dizkidate astero. 10 ordu baino gehiago behar ditut lan bakoitza egiteko eta lan handia eramaten dut etxera.

- Beti egin izan dituzu irudi errealistak?

Errealismoa asko gustatzen zait, itzalekin lan egitea, baina denetatik egiten dut. Arte Ederretako karrera ikasten nabil eta gauza asko egiten ditut, baina erretratuak egiten eta errealismoa lortzen espezializatu naiz.

- 19 urte dituzu eta Arte Ederrak ikasten zabiltza oraindik. Demaseko irudiak marrazten badituzu ere, bidea daukazu egiteko oraindik?

Aurretik Batxilergo artistikoa egin nuen eta irakasleek esan zidaten urruti iritsiko nintzela artearen munduan, beraz, bide horretan jarraitu dut.

- Beti argi eduki duzu artearen bidea jarraitu nahi zenuela?

Beno, musikaren munduan ere banabil. Nire gitarra eta ahotsarekin kontzertuak eskaini ditut eta baditut hainbat gauza esku artean. Nahiko artista naizela esango nuke nire osotasunean.

- Zure lehen erakusketa da?

Aurretik Batxilergoko ikaskideekin egin nuen beste bat, baina hau da bakarka egiten dudan lehenengoa.

- Nolako harrera izan du?

Jendea oso pozik dago eta marrazkiak izugarriak direla esaten didate. Jendearen hitz politak entzuteak demaseko poza ematen du, marrazkiak egiten zabiltzan bitartean ez diozulako garrantzia handirik ematen egiten zabiltzan horri.

- Marrazki berriak egiten zabiltza? Beste ildo bat jarraituz agian?

Erretratoak egiten jarraitzen dut, baina etorkizunean koloreak gehiago sartzen hastea posible da.