Andrea Ruiz, antropologoa: “Ez da dibertsitatea sustatu behar, dibertsitatearen kultura baizik”

Andrea Ruiz, antropologoa: “Ez da dibertsitatea sustatu behar, dibertsitatearen kultura baizik”
2018/12/21 eta kitto!
Udalak ‘2018-2022 Bizikidetza eta Aniztasun Udal Plana’ aurkeztu zuen atzo (Migratzaileen Egunean) Portalean. Epe ertainera herrian kulturarteko bizikidetza sendotzeko neurriak eta erronkak jasotzen ditu plan honek. Plana aurkezteaz gain, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendariak, Idoia Sarasketa Eibarko Udaleko Gizartekintza zinegotziak, Gorka Moreno Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren zuzendariak eta Andrea Ruiz antropologo eta immigrazio eta kulturarteko kudeaketan adituak hartu zuten parte ekitaldian.

 

- Nolako bizikidetza dugu gaur egun Euskal Herrian?

Orokorrean, herri bakoitza zehatz aztertu gabe, uste dut bizikidetza ez dela txarra Euskal Herrian. Egoera nahiko onargarria daukagu estatuarekin eta Europarekin alderatuz. Hala ere, Euskadiko auzo batzuetan, bizikidetza beharrean, aldi bereko izatea dago. Ez dago txarto, baina oso ahula izan daiteke eta edozein momentutan etsaitasun egoera batera pasa daiteke. Aldi bereko izate horretatik bizikidetzara pasatzea da asmoa, hau da, pertsonen artean interakzioa egotea, elkar ezagutzea eta topaketarako eta partekatzeko guneak edukitzea.

- Estatuan, Europan eta Amerikako Estatu Batuetan migrazioaren eta bizikidetzaren aurkako diskurtsoa hazi da azken aldian. Euskal Herrira ere iritsi daiteke diskurtso hori?

Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, baina testuinguru hori ez da onena bizikidetzarentzat. Immigrazioa erreminta moduan erabiltzen duen diskurtsoa eta praktika politikoa sortzen dabil, eta ezberdintasunak zurigarri bezala erabiltzen dituzte politika jakin batzuk gauzatzeko. Gizartea sutan jartzeko diskurtsoa da eta immigrazioarekin zerikusi gutxi duten gaien inguruan errudun errazak bilatzeko erabiltzen da (arrazoi nagusiek, benetakoek, izaera ekonomiko eta politikoa dutelako). Orain arte estatu mailan ez genuen diskurtso honen inguruan aho betean berba egiten zuen alderdi politikorik, salbuespenekin (Javier Maroto, kasu). Irudizko lerroak zeuden gai honen inguruan, baina zeharkatu egin dira orain. Hala ere, estatu mailan gizarteak azkar erantzun izan du horrelako gaiekin etekin politikoa atera nahi izan dutenen aurrean. Horrelako diskurtsoak edo indarrean sartzen diren politika jakin batzuk atzean dagoen zerbaiten sintomak izaten dira. Beraz, horren aurka egin nahi izanez gero, sintoma horien atzean dauden arrazoiengana jo behar dugu. Testuinguru gogorra bizi dugu krisi-ekonomikoa indartsu batekin, babesgabe sentitzen den jendearekin, etorkizunera begira bere burua aukera gabe ikusten dutenekin... eta hortik egin beharko dugu lan horrelako diskurtsoak gizartean ez barneratzeko.

- Zer dago gizartearen esku eta zer erakundeen baitan?

Alde biek dute zeresana bizikidetzaren inguruan. Egunerokoan gizabanakoek bizilagunekin duten jarrerak garrantzia dauka, baina erakundeen eta alderdi politikoen lana da baita ere. Gauza bien arteko konbinazioa eman behar da eta hedabideek ere erantzukizun handia dute. Migrazioa segurtasunarekin, mugekin, pobreziarekin... lotzen badugu, gizarteak mehatxu moduan hartuko du. Prozesu migratzaileek bertute gehiago ditu gauza negatiboak baino, baina isildu egiten dira.

- Zertaz ari gara dibertsitate terminoaz berbetan gabiltzanean?

Gertaera enpirikoa da. Kalera irteten bagara, kalea askotarikoa dela ikusten dugu, begi bistakoa da. Ez da dibertsitatea sustatu behar, hor dagoelako, dibertsitatearen kultura baizik.

- Nola sustatu daiteke dibertsitatearen kultura?

Dibertsitate kulturalaren kudeaketarako hainbat eredu egon dira eta nik kulturarteko ikuspegiaren alde egingo nuke migrazioen kudeaketa soziopolitikorako. Kulturartekotasunaz berba egiten dugunean topaketa edo errito ezberdinen ospazkizunetatik haratago noa, herritarren eskubideak eta betebeharrak izan behar direlako ardatzak.