Andrés Guasch, Unzaga Plaza hoteleko zuzendaria: "Guretzat erakargarriak ez diren gauzak oso interesgarriak gertatzen zaizkie kanpokoei"

Andrés Guasch, Unzaga Plaza hoteleko zuzendaria: "Guretzat erakargarriak ez diren gauzak oso interesgarriak gertatzen zaizkie kanpokoei"
2012/10/04 eta kitto!

- Nolatan sartu zara hotela zabaltzeko abenturan? Nolakoa izan da prozesua?
Ba dena iazko azaroan hasi zen, gu azken bezeroak ginela jakin genuenean. Nire lankidea den Rafael Tienda eta biok Arrate hoteleko bezeroak izan ginen urteetan eta benetan harrituta geratu ginen egun batetik bestera hotela itxi egin behar zutela jakin genuenean, ezin genuen sinetsi. Harrerako beharginekin berbetan hasi eta eurek proposatu ziguten hotela geuk hartzea, erdi txantxetan. Eta horrela hasi zen dena. Hilabeteetako negoziazio oso gogorrak eta gero, eta Eibarko Udalak hotela berriz zabaltzeko interesak bultzatuta eskainitako laguntzari esker, uztailaren 26an hotelaren kargu geuk hartu genuela modu ofizialean esateko moduan geunden eta hortik aurrerako guztiak oso modu azkarrean egin genituen: hotelean konpondu eta txukundu beharrekoak egin eta abuztuaren 10ean gure lehenengo bezeroari harrera egin genion.

- Arrate hotela itxi aurretik, lehenagoko beharginekin istiluak egon ziren, lehengo jabeek ordaintzen ez zietela eta. Unzaga Plaza zabaltzean lehengo beharginak hartu dituzue ala berriak kontratatu dituzue?
Gu enpresa berria gara eta, beraz, gure eskaintzara, hau da, eskaini nahi dugun zerbitzu motara moldatu eta egokitzen diren beharginak hartu ditugu. Aurreko beharginetatik 6 kontratatu ditugu, harrera eta mantenimendu arlokoak eta beste lanpostuak betetzeko 19 behargin berri hartu ditugu, denak edo ia denak Eibarkoak.

- Denbora gutxi da hotela zabaldu duzuela, baina orain arteko martxa nolakoa ari da izaten?
Gauzei neri gustatzen zaidan moduan, hau da, patxadaz begiratuz gero, ba ez dakit denbora tarte laburregia ez ote den ezer esaten hasteko. Baina gauzei modu positiboan ere begiratzea gustatzen zait eta, alde horretatik, hotela martxan egon den lehenengo 50 egunetan %60-66 bitarteko okupazioa izan dugu eta hori ez da gutxi. Kontuan izan, gainera, jendeak denborarekin prestatzen dituela bere oporrak eta, alde horretatik, desabantaila izan da uztaila amaierara arte inon publizitaterik ipintzeko aukerarik ez izatea.

- Nolako turistak ailegatu zaizkizue? Eta zelako turistak erakarri nahi dituzue?
Orain arte estatutik zein atzerritik etorri zaizkigu, baina guri, normala denez, turismo mota guztiak interesatzen zaizkigu. Egia da gurea kalitate ertaineko turismoa eta hortik gorakoa izaten dela eta hemen pasatzen dituzten egunetan, gainera, hoteletik kanpora ere dirua lagatzen dute Eibar eta inguruko taberna, jatetxe, denda eta bestelakoetan. Europatik datozen eskaerak apur bat bereziak izaten dihardute, bestalde. Horiek, orohar, astebete osoa ematen dute hemen eta horientzat zein beste guztientzat hemengo eskaintzarekin pakete modukoak osatu nahi ditugu, bakoitzaren gustuen arabera aukeratzeko modukoak: Eibarko Museoa, Balenciaga Museoa, Elgoibarkoa… hamaika aukera eskaintzen ditu Debabarrenak eta inguruak eta askotan guretzat bereziki erakargarriak ez diren gauzak oso interesgarriak gertatzen zaizkie kanpokoei. Adibide bat ipintzearren, aurreko batean bezero batek interes handia zuen bizar bariko Kristoa non zegoen jakiteko eta galdetzen galdetzen hara non eta Azitaingo elizan dagoen, eta seguro jende askok hori ez dakiela, hemengoa izanda ere!