Ane Sarasua Aranberri (UEUko Idazkari Nagusia): "Eibarrek arnasgune akademiko bat dauka Markeskoa jauregian”

Ane Sarasua Aranberri (UEUko Idazkari Nagusia): "Eibarrek arnasgune akademiko bat dauka Markeskoa jauregian”
2022/03/04 eta kitto!


50 urte beteko ditu aurten UEUk, eta 22 urte daramatzazu Idazkari Nagusi moduan.  Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
Orain dela 25 urte lizentziatu berri nengoen eta lanpostu bila ari nintzen. UEUren iragarki bat ikusi nuen egunkarian. Proiektua nire nebaren bitartez zeharka ezagutzen nuen, besterik ez: Asier orduan biologia ikasten ari zen Leioan, UEU oso aktibo zegoen natur zientzien sailean... Baina ni Deustotik nentorren, Zuzenbide ekonomikoa ikasi nuen. Han prestatzen zaituzte izaera merkantilista eta ikuspegi pribatua lantzera nolabait, eta lanpostuaren iragarkia euskaraz ikusteak animatu egin ninduen.

Eta zer aurkitu zenuen bertan?
Proiektu erakargarri bat eta oraindik txikia zen lantalde bat aurkitu nuen. UEU unibertsitatea eta euskara uztartzen hasi zen 1973an; 1997 hartan hazkuntza prozesu bat hastear zegoen, baina urte askoan bi lanposturekin zegoen UEU.  Konturatu gabe iritsi nintzen UEUra, baina egia da segituan harrapatu ninduela. Ez nuen espero nire ibilbide profesional osoa han egitea: ekonomikoki proiektua ikuturik zegoen, babes instituzional bila zebilen baina oraindik egonkortze fase batean. Hala ere, udako ikastaroak oso potenteak ziren, eta baita jardunaldiak eta materialgintza ere.

2000. urtea mugarri izan zen UEUrentzat. Zer gertatu zen orduan?
Hiru urte neramatzan kontularitza eta finantziazio atalean, eta  ordura arte Idazkari Nagusia zen Mari Karmen Menikak eta Xabier Isasi zuzendariak Idazkari Nagusi kargua proposatu zidaten. Apostu horrek kointziditu zuen Bilboko egoitza erosteko aukerarekin. Eta, bat-batean, Eibartik deitu ziguten Markeskoa proiektuz beteko ote genuen galdetzen. Eibarko Udalarekin  lagatze-hizarmena lortu genuen. Aurrekontua bikoiztu genuen urte horretan, eta irudikatzen hasi ginen komunikazio arduradun bat behar zela plantillan, informatikari bat, kontularitzarako beste errefortzu bat, aholkulari pedagogiko bat, on-linerako saltoa, zuzentzaile bat argitaletxean... 2000. urtetik 2005era gaur egungo UEU denaren oinarri nagusiak jarri ziren lantaldeari dagokionez. Proiektua hor zegoen, baina bolumenari dagokionez hazi egin da, beti ere oinarriak ahaztu gabe.

50. urteurrena aukera egokia da, beraz, UEUren oinarriak gogoratzeko.
Bai, urteurrenean gauza asko ari gara gogoratzen. UEU 1973an jaio zen Ipar Euskal Herrian. Gure lantaldeak ez zuen hori bizi izan, baina oso presente izan dugu beti. Gauza batzuk plazaratzeko askoz ere toki aproposagoa zen iparraldea garai hartan. Askatasun gehiago zegoen politikaz, erlijioaz, kulturaz, euskaraz edo irakaskuntzaz hitz egiteko. Aditu asko joaten ziren hegoaldetik euskaraz eta unibertsitateaz hitz egitera. Oinarrian goi mailako euskarazko irakaskuntza bultzatzea zegoen, testu-liburuak euskaraz argitaratzea, bilgune izatea; sarea edo komunitatea egitea... Lekukoa hartu dugunok hori handitu egin dugu baliabide eta proiektuetan, baina oinarriak nahiko berdintsuak dira.

Asko aldatu da lan egiteko modua  50 urte hauetan?
Digitalizazioaren ikuspegitik gauzak asko aldatu dira. Eta lan egiteko modua asko aldatu egin da hazi egin garelako; Eibarrera bi pertsona etorri ziren eta gaur egun 15 gaude. Proiektu arduradunak ditugu, baina  gero kudeaketaz, komunikazioaz, informatikaz eta aholkularitza pedagogikoaz arduratzen diren lantaldeak ere badaude.  Lau egoitza ezberdinetan gaude banatuta, Baionan, Iruñean eta Bilbon egoitza soziala eta administratiboak ditugu eta Eibarren  ikastetxe nagusia,  eta bertatik abiatzen dugu jarduera akademiko nagusia, izan presentziala zein online.

2000. urtetik zaudete Markeskoa jauregian. Zer eman dio Eibarrek UEUri?
Azpiegiturak oso garrantzitsuak dira. Gu orduan alokairuan geunden Bilbon, Iruñean eta Baionan. Bat-batean lortu genuen gaur egun Bilboko egoitza soziala dena erostea, eta aldi berean Eibarko Udalaren deia jaso genuen. Bego Azpiri aipatu nahiko nuke, berari okurritu zitzaiolako. Markeskoa jauregia XVI. mendeko jauregia da, ondare moduan kalifikatuta dago eta 900 metro karratu ditu. Baina hutsik zegoen. Eibarko Udala proiektu baten bila zebilen, jauregia edukiz eta bizitzaz betetzeko. Guztiz eskertzekoa da UEUz gogoratu izana. Proiektua aurkeztu genion Udalari eta aurrera atera zen.

Pausu handia izan zen beraz...
Eskola-tailerrak zaharberritze lanak eginda zituen, baina dena hutsik zegoen. Apurka-apurka dena atontzen hasi ginen: gune administratiboa, areto nagusia, ekipamendu informatikoa, informatika gela, ikasgelak... Eta poliki-poliki jardueraz betetzen joan ginen, ilusioarekin baina baita bertigoarekin ere. Ordura arte alokairuan geunden eta gauzak antolatzeko beti eskean ibili behar ginen. Markeskoak sekulako erakusleihoa eman digu, gizarteari egiten duguna erakusteko espazio bat. 2000. urtean pasa ginen batik-bat udako ikastaroak antolatzetik uda sasoitik irtetera, hau da, urtean zehar gauzak antolatzera. Eta, Markeskoak berak ematen dituen aukerengatik, jarduera presentzial batetik onlinerako saltoa eman genuen. Hortaz, Markeskoa opari bat izan da.

Eta zertan egiten dio mesede UEUk Eibarri?
Hezkuntza alorrean goi mailako hirukote bat osatzen dugu Armeria Eskolak, UNI Eibar-Ermuak eta UEUk Eibar hiri unibertsitario bilakatzeko horretan.  Gure jarduera Eibartik zabaltzen da, gure plantillaren %80 Eibarren dago, eta unibertsitate mailako etengabeko prestakuntza eskaintzen dugu. Eibarrek arnasgune akademiko bat dauka: bizialdi osoko euskarazko  prestakuntza egin nahi baduzu, hemen, Eibarren, aukera daukazu. Beraz, Eibarri hori eskaini nahi diogu. Gure ikasleen %20 eskualdetik dator. Eibartar moduan gustatuko litzaidake UEU ezagunagoa izatea, jendeak jakitea euskara eta unibertsitatea elkartzen ditugula Eibartik, kriston eskaintza daukatela hemen formatzeko, eta posible dela hori euskaraz egitea.

Zuri zer eman dizu UEUk pertsonalki eta profesionalki?
UEUk daukan izaeragatik zaila da arlo profesionala eta pertsonala bereiztea. Bihotzera heltzen den proiektu horietako bat da. Ibilbide profesional bat egiteko aukera eman dit UEUk, hazi egin naiz eta hori aitortu eta eskertu behar diot UEUri. Ardura berriak hartzen joateko aukera eman didate eta hartzen jarraituko dut, eta eroso sentitzen naiz. Kudeaketa gustatzen zait, eta arlo horretan hainbat gai jorratzeko aukera daukat: alde batetik, zenbakiak asko gustatzen zaizkit; 1.300.000 euro kudeatzera iritsi gara, horrek ibilbide profesional batean esan nahi duenarekin. Bestetik, estrategia, egitasmoaren bideragarritasuna... gustatzen zaizkit horrelako erronkak. Eta ikasi dut zein garrantzitsua den lantaldea proiektua aurrera ateratzeko. Ni emozionala naiz, baina UEU ere emozionala da, eta kudeaketa alorrean emozioei tartea eskaintzea ahalbideratu dit UEUk. 21 pertsona daude nire ardurapean eta asko lantzen dugu alde hori. Denak gara garrantzitsuak. Pertsona ondo badago proiektuak nabarituko du. Gure izaera sozialagatik (irabazirik gabeko elkartea gara) ere beste modu batean kudeatzen duzu. Bestetik, hezkuntzaren eta euskararen mundua oso  politak dira. Hezkuntza asko gustatzen zait eta euskara dena da niretzat. Euskaraz lan egitea eta proiektu bat euskaratik bultzatea luxu bat da. Eskola izan  da gainera, asko ikasi dut, oso jende interesgarria ezagutu dut, ezagutza partekatzen duzu. Beraz, pertsonalki eta profesionalki asko eman dit.

Zer antolatu duzue 50. urteurrenerako?
Pandemiagatik denok mentalki oso nekatuta gaude, eta honek eman digu behar genuen indarra eta ilusioa. Udan egingo dugu ospakizun nagusia, udan sortu zelako orain dela 50 urte UEU, eta kriston ikastaro politak ari gara antolatzen. Hogei jardunaldi potente izango ditugu eta guretzat urte hauetan gai estrategikoak izan daitezkeenak plazaratu nahi ditugu ahal bada elkarlanean, Elhuyarrek eta Elkarrek ere euren 50. urteurrena ospatzen dutelako. Eibarren egongo gara, baina baita Bilbon, Iruñean, Baionan, Donostian eta Usurbilen ere. Urtarrilean topa birtual bat egin genuen.  Apirilaren 10ean, Korrikaren amaieran, kilometroa hartu dugu Donostian. Eta Eibarren Korrika Kulturalean ere parte hartuko dugu: martxoaren 30ean  ekitaldi  bat antolatu dugu Markeskoan; hainbat  gonbidatu izango ditugu, batzuk eibartarrak , eta modu umoretsu eta informal batean arituko dira. Hiriburuetan ere ari gara ekitaldiak antolatzen. Eibarren festa moduko bat egingo dugu ekainaren 1ean. Ekitaldi nagusia irailaren 21ean izango da, Bilboko Kafe Antzokian egin nahi dugu eta ekitaldi instituzionala izango da. Urteurrena ospatu eta gure proiektua ezagunagoa egin nahi dugu. Gure bazkideak  aktibatu (1.200 inguru dira) eta belaunaldi berriak erakarri nahi ditugu.

Nola ikusten duzue etorkizuna?
Horren gaineko gogoeta egin dugu eta, gure txikitasunetik, ondorioztatu dugu unibertsitatearen funtzio nagusia gizartearen premiei erantzutea dela. Etorkizunean unibertsitateak alturan erantzun behar izango du. Etorkizuneko erronkei bide emateko eragile izan nahi dugu. Hor egon nahi dugu eta bide emate  horretan gure aletxoa eskaini. Eta euskara sustatzen jarraitu, jakina.

Martxoak 8 hor daukagu. Aurten berdintasun plana lantzen hasi zarete.
Gure izaeragatik genero-berdintasuna azpimarratzen dugu eta horren alde borrokatzen dugu. Nahiko ondo gabiltzala uste dut, baina beti dago non hobetu. Gure hartzaile profila emakumezkoa da, gipuzkoarra, 35 urtekoa, lanean dabilena eta ikasketa unibertsitarioak dituena. Irakasleak aukeratzerakoan ere erdia emakumezkoa da. Egitaraua aukeratzerakoan beti dugu hizpide genero-berdintasuna. Berez ez gaude behartuta berdintasuna plana egitera, baina pentsatu genuen egin behar genuela, ondo etorriko litzaigukeela horrelako prozesu batean sartzea. Horretarako beharrezkoa da agente aholkulari bat eta guk Elhuyar aukeratu dugu. Beraiek gidatuko gaituzte, bederatzi hilabete iraungo du eta orain hasiko gara.

MARKESKOA

UEU jarduera