Angel Toña: “Gaur 25 urte inguruko langabetuak epe luzera lana izango du”

Angel Toña: “Gaur 25 urte inguruko  langabetuak epe luzera  lana izango du”
2016/01/22 eta kitto!
Angel toña ondarrutarrak hemendik gutxira urtebete egingo du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko kontseilari karguan. Datorren astelehenean “Enpresa-eredu berriak garatzeko eta harremanak partekatzeko beharra Euskal Herrian” gaiaren inguruan jardungo du, Antonio Cancelorekin batera, Armeria Eskolako “Ondo Egindako Lana” programaren barruan. Ekonomialaria, Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta konkurtso-administratzaile moduan jardundakoa, prest azaldu zaigu gure galderei erantzuteko.

– ‘Ondo egindako lana’ programaren barruan jardungo duzu Antonio Cancelorekin Armeria Eskolan hilaren 25ean. Zer ulertzen duzu hiru hitz horien esanahaiaren azpian?
Zentzu askotan ulertu daiteke esaldi hori. Ondo egindako lana da emaitzak dituena, adibidez. Baita norberaren buruarekin ados egoteko modukoa dena, hau da, dugun onenaren ondorioz lortzen dena. Ondo egindako lana, helburuak betetzen dituena ere izan daiteke. Modu askotan neurtu daiteke lanaren ondo egindako marka hori. Nik esaten dut gauzak eginda daudela ondo eginda daudenean, amaituta daudela, osorik amaitzen direnean. Gure etxean etxeko ardurekin hori aplikatzen dugu, garbiketa adibidez, ondo eginda dagoela dena amaitzen dugunean. Nik uste dut lanean zintzotasunez jokatu behar dugula denok: enpresarioak eta langileak. Bizitzan bezala. Eta prestutasun horretatik abiatuz, ondo egindako lana errazago lortzen dela.
­– Hemendik gutxira urtebete izango da sailburu karguara heldu zinela. Espero ez zenuen zeozerekin egin duzu topo orain arteko bidean?
Zuzentzen dudan saila oso zabala da: gizarte politikak, enplegua eta etxebizitzako azpisailak biltzen dira bertan. Gai oso garrantzitsuak, jendearengan duten eraginagatik. Hilabete hauetan lan asko egin dugu eta, nik ikusten dudanez, lanaren emaitza ez da antzematen guk nahiko genuke mailan. Azpitik lan asko dago, adostasunak bilatzeko nahian,  batzar asko egiten ditugu edozein aldaketa bultzatu aurretik. Hori kanpotik nik ez nuen sumatzen eta barrutik ondo ikasi dut. Nik nahiko nukeena baino pausu txikiagoak ematen ditugu batzuetan, baina pausuak sendoak direla.
– Lan eta gizarte politikan zeintzuk dira gure gizarteak dituen arazo larrienak? Gazteen langabezi kopurua? Soldata duinak? Konpetitibitate ahalmen eskasa? Fiskalitatea?
Sarritan esan dugu Jaurlaritza honen iritziz arazo larrienetakoa kohesioa dela. Krisi ekonomikoan murgilduta egon gara azken urteotan eta horren emaitza denok dakigu. Orain, eta nahiz eta tentuz esan behar dugun, egoera beste bat da. Gure barne produktu gordinak igoera inportantea izan du 2015ean eta enplegu merkatuan ere aldaketa bat nabaritzen hasi gara. Baina pertsona asko daude gure inguruan errekuperazio horretatik kanpo gelditu direnak orain arte. Gure ikuspegitik hori da gehien borrokatu behar duguna. Pertsona da gobernu honen helburua eta orain, ekonomia sendatze bidean dagoenean, hobekuntza hori pertsona guztiengan nabaritzea espero dugu. Kohesioa da landu behar duguna.
Bestalde, nik badakit gazteen artean langabezi maila kezkagarria dela. Epe laburrera horren aurkako neurriak hartu behar ditugu eta hartu nahian gabiltza. Esate baterako, errelebo kontratuak indartuko ditugu aurten. Pausu txiki bat baino ez da, baina gure aldetik jarri dezakeguna da. Baina epe luzera begira, nik ez nuke esango arazo hau larrienetakoa denik. Gure biztanleriari begira, 2029an euskal gizartearen herenak 65 urte baino gehiago izango du. Horrek erronka berriak ekarriko ditu seguru, baina gaur lanean ari diren hainbat pertsonaren erretiro profesionala ere. Horregatik, gaur 25 urte inguruko langabetuak epe luzera lana izango duela uste dut. Gehiago kezkatzen nau zentzu horretan langabezi egoeran dagoen formazio gutxiko eta familia buru den heldua.
– Batzuek esan izan dute krisiek hobetzeko bideak erakusten dizkigutela. Sinesten duzu horretan? Edo esaldi bat besterik ez da? Krisitik hobeto irtengo gara?
Ekonomian krisiak gertatzen direla ikusi dugu betidanik. Krisietatik ez dakit hobeto irteten garen, baina bai aldatuta. Krisi aurretik ondo aritzen ziren hainbat enpresek ezin izan diote aurre egin egoera honi, ezin izan dira moldatu. Krisiak eraldaketa dakarrelako. Aurreko egoerara ez garelako bueltako. Tunel batean sartzea suposatzen du, eta tunela ez da hasierako puntura itzuliko, ez, beste egoera batera eramango gaitu eta guk ez dakigu zer aurkituko dugun. Zortzi urte hauetan gure enpresek bezero berriak aurkitu behar izan dituzte, seguruenik, eta orain hauek sendotzen arituko dira. Moldatzen jakin izan dutenak, indartsuago egongo dira, baina igual akaso oraindik ahultasun handiak dituztenak ere izango ditugu, sektore ezberdinetan ekonomiaren hazkundea ez delako berdina.
– Urteak dira Lopez Arriortuak modan jarri zuela "Langile jauna" esaldia. Halakorik badago errealitatean? Enpresariek benetan bilatzen du langilearen parte hartzea enpresan?
Patronalen artean, proiektu ezberdinak daude langileen parte hartzea suspertzeko eta hemen horretaz zeozer badakigu. Esate baterako gizarte ekonomian ibilbide luzea dugu Euskadin. Lehen esan dudan bezala, zintzotasuna badago lan munduan. Enpresarioen artean, langileen arten bezala, zintzotasunez jokatzen dutenak gehienak dira. Enpresaren ongizatea bilatzen dute, ez bakarrik mozkin altuenak. Gatazkak ez direla bidelagun onak badakite eta zentzu horretan nik ez daukat zalantzarik, elkar bizitzeko kultura bultzatzeko planak benetakoak direla.
– Azken lan erreformak karri du onik gizartearentzat? Zenbateraino gaude behartuta horri jarraitzea Euskadin?
Espainiako Gobernuak aprobatu zuen azkeneko lan erreforma ez dela guk nahiko genukeena edo guk bultzatuko genukeena errepikatu dugun ideia da eta gaur ere azpimarratu nahiko nuke. Guk enpresen ordezkariekin hitz egiten dugunean hauek flexibilitatearen beharra azpimarratzen dute. Eskaera ezberdinei erantzuteko malgutasunaz aritzen dira askotan. Eta aurrean langile finkoen ordezkarien kontrako jarrera aldaezina dela ere salatzen dute. Horren aurrean, enpresa askotan, finkoak diren langilegoaren portzentajea ez dute aldatzen, eta tenporalak diren langileen baldintzen arabera lortzen dute malgutasun hori. Batzuetan, langileen %70ari baldintzak ez dizkiete aldatzen eta beste %30ari malgutasun osoa aplikatu. Gure ustez egokiago litzake malgutasun hori lortzeko akordioak bideratzea.
– Bai enpresariek, eta baita sindikatuek ere, ez dute "ospe" txarra egun? Ez da haien eginbeharra gutxiesten? Zelan aldatu daiteke uste hori?
Langileen zein enpresarioen ordezkarien lana ezinbestekoa da eta printzipio hori errespetatu behar dela argi utzi nahi dut. Bakoitzak bere lana dauka eta interes batzuei erantzuten die. 2007 edo 2008an koka dezakegu azken krisi ekonomikoaren hasiera eta nik uste dut biztanle askorentzako ez dela oraindik amaitu. Denbora luzea daramagu beraz antzeko egoeran: batzuk lana galdu dute, askok, eta beste askorentzako ere lana galtzeko arriskua erreala izan dela nabaritu dute. Testuingurua kontutan hartu behar dela uste dut bai patronalen zein sindikatuen lanen balorazioa egin aurretik. Eta testuinguru honetan patronalen eta sindikatuen arteko akordioak gutxi izan direla esan dezakegu. Nik uste dut dena nahastuta, testuinguru honetan adostasun falta hori agerikoa dela, hortik etor daitekeela zuk diozun sentsazioa. Nola konpondu? Ba neurri berean, akordioak bultzatuz. Gizarteak eskatzen duela esango nuke, baina ez soilik enpresarioen eta sindikatuen artean, ez, baita alderdi politiko desberdinen artean ere. Hori da gure erronka.
– Asko esaten da Euskadiko egoera estatuarena baino hobea dela. Benetan dago hainbesteko aldea? Krisiak eragin txikiagoa du gugan?
Krisia Estatu mailan eta autonomi erkidego mailan era ezberdinean izan du eragin, bai. Gurean, gure enpresek krisia hasi zenean aurre egiteko tresna gehiago zituztela erakutsi zuten, hasieran. Nolabait, gure ekonomia oinarri sendoagoetan sustatuta zegoela. Baina krisiak epe luzea hartu duenez, oinarri batzuetan desegonkortasunaren aztarnak ere nabaritu izan ditugu geroago. Hemen, langabezia gutxiago hasi da, esate baterako. Baina gure langabezi tasa %16 baino altuagoa izan da une txarrenetan. Espainiakoa baino dezente baxuago, bai, baina Europako beste herrialde batzuen aldean askoz ere altuagoa. Ondorengoari begira, gure enpresen hazteko ahalmena ikusita baikor gara. Ez genuen Estatuko erritmo bera izan produktu gordinak hazkunde negatiboa izan zuenean eta ez dugu erritmo bera izango hazkundea hasi denean ezta. Baina gure oinarriak sendoak direla uste dugunez, gure ekonomia egonkorra izango dela deritzogu.