Antxon Lezaun (arkua, ehiza eta arrantza): “Arkua eskopeta baino askoz naturalagoa da”

Antxon Lezaun (arkua, ehiza eta arrantza): “Arkua eskopeta baino askoz naturalagoa da”
2016/11/11 eta kitto!
Antxon Lezaunek Amañako Pedro arma-dendan egiten du lan eta, horrekin lotuta, ehiza ere praktikatzen du, “konpromisoz askotan”. Baina ez da ehiztari  klasiko horietakoa, arkuarekin  eskopetarekin baino askoz gehiago gozatzen duelako. Arrantza ere ez du baztertzen, berak dioen moduan “beti ere pieza hil barik”. Arku-lehiaketetan goi postuak lortutakoa dugu eibartarra, horren adibide arko konposatuan eskuratu zuen Bizkaiko txapela.  “Euskadikoa ere irabazi nuen orain dela bi urte. Baita Espainiakoa ere, azkenean puntuazio arazoak tarteko kendu bazidaten ere”. Sasoian bakarrik ez, urte osoa aprobetxatzen du ehiza egiteko.

- Oraingoa da, orokorrean hartuta, ehizan jarduteko sasoia, ezta? Baina zure denboraldia gehiago luzatzen da.
Ez daukat nire burua ehiztari ohizkotzat. Esaterako, arkuarekin eskopetarekin edo erriflearekin baino askoz gehiago gozatzen dut. Arkua naturalagoa da eta aukera gehiago eskaintzen dizkio animaliari, zuk beste zeozer sentitzeaz aparte. Arkuak ematen dizuna bizi egin behar da jakiteko; ehiza hori da.

- Lehiatu ere, arkuarekin txapelketetan izan zaren moduan, bestelako ehizakoetan ez zara parte-hartze zale.
Lehiatu behar hori, aldamenekoak baino pieza gehiago kobratze horretako borroka ez dut gogoko. Horregatik, noizbaiten izan banaiz ere (batez ere probatzera joan nintzen, txakurrarekin), Diana elkartekoek-eta antolatzen dituzten lehiaketetan ez dut parte hartzen. Arkuarekin bai lehiatu izan dudala, eta Urdaibaiko klub batekoa naiz.

- Arku txapelketak noiz izaten dira? Bestela, noiz egiten duzu ehiza arkuarekin?
Txapelketak batez ere uda partean izaten dira eta ondo pasatzera joaten naiz, beste barik. Ehizan, bestalde, asko maite dut gauez egitea: basurdeak eta halakoak harrapatzeko, haiek irtetzen dutenean irten behar duzu zuk ere. Orduan ikusten dituzu ere garduñak, martak... bestela ikusiko ez zenituzkeen animaliak. Zuhaitz batera igo eta inguruneaz gozatzea edozeinek eskertuko luke. Eskopetekin-eta egiten diren batidetan, bestalde, mendia itxi, txakurrak bota... eta zuregana datozenean tiroa bota... Hor meritua perrero edo ehizatxakurzainek dute. Haiek errazten dute bidea.

- Zuk ez duzu txakurrik, ala?
Ba txakur barik nabil. Azkena teckel bat arrastoetarako, baina laga egin dut, aitari ez kentziarren. Txakur barik ere badira gauza nahiko ehizaren inguruan bizitzekoak, ingurunea zaintzearen espiritutik abiatuta: mendia garbitu, sasiak moztu, taldean jardun, mokadu bat hartu elkarrekin... Ehiztaria goiz jaikitzen da guzti horrek merezi duelako.

- Ehizarik badago hemen? Jendea asko kexatzen da, asko jaitsi dela esanez.
Ehiza txikiari dagokionez, ez dago gauza askorik, ez. Oilagorra eta usoa kenduta, ezer gutxi. Ehiza larrian beste gauza bat da: basurdeak eta orkatzak plaga bihurtu dira ia, batez ere txerrien kasuan. Izan da baserritarrik ehiztarien kontra jardun eta gero basurdeek egiten zizikion kalteak direla-eta guregana jo duena ea akabatuko genituen eskatzeko. Andaluzian eta Extremaduran askoz gehiago zaintzen dute ehiza hemen baino.

- Zaletasuna zure lanarekin lotuta dago: Ezin gurpil horretatik atera. Edo gustora zabiltza horrela?
Nire lana gustoko dut; ezin dut kontrakorik esan. Eta lagun batekin mendira joatean, han lasai egonda, deskonektatu ere egiten dut. Bestela, gure profesioan gazterik ez dago apenas. Nik aurretik Grullan egin nuen lan, sei urtez.

- Nondik etortzen zaizkizue lan gehienak? Estatutik, kanpotik?
Guk, armaginak moduan, konponketak egiten ditugu, batez ere. Eta Espainiakoekin nahikoa dugu, ez dut nahi lan gehiago hartzerik. Eskopeta artisauak ere hemendik kanpo ez dira egiten: Grulla, Garbi... dihardute lan horretan.

- Hor ere prezioan egongo da aldea.
600 eurotik hasi eta 150.000 eurora artekoa, eskaeraren arabera.

- Eta arrantzan, noiz jarduten duzu?
Batez ere, martxotik abuztura arte-edo. Uribarriko urtegira jotzen dugu eta kayak-etan egiten dugu arrantza. Lutxoak eta perkak hartzen ditugu batez ere, beti ere gero askatzeko. Itsasoan, bestalde, lupina hartzen dut gehien eta urpeko arrantza iruditzen zait politena.

- Asteburuan, nora?
Huescara joatea tokatzen zaigu. Urtarrilean Alacantera joango gara. Gau gogorrak dira mendi goietakoak, baina merezi du.