Arima Cool Tour: “Sormena da gizartean ematen diren arazo askoren konponbidea”

Arima Cool Tour: “Sormena da gizartean ematen diren arazo askoren konponbidea”
2019/12/05 eta kitto!
Arima Cool Tour elkarteak larrua lantzeko tailerra eskainiko du ...eta kitto! Euskera Elkartean (Urkizu, 11) abenduaren 17an, 19:00etan. Sormena erabiliz larruzko produktuak egiteko aukera eskainiko dute, norberaren gustuen araberako pertsonalizazioarekin. Ez da beharrezkoa eskulanak egiten abilezia edukitzea, ondo pasatzeko gogoa besterik ez da behar.

 

- Zer egingo duzue larrua lantzeko tailerrean?

Tailerra larruak eskaintzen dizkigun aukeretara hurbilketa bat da. Diru-zorro batzuk egingo ditugu material horrekin, eta gure gustura pertsonalizatuko ditugu. Patroi baten bidez gure zorroa diseinatu, apaindu eta margotuko dugu.

- Zein larru mota erabiliko duzue?

Kolore eta lodiera desberdinetako larru naturala erabiliko dugu. Eskulanak egiteko materiala guk eramaten dugu, jendeak ondo pasatzeko gogoa besterik ez du eraman behar.

- Nolabaiteko trebezia behar da ala edonork hartu dezake parte ikastaroan?

Ez da beharrezkoa aldez aurreko ezagutzak izatea, ezta trebetasun bereziak ere. Larruzko artisautzaren mundua modu erraz eta eskuragarrian aurkeztuko dugu. Norbaitek larrua lantzen aldez aurretiko esperientzia baldin badu, gauza konplexuagoak egin ditzake, baina tailerra esperientziarik ez duen jendearentzat prestatuta dago berez.

- Ikastaroa amaitzean, norberak etxean egin ahal izango ditu larruzko gauzak edo tresna eta material bereziak behar dira zuek proposatutakoa lantzeko?

Bai, etxean arazorik gabe jarrai dezakete lanean. Baliabideak eta iradokizunak emango ditugu beharrezko materialak erosteko, eta erabiliko diren tresnak erraz lortu daitezke erosi nahi izanez gero.

- Arima Cool Tourren eskaintza oso zabala da. Nolako tailerrak eskaintzen dituzue? Zein da zuen filosofia?

Tailerretan espezializatuta gaude. Orain dela 10 urte hasi ginen, kasu batzuetan lantegien eskaintza oso pobrea eta kalitate eskasekoa zela ikusten genuelako. Arimako kideok sormen-kezka eta jakin-min amaigabeak ditugu, materialei eta teknikei buruz etengabe ikertzen dihardugu, eurekin tailerrak egin ahal izateko. Gaur egun 350 tailer baino gehiago ditugu gai, helburu eta adin ezberdinentzat. Irakurketa sustatzeko jarduerak ditugu, birziklatze- eta iraunkortasun-tailerrak, berdintasun-tailerrak, sukaldaritzakoak, familian egiten diren tailerrak... eta guztiek dute izendatzaile komun bat: guztiek dute osagai artistiko eta sortzaile bat, eta jardueraren bidez euskararen erabilera sustatzen dugu. Kontzeptu horietan oinarritzen da gure filosofia: sormena eta euskararen sustapena, kalitatezko materialak erabiliz, partaideak hunkitzea eta motibatzea helburu duten ekimenen bidez.

- Gizartean, oro har, sormena gehiago landu beharko litzateke?

Jakina. Sormenak egiten gaitu bakar. Gure hatz-marka bezalakoa da, bakarra eta faltsifikatu ezina. Norberaren motibazioa, ilusioa eta autoestimua indartzen dira sormenaren ondorioz. Hezkuntza-sisteman guztiok dugun kualitate hori indartuko balitz, aurrera doan etorkizuneko gizarte bat sortuko genuke, kezkak dituena, bizirik dagoena eta eboluzionatzen dena. Irmoki sinesten dugu sormena dela gure gizartean ematen diren arazo askoren konponbidea.