ARRATE MALLABIABARRENA: “Finantziazio ezagatik ikerketa zientifiko asko geldiarazi dira”

ARRATE MALLABIABARRENA: “Finantziazio ezagatik ikerketa zientifiko asko geldiarazi dira”
2012/02/02 eta kitto!

-Bartzelonako Erregulazio Genetikoko Zentroan (EGZ) biologoa zara, baina zein da zehazki zure betebeharra han?
EGZko Mikroskopia Optika Aurreratuko Unitatean egiten dut beharra. Diseinu esperimentalean euskarria eta ditugun mikroskopia ekipamenduen erabileran formakuntza eskaintzea da nire betebehar nagusia.
-Munduko hiru mikroskopio handienetariko bat darabilzu eskuetan. Zer suposatzen du zuretzat?
Mikroskopio handienaren kontzeptua nahiko erlatiboa da. Daukaguna da mikroskopio konfokal biren aparteko konfigurazioa, fotoi bateko laserez gain, euren artean multifotoi laserra elkarbanatzen dutena. Ekipoa instalatu zenean, 2009ko urrian, horrelako konfigurazio konplexu eta aurreratua zuen lehen zentrua ginen.
-Zer ikustarazi dezake mikroskopio horrek, beste batzuek ikustarazi ezin dutena?
Multifotoi mikroskopio baten erabilera nagusia da sakon dauden gauzak ikusi daitezkeela eta, gainera, denbora luzeagoz. Hau da, kalte gutxiago egiten duen argidun iturri bat erabiltzea gauzak denbora gehiagoz edo sakonago ikusteko. Hori oso garrantzitsua da ikusten ditugun gauzak biziak direnean. Gaur egun, Super Bereizmeneko beste ekipo bat daukagu (Espainian bi daude bakarrik) eta gauzak askoz ere txikiago ikusten laguntzen digu (zuzenago esanda, oso hurbil dauden gauza bi ikustea uzten digu).
-Amerikako Estatu Batuetatik (AEB) etorri zinen EGZn lan egitera. Zergatik itzuli zinen? Nolakoa izan zen AEBtako esperientzia?
San Diegora (Kalifornia) 1995ean joan nintzen doktoratu ondoko beka batekin eta Kaliforniako Unibertsitateko Biologia Zelulareko Departamenduan (UCSD) lan egin nuen lau urtez. 1999an Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatera etorri nintzen irakasle elkartu bezala lan egiteko bost urtez. Gero, 2005an, San Diegora bueltatu nintzen lau urterako eta 2009az geroztik EGZan dihardut lanean. San Diego toki ederra da, bai bizitzeko, bai zientzia maila altuan egiteko. Lehen aldian arrazoi profesionalengatik bueltatu nintzen; bigarrenean, aldiz, pisu gehiago izan zuten arrazoi pertsonal eta familiakoek.
-Alde handia dago Kalifornian lan egitearen eta, kasu honetan, Bartzelonako EGZn egitearen aldean?
Egia esan, kasu zehatz honetan, ez dago alde handirik UCSD eta EGZren artean. EGZ atzerriko ikerlarien etortze handiena duen Espainiako I+G zentrua da. Ikerlarien hartu-eman handia dago. Horrek izpiritu gazte eta internazionala ematen dio beti zentroari. Maila profesionalean gure ekoizpen eta ezagueraren arabera gara ebaluatuak, eta horrek jendea lehiatzera eta duen guztia ematera behartzen du. Hemen ez du balio “nik nire plaza daukat eta orain atsedena hartu dezaket” kontzeptuak.
-Zein da zientziaren egoera Espainian?
Urte batzuk gehiago iraungo duen momentu oso txarrean aurkitzen gara. Denetarako dirurik ez badago, lehentasunak jarri eta diru hori non gastatu erabaki beharko da. Eguzki eta hondartzaren herrialdea izan gaitezke, edo I+Gan inbertitu. Nire botuak zerbaitetarako balioko balu, bigarren aukerarekin geratuko nintzateke.
-Krisiak ikerketa zientifikoko prozesuak geldiarazi ditzake?
Geldiarazi ditu jada! Finantziazio ezagatik proiektu eta ikerketa lerroak gelditu behar izan dituzten ikerlari asko dago.

“Oso oroitzpen onak ditut Eibarren gainean”

-AEBn eginduzu lan eta, orain Bartzelonan. Eibar faltan botatzen duzu?
Egia esan, ezin dut esan Eibar faltan botatzen dudanik. 18 urterekin Iruñara ikastera joan nintzen eta, ordutik, Eibarren egon naizen bakoitzean denbora laburrerako izan da. Hala ere, oso oroitzpen onak ditut Eibarren gainean eta maite dudan pertsona asko dago han. Familia kontuengatik, Euskadira noan bakoitzean Lekeitiora noa, baina denbora edo aitziakiaren bat badut, Eibartik pasatzen naiz. Ilusio handia egiten dit jende ezaguna ikusteak.
-Beti izan duzu argi biologoa izatea nahi zenuela?
Egia esan, ez. Zientziaren gaineko ikasketak egitea nahi nuen eta biologia beti gustatu izan zait. Karreran zehar jo nuen biologiaren ikerlari arlorantz.
-Etorkizunean posible ikusten duzu zure lana, Eibarren ez bada, Euskal Herrian egitea?
Egia esan, Eibarren zail edo ezinezkotzat jotzen dut. Baina CIC-Biogune edo Ikerbasquek Euskadin bultzatzen dituen beste zentru batzuetan, zergatik ez? Ez nuke arazorik izango. Euskadi asko ari da laguntzen eta inbertitzen ikerkuntzan, emaitza positiboekin gainera.