”Aukera izan dut Joko Olinpikoak kanpotik zein barrutik ezagutzeko“ (Imanol Magro, BERRIAko kazetaria)

”Aukera izan dut Joko Olinpikoak kanpotik zein barrutik ezagutzeko“ (Imanol Magro, BERRIAko kazetaria)
2016/09/21 eta kitto!
Abuztu osoa eman du Imanol Magro Eibarko kazetariak Brasilen. Hara joan eta lehenengo aste bietan lanari ekin behar izan zion, egun osoko jardunean, Rioko Joko Olinpikoetako kronikak egiten. Enekoitz Telleriak eta biek egunero hamabi orrialdeko gehigarria betetzen zuten. “Pentsa, abuztuaren 20ra arte ez nuen bertako Cristo del Corcovado ikusteko  aukerarik izan”. Orain dela lau urte Londresen egon zen, baina oraingoan beste modu batean bizi izan ditu  Jokoak: “Aurrekoan akreditazioarik gabe joan nintzen; oraingoan ate guztiak nituen zabalik”. Hala ere, erraztasun hori bertakoek ez dutela izan dio: “Kanpokoentzat egindako Jokoak izan dira”.

- 2012ko Londresko jokoetan ere izan zinen. Zelako aldea ikusi duzu orduko eta aurtengo Joko Olinpikoen artean?
Hasteko, hiria bera. Ez dira gauza bera Rio eta Londres. Londresen dena antolatuago zegoen eta Rioko arazo handiena garraio publikoa izan da. Dena dela, izan da hor desprestigio kanpaina moduko bat eta hori errealitatearen kalterako izan da. Zikarena, esaterako: han izan garen denbora guztian eltxo bakarra ere ez dugu ikusi-eta! Londresko Jokoak inoizko onenak izango ziren, baina Riokoak ez dira Atenaskoak baino kaskarragoak izan. Rio jokoetara egokitu da eta jokoak Riora: segurtasun neurriak oso handiak izan dira eta horrek joko horiek atzerritarrendako egindakoak izatea ekarri du.

- Aipatzen dituzun segurtasunaren aldeko neurriak larregizkoak izateraino?
Jakina! Hiri Olinpikoko kanpoko irudiek estatu-kolpe batenak ziruditen askotan. Tankea genuen han bertan eta Copacabanan gerra-ontzi bat ere bazegoen. Militarren katxeoak, gehiegizko eskaneoak... Ofizialki, polizia eta militarren arteko 85.000ko laguneko partida aipatu zuten, baina baliteke gehiago ere izatea. Lortu zuten, hori bai, bertako jendea urruntzea: gunea ondo garbitu zuten, ez zen eskalerik ikusten... Musikari batek esan zidan hondartzan gauero hamar bat lagun izaten zirela lo egiten eta desagertu zirela. Esklusio jokoak zirela-eta hainbat adierazpen eman ziren, oihartzun gutxi izan zutenak.

- Ikusleei dagokienez, ez da jende gutxi ikusi hiri olinpikoan kirol lehiaketak jarraitzen?
Egia da hori, foball eta boleibola kenduta beste kiroletan zaletu gutxiago izan da. Baina sarrerak, esaterako, oso garestiak izan dira. Hala ere, interneten dena salduta zegoela zioten. Eta gertatu da birsalmentan prezio azpitik saldu behar izatea, prezio erdian. Londresek, multikulturalagoa izanda, publiko potentzial gehiago zuen. Brasilgo batazbesteko soldata 360 eurokoa da hilean eta sarrerak 40 eurotan zeuden. Eta bada beste datu adierazgarririk ere: estadioetako ikusleen artean zaila zen beltzik edo mulatorik aurkitzea.

- Zure kasuan, aurretik lana gogotik egin ondoren izan zenuen aukera gero opor giroan bidaia amaitzeko, ezta?
Abuztuaren 22ra arte ez nuen oporrik nabaritu, hamabi orrialdeko gehigarria prestatu behar genuelako egunero. Baina oraingoan urrezko kaiolan egon nintzen, Londresen ez bezala kreditazioa nuelako. Kirola ahaztu barik, jakina, baina arlo soziala asko landu genuen, horko gaiak dosifikatuz: bortizkeria poliziala, parke olinpikoa egiteko faveletatik botatakoak, genero ikuspegitik dituzten arazoak... Bideoak bidali behar genituen Berriara, kronikak amaitu... Han 05:00etan argitzen zuen eta 18:00etan ilundu. Hemengo orduarekin alderatuta, bost ordu gutxiago genituen han eta hango 18:00ak ziren gure kronikak bidaltzeko muga. Kirolaren bueltan jardunda ere, batez ere 33 euskal kirolarien gaurkotasunaren inguruan jardun genuen.
Gero bai, izan zen tartea oporrekin gozatzeko. Paraty gune turistikoan izan ginen eta gero Salvador de Bahian astebete, berriro Riora itzuli aurretik. Beste giro bat nabaritzen zen bueltan, lasaiagoa; baina normaltasunera bueltatu gabe oraindik, Joko Paralinpikoak ere hor zeudelako, zain. Poliziena ikaragarria izan da: benetako obsesioa bizi izan dute segurtasunarekin. Hori bai, oraingoan Londresetik nuen arantza ateratzea lortu dut: han kreditazio barik izan nintzen, eta hemen ezin izango nuen ezer egin egoera horretan. Oraingoan kanpotik eta barrutik bizi izan ditut Jokoak.

- Zer iruditu zaizkizu Jokoetako hasierako eta amaierako ekitaldiak?
Hasierakoa bakarrik ikusi nuen eta, niretzat Pekingoa bada ere orain arte egin den onena, ikusita diruz justu zebiltzala, xumeagoa baina aldi berean polita iruditu zitzaidan Riokoa. Samba, karnabalak... euren presentzia izan zuten hor. Desfilea luzeegia izan zen, baina hori betikoa da: bi ordu larregizkoa da. Amaierakoa, bestalde, hurrengoa Tokion izango dela-eta, Japonek asko mediatizatu zuela uste dut.

- Rioko Jokoetako zein kirolarirekin geratuko zinen?
Maialen Chourreaut, euskaldunen artean Indurainen ondoren berak lortu duelako bigarren urrezko domina. Markel Alberdi eibartarra, berarekin izandako bi orduko solasaldia oso aberatsa izan zelako niretzat. Mundu mailara jauzi eginda, Usain Bolt, Michael Phelps eta Simone Biles gimnasta, duten mailarengatik eta euren inguruan mugitzen den guztiarengatik. Bilesen tranpolingo finalak ikusteko aukera izan nuen eta, bi jauzietatik onena aukeratzen badute ere, biak ezinhobeak izan ziren. Emakumezkoen errugbiaren finalean ere izan nintzen, Zeelanda Berria eta Australiako taldeen artekoan. Eta orain aitortu dezaket: Andy Murray teniseko urrezko dominaren irabazleari lapurtutako pelota gordeta daukat.

- Berriro ikusleei helduz, izan dira kiroltasun maila gutxi erakutsi duten uneak: txistuak dopinaren kasuekin nahastutakoei eta halakoak.
Hipokresia handia dago horren inguruan kirol munduan, denek egin dezaketelako gehiago arazoa konpontzeko. Bai, izan dira, igeriketan batez ere, errusiarren aurkako txistuak podiumean zeudenean. Brasildarren “kultura futboleroaren” erakusgarri izan dira ere brasildarren aurkakoen hutsak txalotzen zituztenak, pertikaren finalean kasurako.

- Zure ikuspuntutik, zer aldatu beharko lukete Joko Olinpikoek?
Garapen bidearen dagoenarentzat uste dut ona dela, jakinda beste lehentasun batzuk ere izango dituztela. Hori diot uste dudalako badagoela hortik zehar horrelako Jokoak beti herri garatuetan egin behar direla diotenak. Prezioak jaistea ere ez litzateke txarto egongo, luxuzko artikulua bihurtu delako. Herritar arrunta ezin da gerturatu horrelakoetara askotan, estadio olinpikoa ezin dute ikutu. Markekiko menpekotasuna ere badago. Bizio garestia da, azken batean, azpiegiturak sortzea ere eskatzen duelako. Eta, zergatik ez, igual kirol gehiegi dago: ez dakit zer egiten duten hor golfak, zaldiak, foball profesionalak...

- Kirol minoritarioek, dena dela, hor aurkitzen dute oihartzun bakarra. Badago beste kirol ekitaldirik emakumezkoak gizonezkoen parean jarduten dutenik?
Egia da hori, tratamendu parekatuena eskaintzen zaie Joko Olinpikoetan eta, Chourreauten kasuan moduan, piraguismoa lehen mailan kokatzeko halako aukerarik gutxitan izango da. Maialenen gurasoekin harreman polita egiteko aukera izan nuen bidaiatik bertatik, hegazkinean justu aurrean zihoazen ezagutu nituen-eta.

- Euskadun askorekin egin duzue topo?
Brasilgo euskal kolonia Riotik hegoalderago dago, Rio Grande do Sul-en. Baina Iñigo Peña piraguistak -Eibarren jaiotakoa da, hiru urterekin Zumaiara joateko- kuadrila eraman zuen, Ander Elosegik baita... Londresen ez beste, baina izan zen euskaldunik, bai.

- Tokio 2020an egoteko asmorik bai?
Bidaltzen banaute, primeran, lanean izanda ere asko gozatzen dudalako. Munduan egiten den ekitaldirik handiena dela uste dugu Berrian eta Sidneyra, Atenasera, Pekinera... bi kazetari bidali izan dute beti. Londresen Unai Zubeldiarekin izan nintzen eta orain Enekoitz Telleria izan dut lagun. Esperientzia biak oso aberasgarriak izan dira.

- Zutabeetako `Ipanemako mutila´ izenburua nondik?
Handik hiru egunera `Samba badago´ bururatu zitzaidan. Londresen egindakoak hobeak zirela uste dut; orain serioak atera zaizkit.