Badago gazta non dasta

Badago gazta non dasta
2017/10/20 15:21 eta kitto!
Maila handiko gaztak dauzkagu Debabarrenan. Horrela dio Malen Sarasua eibartarrak behintzat. Leartikerreko ikerlaria da bera, eta esneki eta gaztaren inguruan aditua. Debabarreneko II. Gazta Astearen barruan gaur egingo den dastaketa ekitaldia aurkeztuko eta bideratuko du, eta eskualdeko zazpi gazta-ekoizlek hartuko dute parte bertan. Gazta Astearen egitaraua aste honetan kontzentratzen bada ere, urriaren 8tik hasi dira gazta-ekoizleengana egiten diren bisitak. Pintxo potea, dastaketa, azoka, erakustaldiak eta tailerrak, gazta zaporea hartuko du herriak egun hauetan.

 

Mendi eta aldapa artean kokatuta, Debabarrenan ez dago gazta ekoizteko esplotazio erraldoirik. Mimo eta maitasun handiz artisau gaztak ekoizten dituztenak ekoizle txikiak dira nagusi gure eskualdean. Ardi-, ahuntz- zein behi-gazta ekoizten da gure inguruan, baina ardiarena da nagusi. Gazta Astera etorriko diren ekoizleen artean, adibidez, Itziarreko Egixak, Mutrikuko Goienetxek, Elgoibarko Mausitxak, Mallabiko Onandik eta Eibarko Sosolak egiten dute ardi-gazta; Soraluzeko Egotzak ekoizten du ahuntz-gazta; eta Mallabiko Mallegoi baserria da behi-gazta lantzen duen bakarra.

Atzo, eguena, ekoizle hauen pintxoak dastatzeko aukera egon zen Eibarko tabernetan, baina gaur, 19:00etatik aurrera udaletxeko patioan, Malen Sarasua eta gazta-ekoizleen aurkezpen eta azalpenekin probatu ahal izango dira euren produktuak. Denetariko zaporeak aurkituko ditugu bertan, izan ere animalia mota ezberdinen esnearekin egindako gaztak aurkeztuko dira, eta ekoizle bakoitzak ekoizteko bere modua dauka. “Esne motarengatik, animaliak jan duen pentsu eta belar motarengatik, eta amaierako gaztaren tipologiarengatik egongo da baldintzatua zaporea”, adierazi digu Sarasuak.

Gaztak probatzen emateaz gain, euren bizimodua ere kontatuko dute gazta-ekoizleek. Sosola Baserriko Enrike Sosolak eta Mallegoiko Ruben Markinak, biek ala biek, gauza bera aipatu digute. “Oso lan handia dago gazta egiteko orduan”. Ardi gazta egiten du Sosolak, “gazta mota bakarra”, eta hori lortzeko prozesua azaldu digu. “Ardiak eta zelaiak ondo egon behar dira; esnea garbi ekoiztu behar da eta instalakuntza egokiak izan behar dituzu; arautegia zorrotz bete behar da, eta gure kasuan, gazta-ekologikoa egiten dugun heinean, horren arautegia ere bete behar dugu; eta gero merkaturatu egin behar da, eta horrek lan eta denbora asko hartzen dizu”. Ez dituzte lan orduak kontatzen, “bestela, zenbakiak mahai gainean izanda, konturatuko ginen gure gaztaren azken prezioa baxuegia dela. Merkatuko prezioa jartzen diogu saldu ahal izateko, ez beharko lukeena”. Horregatik, Gazta Asteak kontsumitzaileak kontzientziatzeko balio izatea espero du.

Sosolako gazta ez dago Idiazabal sor-markaren barruan. Ekologikoa izatea da euren ikurra. “Gazta on eta herrikoia egiten saiatzen gara. Eskura ditugun baliabide naturalekin eta, gure mugen artean, gauzak ahalik eta efizientzia handienarekin egiten saiatzen gara”.

Eskualdean ardi-gazta gailendu izana ohituragatik izan dela aipatu digu Sosolak, baina behi-gaztaren aldeko apustua egin du Ruben Markinak Mallegoi baserrian. Osasun kontuengatik behi-gazta ekoiztu eta kontsumitzen zuen boliviar baten bisita jaso zuen eta hortik abiatu zen gazta egiteko aukera. 2015ean jarri ziren martxan eta eten gabe lanean ari dira ordutik. “Gure kabuz egin dugu guztia, bidean ikasiz, galdetuz eta Malen Sarasua bezalako ikerlarien laguntzarekin”, aitortzen digu Markinak. Behi-gaztak ez dauka ardi-gaztak eskualdean duen bidea ezta horrek atzean izan ditzakeen erakunderik ere (Idiazabal, kasu), baina Mallegoin bidea egiten ari dira.

 

Gaztara hurbiltzen

Gaztaren mundura hurbildu eta horren inguruan gehiago jakin ahal izateko hainbat ekitaldi antolatu dira domeka goizerako. 10:00etatik 14:00etara gazta azoka eta hainbat erakustaldi egingo dira. Soraluzeko Egotza baserriko Nagore Martinek, adibidez, gazta egiteko prozesua zein den azalduko du. Gero, latxa ardiaren artilea eraldatzeko prozesua azaltzeko erakustaldia ere egingo denez, Ipar ardi moztaileak artilea moztuko du, Lasturko Goikola baserriko Garazi Pascualek irutea eta ehuntzea egingo du, eta Miren Torrealday eibartarrak artilea tindatuko du.

Umeak ere gaztaren munduan murgiltzeko, hainbat tailer egingo dira 11:30etik hasita. Horrela, gazta egin, irutea eta ehuntzea, eta artile-tindaketa egingo dute eurek ere.

Urriko asteburuetan, gainera, aurrez aipatutako ekoizleen baserrietara bisitak antolatu dira eta oraindik bi bisita daude egiteke. Bata Sosola baserrira, hilaren 28an 16:30ean, eta bestea Mutrikuko Goienetxera, 29an 11:00etan. Izena eman nahi izanez gero, Debemenen bulegora (943 744 067) deitu behar da.

 

 

 

Malen Sarasua, elikagaien teknologiako ikertzailea:

“Baserriko mimoarekin egindako gazta-artisaua edukitzea altxorra da”

 

-Eskualdean ekoizten diren ardi-, ahuntz- eta behi-gaztak egongo dira dastagai eta erakusgai Debabarreneko II. Gazta Astean. Gure eskualdea toki aproposa da gazta mota guzti horiek ekoizteko ala bertako egoeretara moldatu behar izan dira ekoizleak?

Hala nola moldatu dira gazta hauek ekoizteko. Mendi aldapatsu artean bizi gara eta animaliek nahikoa belar edukitzea da ekoizleek aipatzen duten zailtasun handienetako bat. Baina era batera edo bestera, modu onean lan egitea lortzen dute animaliak lurzoru ezberdinetan sakabanatzen.

-Urtetik urtera, gaztak berdin ekoiztuz gero, zaporeek berdin jarraituko dute edo aldaerak daude?

Gazta produktu erabat aldakorra da. Alde batetik, oso gauza aberasgarria da, baina bestetik, erregularitatea lortzeari begira, gazta-ekoizleek duten zailtasun edo oztopo bat da. Izan ere, esnearekin egiten da gazta eta esnea aldakorra da. Sasoitik sasoira esnea aldatu egiten da, ez direlako berdinak umea eduki berritan animaliak ematen duen esnea edo kanpaina aurrera doan heinean emandakoa, esnearen konposizioa aldatu egiten delako. Klimak ere eragiten du, animalia kanpoan belarra jaten denbora gehiago edo gutxiago egotea ez delako berdina. Esnea egunero ezberdina denez, nahiz eta pauta berak jarraituta ekoiztu, gazta aldakorra izan daiteke amaieran. Gaztaren nortasuna bera ere aberasgarria da.

-Nolako maila daukate eskualdeko gaztek?

Oso altua, eta pentsatzen dut kontsumitzaileok gehiago baloratu beharko genituzkeela. Egia da askotan ez dugula baloratzen gazta bat egiteko atzean dagoen lan guztia. Animalien zainketa, esnea jetzi, mimo guztiekin gazta egin eta gazta merkatuan ondo posizionatu. Prezioan bakarrik oinarritzen gara askotan, baina gazta on baten atzetik dagoen lana demasa da eta baserriko mimoarekin egindako gazta-artisaua edukitzea altxorra da. Bestetik, hain eskualde txikian horrelako barietate handia edukitzea demasa da.

-Elikagaien teknologiako ikertzailea zara Leartikerren. Eskualdeko gazta ekoizleekin elkarlanean aritzen zara?

Bai, maila ezberdinetan. Batetik, eguneroko aholkularitza eskainiz, eduki dezaketen zalantza edota kezkak argitzeko, egunerokoan sortzen diren arazoak konpontzeko. Bestetik, dibertsifikatu nahian dabiltza hainbat ekoizle. Hau da, gazta tradizionala edo beti egin duten gazta egiteaz gain, beste gazta mota edo esneki batzuk ekoiztu nahian, eta horretan ere laguntzen diegu.