BEA SEVER (NAIZEN elkartekoa): “Haur eta gazte transexualei bidea errazagoa egin nahi diegu”

BEA SEVER (NAIZEN elkartekoa): “Haur eta gazte transexualei bidea errazagoa egin nahi diegu”
ETA KITTO 2019, Mar 25

Gehienetan mutilek zakila dute eta neskek bulba. Baina kasu batzuetan mutila zela uste genuena (zakila zuelako) neska dela jakiten dugu (hala dela adierazi duelako), eta alderantziz. Haur-transexualitateak neska eta mutil horien errealitatea izendatzen du. Transexualitate egoeran dauden NAIZEN haur eta gazteen familien elkarteko kidea da Bea Sever. Lehen Chrysallis Euskal Herria bezala ezagutzen genuen elkarteak orain dela gutxi ibilbide eta izen berria hartu du. Aldaketaren arrazoiak eta elkarte berriaren erronka nagusiei buruz jardun dugu Bearekin.

– Lehen Chrysallis eta orain NAIZEN. Zer dela-eta aldaketa?
Chrysallis  Euskal Herria 6 familiarekin sortu zen 2015ean, estatu mailako elkartearen delegaritza bezala. Hiru urte eta erdiko ibilbidea eta gero 100 familia gara eta konturatu gara egunerokoan ez zela eraginkorra Madrilera begira egotea. Azken finean, lana hemengo erakundeekin egiten dugu eta familien arteko topaketak egiten direnean ere hemen egiten dira. Beraz, ibilbide berriari ekin diogu NAIZEN izenarekin, baina helburu eta irizpide berberekin. Gure seme-alaben antzera guk ere transitoa egin dugu, itxura eta izena aldatuz, baina funtsean berdinak izanik.

– Zeintzuk dira une honetan dituzuen erronka nagusiak?
2016an Nafarroan lortu genuen legeari esker gure eskaera gehienek erantzuna izan zuten, baina EAEn 2012ko legea daukagu oraindik, bere garaian aintzindari izan zena baina gaur egun zaharkituta dagoena. Nafarroako maila berean jartzeko 2012ko legea erreformatu nahi dugu. Orain dela  urtebete lege zirriborro bat aurkeztu genuen Lege Biltzarrean eta ordutik mugimendu gutxi egon da. Orain espero dugu erantzun egokia izatea politikoen aldetik eta lege hori moldatu ahal izatea.

– Zergatik gelditu da zaharkitua hemengo legea?
Alde batetik patologizantea delako. Psikiatraren txosten bat behar duzu zure identitatea adierazteko. Beraz, oinarritik aldatu beharreko gauza da. Bestetik, lege horren bitartez osasun zerbitzu hobea lortu nahi dugu. Une honetan psikiatriatik pasatu behar dute tratamendu endokrinologikoak jaso nahi dituztenek. Nafarroan, berriz, Transbide zerbitzuaren bitartez –Kataluniako Transit-en eredua jarraituz– lehenbiziko harrera hezitzaile batek egiten du, eta hortik aurrera protokolo zurrun bat eduki beharrean, pertsona horri entzunez, pertsona horrek adierazten du zer behar daukan, ebakuntza bat, hormonazioa, babes psikologikoa… Batzuetan, nerabeek transitoa pubertaroa eta gero egiten dutenean psikologoen  beharra izaten dute. Baina psikologo enpatiko bat behar da, formazio sexologiko sakona duena. Horrelako zerbitzu bat legearen aldaketarekin lortuko genuke. Horrez gain, formazio integrala sartu nahiko genuke legean, hau da, ikastetxeetan heziketa ematea irakasleei eta bertako langile guztiei, horrelako kasu bat gertatzen denean prestatuta egoteko. Azken finean, ikerketa batzuen arabera, 1.000 jaiotzatik batean pertsonaren sexua ez da bat etorriko jaiotzan esleituko zaionarekin. Beraz, ikastetxe guztietan agertuko da kasuren bat uneren batean. Gaur egun ez daude prestatuta.

Bea Sever algortarra ume transexual baten ama eta NAIZEN elkarteko harrera arduraduna da. Argazkia: Hodei Torres - Hiruka CC BY-SA

Bea Sever algortarra ume transexual baten ama eta NAIZEN elkarteko harrera
arduraduna da. Argazkia: Hodei Torres – Hiruka CC BY-SA

– Hori alde legalari dagokionez. Eta bestela?
Haurtzaroan identitatea ukatu zitzaien heldu transexualen %41 saiatu da bere buruaz beste egiten. Eta familiekin eta ikastetxeetan lanean hasi ginetetik, berriz, belaunaldi berriak oso pozik eta zoriontsu bizi dira. Ondarruko Ekairen heriotzarekin konturatu ginen bi belaunaldi horien artean nerabeak genituela, eta  familia eta ikastetxeaz gain beste gauza batzuk ere sartzen direla jokoan adin horretan: nire berdinak, gorputzaren aldaketa eta maitasuna. Ekai hil zenean elkarte moduan huts egin genuela ohartu ginen. Hortik aurrera, nerabeentzako ekintzak egiten hasi ginen. Hilabetean behin ekitzaren bat egiten ahalegintzen gara. Nahi duenak badauka aukera bere egoera berdinean dauden gazteekin egoteko, nahiz eta bakoitzak bere lagun kuadrila izan. Esparru seguruak sortu nahi genituen, eta euren arteko babes-sarea ere bai. Gaizki daudenak ondo daudenekin hitz egiteko edo euren artean zalantzak argitzeko. Tailerrak ematen dizkiegu ligoteoarean iguruan, zer esan eta noiz esan, ez dagoela okerreko gorputzik, denak direla zoragarriak… Hormonazioari buruzko informazioa ematen diegu. Gure ondorioak dira oso ondo dauden nerabe batzuk daudela, baina badirela hain ondo ez daudenak ere. Bidea errezagoa egin nahi diegu, denak ondo egon daitezen.

– Beraz, nerabe horiek izan duten babes falta leundu nahi duzue…
Ez dute babesa izan ez dutelako adierazi, edo adierazi baldin badute ez dituztelako ulertu. Orain dela, oso gutxira arte adin txikikoen transexualitatea ezin zitekeen ezta pentsatu ere. Beste batzuetan nerabeek agian ez zuten ondo ulertzen eta, beraz, ezin zuten adierazi “mutila naizi” edo “neska naiz”. Desberdin sentitzen ziren, baina ez zekiten hau existitzen zenik. Hori ez da inoren errua, baina egia da batzuetan euren identitatea oinarri ez sendoetan eraiki dituztela eta norbere buruaren ez ulertze horrek ondorio txarrak ekartzen dituela. Euren gorputza eta burua maitatzen ikasi behar dute. Gainera, adin hori berez da konplikatua. “Nor naiz”, “nor izan nahi dut “ eta “nor espero dute besteek ni izatea” nahasten da. Adin horretan berez sortzen dira hiru galdera horien arteko kontrasenak, baina horrelako neska-multilen artean gehiago. Ez dago transexual izateko eredu bakar bat. Nortasunaren araberakoa ere bada. Euren burua maitatzeko baliabideak ematen saiatzen gara.

– Nolakoa izaten da familien erantzuna?
Denetarik dago. Gaur egun familiak orokorrean nahiko informatuta daude, eta haurrak adierazten duenean arazorik barik egiten dute aurrera. Transexualitatea kultura guztietan eta garai guztietan existitu da, baina ume hauek direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira. Eta gauza mordoa ari gara ikasten. Ezkerrarekin idazten den ume batek idazketa prozesu berdina izango duen bezala, pertsona hauen identitatearen eraikuntza eta beste prozesu guztiak berdinak dira. Ukazioak ekartzen ditu bestelako arazoak.

– Osasun zerbitzuak aipatu dituzu lehen. Nolako aukerak dituzte?
Txikiak diren bitartean ez dute ezer behar. Baina pubertarora iristen direnean, neskak badira ez dute ondo eramaten bizarra izatea edo ahotsa aldatzea, eta mutilak badira  ez dute ondo bizitzen bereziki bularrak haztea. Horregatik normalean blokeatzaileak nahi izaten dituzte. Pubertaro hori eten egiteko eta ume gorputza mantentzeko aukera ematen dute blokeatzaileek. Eta 15 urte inguru dituztenean aukera ematen diete hormonazioa hartzeko. Neskek estrogenoak hartzen dituzte eta mutilek testosterona. Horiekin garatuko zaizkie gogoko dituzten ezaugarri horiek. Dena dela, berandu adierazi dutenak  ez dira blokeatzaileetara iritsiko eta bakarrik hormonaziorako aukera izango dute.  Errealitatea da, gure elkartean behintzat, gehienek hormonazioa nahi izan dutela. Gero, 18 urterekin, ebakuntza egiteko aukera ere badago. Batzuk ondo eramaten dute genitalen kontua, eta beste batzuk ez. Egia da txikienen artean hobeto bizi dituztela. Pubertaroan edo nerabezaroan transitoa egin dutenen artean denetarik dago. Argi dago transitoa ahalik eta lehenago egin, orduan eta hobeto bizi dituztela euren genitalak.

– Beraz, ebakuntza beste aukera bat da, nahiz eta beti ez den horretara iristen.
Ez badira blokeatzaileetara heldu, mutil gehienek bularrak kendu nahi izaten dituzte. Batzuetan ez dute itxaroten 18 urte izan arte. Dirua badaukate pribatutik  16 urterekin egin dezakete. Azken finean mutila izatea eta bularrak izatea ez da erraza. Besteen begirada, gizartearen begirada, oso zorrotza da. Nesken kasuan txartoen daramatena bizarra da. Beste belaunaldietan, horrelako aukerarik ez zituztenean, emakume transexualen langabezi tasa ia %100koa zen. Errealitatea da gizartea oso gogorra izango dela zurekin. Danak gara oso modernoak eta guk badaezpada ile zuriak tintatzen ditugu.

– Zeri deitzen zaio transitoa?
Transitoa gertatzen da gizartean zu zaren bezala azaltzen zarenean. Nire semearen kasuan transitoak ez zuen inolako aldaketarik ekarri: ez zuen izena aldatu, izen euskaldun nahiko anbiguoa duelako. Itxura ia ez zuen aldatu, ordurako ile motza eta mutilen arropa zeramalako. Guk ez dugu aldatu berari hitzegiteko modua, maskulinoa edo femeninoa, beti euskaraz egiten dugulako.  Aldatu den gauza bakarra gure begirada da. Horregatik askotan esaten dugu benetan transitoa egiten dugunok besteok garela. Beste kasu batzuetan transitoak aldaketa handia ekartzen du, izen aldaketa, itxura aldaketa bat… Beraz, transitoa oso pertsonala da, bakoitzaren araberakoa.

– Elkartearen barruan nolako familiak zaudete?
Familien artean denetarik daukagu, anitzak gara, oso desberdinak zentzu guztietan. Eta bat egiten dugu gure haurrentzako onena nahi dugulako. Batzuei gehiago kostatzen zaie onartzea, baina azkenean denok gaude hor, eta beti esaten dugu gure eginbeharra haurren atzean joatea dela, urrats bat atzerago beti, euren beharrei erantzunez. Ez dugu egingo eskatzen ez duten ezer, baina frenatu ere ez ditugu egingo. Ezinbestekoa da eurei entzutea, baina benetan entzutea.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »