Begoña del Teso: “Euskara salbatu nahi zutenek museo batean gordetzeko salbatu nahi zuten”

Begoña del Teso: “Euskara salbatu nahi zutenek museo batean gordetzeko salbatu nahi zuten”
2022/05/13 10:50
eta kitto!
Joan den asteko eguenean ‘Irudiz eta euskaraz’ liburua aurkeztu zuen Josu Martinezek, Coliseoan, euskarazko zinearen inguruan inoiz egin den lanik biribilena. Horretarako, Begoña del Teso kazetaria izan zuen solaskide, zinea ardatz izan zen elkarrizketan

Eibarrera egindako bisita aprobetxatuta, pare bat egun egin zituen gurean Begoña del Tesok, eta Hotel Untzagaren atarian jaso gintuen, atsegin handiz. Del Tesok lotura berezia du Eibarrekin, elkarrizketan zehar argi lagatzen digun bezala. Elkarrizketatzaile famatua Donostian, zine-kritikaria Gipuzkoan eta bizitzaren kronikaria Euskal Herrian, estilo propioarekin egiten du kazetaritza eta, zergatik ez, aholku batzuk ere eskatu dizkiogu.



 

Zer moduz Josu Martinezekin izan zenuen solasaldia?

Oso ondo! Nahiz eta lan mardula eta sakona izan, datu askorekin eta erreferentzia handiekin, maltzurkeriaz gainezka dagoen lana da Josurena; bai euskal zinemarekiko, bai gure pertsonaia sakratu guztiekiko eta baita gure txikikeriarekiko ere. Era berean, oso itxaropentsua eta esperantzaz betea da. Ez Josuk ez nik ez dugu onartzen ez banderarik ez Jainkorik eta, orduan, Josuk jo eta fuego landu du euskarari zor diogun errespetua; ez bakarrik errespetu folklorikoa, baizik eta benetako maitasuna, bizia. Eta hortik abiatuta, Toy Story pelikulako Buzz Lightyearrek zioen bezala: zerumugatik haratago!

Orduan, nolakoa iruditu zaizu liburua?

Alde batetik, mito pila bat pikutara bidaltzen ditu. Eta, bestetik, lan sakona egin du, lehen momentutik ikusten baita ikerketa ikaragarria egin duela. Gero, beti ematen du Hego Euskal Herria dela joan beharreko lekua, baina euskal zinemaren kasuan Josuk Iparraldera begira jartzen gaitu, hegoaldean baino askoz lehenago hasi zirelako euskaraz mintzaturiko zinema egiten, hemen baino askoz lehenago hasi zirelako emakumeak zinema egiten, lehenago hasi zirelako euskaraz mintzaturiko irratia eta telebista... Badakit Hego Euskal Herrian diktadura egon zela, baina lehenagotik dator kontua. Askotan goraipatu da Oteiza, euskaltasuna eta abar, baina ez zion inolako errespeturik euskarari. Penagarria da, euskara museoko pieza moduko bat bezala sentitzen zelako. Euskara salbatu nahi zutenek museo batean gordetzeko salbatu nahi zuten, ez zuten irudikatzen edo amets egiten komunikatzeko tresna ikaragarria izan zitekeela. Liburuak euskaltasunaz hausnarketa egiteko balio du.

Liburua irakurrita, zorretan geratzen zinela zenion elkarrizketa batean. Zorretan norekin?

Ahaztutako jendearekin. Denok izan gara harroputz samarrak. Gazteak ginenean mundua eta zinema salbatuko genituela uste genuen, eta Josuk orain ikusi duena nik sasoi hartan beharbada ez nuen ikusi. Jakina, orain askoz gehiago dakit edo beste begirada batekin ikusten ditut zinema, euskara, Euskal Herria eta neure burua. Niretzat momentu hartan egiten ziren pelikulak erdipurdikoak edo halamoduzkoak ziren beste batzuekin alderatuz. Ez dut neure burua zuritu nahi, baina kontuan hartzen badugu munduan zer ari zen egiten gu zinema egiten hasi ginenean, 60. hamarkada inguruan... Lehen, zinema, euskara salbatzeko egiten zen. Orain, ostera, zinema egiten da zinema egiteko, eta euskarazkoa da egilea euskalduna delako edo euskara maite duelako. Militante izatea oso gauza astuna da.

Nola sartu zitzaizun zinemarekiko pasioa?

Normalean bezala, bizitzaren karanbolen ondorioz. Lagunak zinemara joaten ziren eta zine-forum bateko kideak ziren, eta horregatik. Foballa ere gustatzen zait, lagun minen anaiek Atotxan foballean jokatzen zutelako. Ia publikorik ez zegoenez, foballaz asko ikasi nuen entrenatzailearen alboan jarrita (barreak). Gustuak pasio bihurtzen dira eta zinemaren kasuan baita ofizio ere.

Kazetaritzara ere karanbolaz iritsi zinen?

Beno, ez naiz kazetaria. Euskaraz nolabait zekien eta beharbada ondo idazten zuen emakumea nintzen, eta momentu eta une egokian egotea tokatu zitzaidan. Karanbolaren kontua errebindikatzen dut. 62 urte ditut eta nire sasoia ez zen gaur egungoa bezalakoa. “Informazio zehatza nahi duenak ez dezala nigana jo”, zenion Berriari eskainitako elkarrizketa batean.

Nola bizi duzu kazetaritza?

Jendea liluratzea da nire asmoa. Gero, datuek eta horrek guztiek ez naute gehiegi kezkatzen. Hori bai, ez naiz gezurretan hasiko eta ez dut esango Untzaga Elgoibarren dagoenik. El Diario Vascoren Donostiako edizioan elkarrizketa bat egiten dut egunero, 6.000 inguru egin ditut dagoeneko. Batzuk uste dute elkarrizketak publizitatearen truke egiten ditudala, baina ez, istorio majo bat behar dut zerbait kontatzeko. Bestetik, kritiken kasuan, ez dago munduan gauza subjektiboagorik kritikak baino. Norberaren iritziak eta gustuak janztea besterik ez da egin behar dena.

Kazetaritzan arlo ezberdinak lantzen dituzu. Nola egiten duzu lan? Enkarguak jasotzen dituzu? Libre zabiltza?

Batzuetan ondo pasatzen duzu, maiz aurkitzen duzun jendea jatorra da eta asko ikasten duzu eurekin, eta beste batzuetan ofizioa da. El Diario Vascoko zine lankideekin kritikak banatzen ditugu, baina pelikula gehienak ikusi behar ditut egunkarian, irratian edo bestelakoetan berba egiteko. Batzuetan gertatzen da astelehen euritsu bateko gaueko emanaldiko pelikula txar bat ikusi behar izatea eta pentsatzen dut nahiago nukeela denda bateko saltzailea izatea, baina beno. Batzuetan pasioz egiten dut lan eta beste batzuetan ofizioz.

6.000 elkarrizketa egin eta gero, zein da elkarrizketa on bat egiteko gakoa?

Normalean kaleko jendea elkarrizketatzen dut. Jende horri ohiko elkarrizketa ofizial bat eginez gero, beldurtu egingo dira, normala denez, eta are gehiago muturren aurrean grabagailua jarriz gero! Eta kontua ez da bakarrik beldurtu egingo direla, baizik eta agian harrotu egingo direla. Adibidez, okin batek grabagailuaren aurrean ez du esango aitonarengatik hasi zela ogia egiten eta ofizioa berarengandik hartu zuela, baizik eta ogia jende guztiaren elikadura delako dela bera okina edo horrelako zerbait. Orduan, eurekin solasaldia edukitzen dut eta jasotakoarekin istorio bat kontatzen dut. Testuinguruak berebiziko garrantzia du, istorioa janzteko balio didalako. Horrela irudikatzen dut: elkarrizketatua eta ni hizketan gaude eta, bat-batean, irakurlea bion artean sartzen da; irakurleak alde egingo du, eta beharbada guk hizketan jarraituko dugu. Beraz, elkarrizketa itxura duen istorio bat kontatzen dut. Bestetik, beldurtu egiten nau oso diskurtso osatua duen jendeak, hortik ezin dudalako istorio bat kontatu. Ohiko elkarrizketa bat egitera behartzen nau eta ez naiz gauza.

Nolako lotura duzu Eibarrekin?

Alde batetik, Errepublikaren kontuagatik, maitasun berezia diot Eibarri. Askotan etorri naiz apirilaren 13an eta 14an Errepublikaren aldarrikapena egitera. Bestetik, motorrak gustuko ditut eta askotan etorri naiz Lambretta motorren bilkuretara. Gero, armak ditut gogoko eta esgrima egiten dut. Eibarren suzko armengatik zarete famatuak, baina sasoi batean ezpatak ere egiten ziren hemen. Bestalde, nahiz eta askok toki itsusia dela esan, niri asko gustatzen zait toki aldapatsu eta bihurri hau. Oso harro nago arkitekto askok onartu dutelako hemengo eraikuntza askok toki bat merezi dutela arkitekturaren entziklopedietan. Gainera, foballa izugarri gustatzen zait, batez ere foball gogorra. Realeko bazkidea naiz, nahiz eta ‘mingafria’ batzuk izan, baina Lehen Mailara igo zenean Eibarrek laguntza eskatu zuenean akziodun egin nintzen. Pentsa, Realeko bazkidea izanik, inoiz ez zait okurritu akziodun izatea, baina Eibarrekoa bai. Ba ea laster berriz Eibarren elkartzen garen Lehen Mailara igo garela ospatzeko. Hori da!