Bertha Gaztelumendi, dokumentalista: “Gizarte baketsuan bizitzeko biolentzia askori egin behar zaie aurre”

Bertha Gaztelumendi, dokumentalista: “Gizarte baketsuan bizitzeko biolentzia askori egin behar zaie aurre”
2018/11/20 09:30
eta kitto!
Azaroaren 25ean Indarkeria matxisten Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da eta Andretxeak hainbat ekintza antolatu ditu horren inguruan hilabete guztian. 21ean, adibidez, Bertha Gaztelumendiren ‘Mariposas en el hierro’ dokumentala ikusteko aukera egongo da 18:00etan Portalean. Indarkeria mota ezberdinen biktima izan diren emakumeen testigantzak jasotzen ditu dokumentalak.

 

- Hainbat motatako biolentziaren biktima izan diren emakumeen testigantzak jaso dituzu ‘Mariposas en el hierro’ dokumentalean. Jasan duten mina, hala ere, bera da?

Zaila da pertsona bakoitzak nolako mina duen neurtzea, baina biktimek besteen mina ulertzen dute eta bestearen azalean jartzeko gaitasun handiagoa daukate. Besteenganako enpatia ekarri die sufrimenduak.

- Nolako testigantzak jasotzen ditu dokumentalak?

Motibazio politikoko indarkeriaren inguruko testigantzak dira nagusi, baina badaude gehiago. Dokumentala 2012an estreinatu genuen, eta ETAk armak utzi eta hilabete gutxira hasi ginen lanean. Beraz, orduko testuingurua kontuan hartzekoa da. Euskal gatazkaren inguruko testigantzak jasotzeaz gain, esan nahi genuen gizarte baketsu batean bizitzeko ez dela indarkeria mota bakar bat gainditu behar, inguruan biolentzia gehiago daukagulako, eta biolentzia horiek islatu nahi genituen dokumentalean. Bestetik, batzuk islatu ditugu eta beste batzuk ez, baina horrek ez du esan nahi beste mota bateko indarkeriarik ez dagoenik. Biolentzia politikoa, genero indarkeria, xenofobia, etxegabetze-agindua daukatenek jasaten duten indarkeria eta aberastasunaren ezberdintasunak sortzen duen biolentzia ekonomikoa jasotzen dugu dokumentalean, besteak beste.

- 2012an egin zenuen dokumentala. Ordutik hona bakerako bidean pausoak eman direla esango zenuke?

Aurrera egiten ari garela uste dut. Hainbat gauzatan bakearen bidean jarri gara. Dokumental honetan jatorri ezberdineko biktimek (ETA, GAL, segurtasun indarrak, genero biolentzia...) elkarrekin lan egiteko gai izan ziren eta nazioarteko zuzenbideak esaten duena azpimarratuko nuke; hau da, urraketa berdinari erreparazio eta justizia berdina eman behar zaiola, edozein dela egilea.

- Dokumentalak galderak sortzen ditu eta Portaleako saioan ikusleekin solasaldia egiteko aukera izango duzu. Garrantzitsua da gai hauen inguruan berba egitea?

Bai, noski. Batetik, solasaldia eta komunikazioa funtsezkoa delako edozein proiektu aurrera ateratzeko, edozein oztopo gainditzeko eta edozein arazorik irtenbidea emateko. Horrelako foroetan ahots ezberdinak biltzen dira, eta oso garrantzitsuak eta interesgarriak izaten dira solasaldi hauek.

- Zer jasoko du eguaztenean dokumentala ikustera doanak?

Dokumentalean agertzen diren emakumeek, nahiz eta sufrimendu itzela jasan eta biolentzia horrek bizia markatu, egoerari buelta emateko eta bake bidea egiteko gauza izan direla ikustea. Gizarte baketsuan bizitzeko biolentzia askori egin behar zaie aurre.