“Bolondres mailan eutsi beharko diogu webguneari

“Bolondres mailan eutsi beharko diogu webguneari
2012/01/20 eta kitto!

-Dantzan.com-en itxieraren gainean berba egitea nahiko genuke...
Neguan gaude eta aratosteak bertan ditugu. Euskal Herrian, aratosteen hasiera hartzak markatzen du. Hartza lozorroan sartzen da haitzuloan negua pasatzeko eta udaberrirako atera egiten da. Euskal kultura zaharrean beti esan da Kandelaria egunaren inguruan, otsailaren 2an, ateratzen dela hartza haitzulotik. Zerura begiratzen du eta horren arabera erabakitzen du ea aratosteak ospatzeko sasoia den edo oraindik beste aste batzuetan lo egiteko aukera daukan. Honek, mitoa denak, lotura zuzena dauka egutegiarekin, hain zuzen ere ilargiaren arabera kokatzen direlako aratosteak. Aste Santuko domeka baino 40 egun lehenago da Hausterre Eguaztena, Aratosteen amaiera. Egutegian aldatuz doa. Nola dakigun? Udaberriko lehen ilargiaren ondoko lehen domekan izaten da Aste Santua eta 40 egun lehenago Hausterre Eguna. Beraz, hartza leitzezulotik atera eta ilargia ikusten duenean, badaki aratosteak orduan ospatu behar diren, bera ospatzera irtengo delarik, edo oraindik itxaron egin behar duen. Hau kosmogonia oso bat da, mundua ikusteko modu tradionala, zaharra, Euskal Herri osoan eta Europako zati handi batzuetan egon dena, gaur egun galtzen ari dena… baina orain Amerikako Estatu Batuetatik  euren bertsioa etorri zaigu: Marmotaren Eguna. Noiz ospatzen da? Otsailaren 2an. Marmota hartzaren bertsio amerikarra da, hartza bezala bere zuloan sartzen da eta irtetzean eguraldiaren prebisioa egiten du. Oinarriak berdinak dira, kalkulatzen ari baita negua amaitzen ari den edo oraindik denbora geratzen den. Tristea da, baina hemen gehiago ezagutzen dugu Marmotaren Eguna hartzaren istorio hori baino. Gu, dantzan.com, momentu honetan haitzuloan gaude, negua pasatzen. Gure esperantza da, ez dakit Kandelaria egunean edo noiz, jakitea ea berriz irtengo garen eta noiz. Dantzan.com ez dugu lurperatu, baizik eta lozorroan gorde dugu. Gertatzen da hartzak lotara sartzen direla eta ez direla berriz esnatzen, horregatik aurkitzen dira hartzak haitzuloetan, adinean nagusi direnean negua luze egiten zaielako eta ez dutelako handik irtetzeko indarrik.
-Zeintzuk izan dira dantzan.com ixtearen arrazoiak?
Ekonomikoak. Dirulaguntzekin eta formakuntza alorrean egindako lanekin funtzionatu izan dugu. Formakuntzarako lanek sostengu garrantzitsua eman digute azken urteotan; ez bakarrik Eibarren dantza irakasten dugulako, baizik eta Euskal Herri mailan dantza ikastaroak antolatzen ditugulako dantza irakasleentzat. Bai dirulaguntzak, bai formakuntzarako lanak, krisiaren eta erakundeen jaitsieraren ondorioz, jaisten joan dira; eta iaz, 2011 amaieran, kolpe handia jaso genuen jaitsiera oso handia izan zelako eta, batez ere, 2012rako aurreikuspenak oraindik eta okerragoak zirelako. Orain arte jaso izan ditugun partida batzuk oso-osorik desagertzen ziren. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak ateratzen duen ‘Euskara eta kultura edukiak teknologia berrietan’ deialdia, 10 urtetan erabili duguna nahiz eta izenez aldatu den eta gure hasieran zutabea izan zena, 2012ra begira desagertu egiten zen.
-Zenbatek osatzen duzue dantzan.com?
Egitura profesionala oso txikia da, 2011an lau lagun egon garelako, baina ez jardunaldi osoz. Soldatak kontatu eskero, bi izango lirateke. Gertatzen dena da, komunitatea, sarea, askoz ere zabalgoa dela.
-Aipatu duzue ahaleginak egingo zenituztela lozorrotik irtetzeko. Nolako lana egiten diharduzue horren bidean?
Lehenengo gauza da erakundeekin harremanetan egon eta aukerak ikustea. Zaila da, baina hor dihardugu. Bestalde, dantzaren sektorearentzat galera garrantzitsua izan da eta mugitzen ari dira ikusteko ea sektoreak zer egin dezakeen hau bultzatzeko, laguntzeko… aukerak ari dira aztertzen, baina gu hor ez gara sartzen.
-Webgunea bisitatuz gero, antzematen da dantzaren bilgune bezalakoa dela dantzan.com, dantzaren komunitatea batzen duena.
Pentsatzen dugu dantzan.com ez dela izan bakarrik hedabide bat, komunitatea baizik. Horren inguruan Euskal Herrian dantza tradizionalaren inguruan lanean diharduen jendea bildu da parte-hartzen, laguntzen eta bizitzen. Dantzan.com-ek aukera eman du komunitate hori kontaktuan jarri eta proiektuak elkarrekin egin, elkarren berri izan eta abarretarako. Orain, komunitate horrek ikusten du bere oinarria desagertu daitekeela eta kezkatuta dago.
-Galera handia izan daiteke, beraz, dantza munduarentzat.
Galera izan daiteke dantzarena nahiko mundu desegituratua delako, ez daukalako oinarri sendorik. Ia talde guztiak modu oso amateurrean eta zailtasun handiekin funtzionatzen dute. Oro har, krisiak beste sektore batzuei baino gutxiago eragiten dio dantzari, non eragin gutxiago daukalako.
-Dantzaz berba egiten da webgunean, baina kontua da euskeraz egiten dela. Itxierak euskerari ere kolpea ematea suposatzen du?
Dantzan.com-ek euskerarekin izan duen lotura garrantzitsua izan da, orain dela 10 urte webgunea sortu zenean dantzari buruzko komunikazioak, urriak zirenak, gazteleraz edo frantsesez zeudelako. Ez da bakarrik dantzan.com-i esker, baina dinamika hori irauli egin da. Gaur egun, euskal dantzaren alorrean komunikazioa, harremanak eta informazio zabalketa, batez ere eta nagusiki, euskeraz egiten da. Urteetan zehar jaso ditugu eskaera ea zergatik ez genuen gazteleraz egiten eta abar, eta ikusi ditugu euskera hurrun zuten hainbat dantzazale, ahaleginak egin dituztela euskeraz irakurtzeko dantzari buruzko eduki hoiek interesatzen zitzaielako eta beste inon aurkitu ezingo zituztelako. Orduan, lortu dugu euskera izatea dantzaren eguneroko jardueran lehenengo hizkuntza.
-Dantzan.com Kezka Dantza Taldetik sortutako ekimena da.
Hala da. Momentu batetik aurrera konturatu ginen Kezkak izan zezakeen eragin esparrua baino askoz ere dimentsio handiagoa hartzen zuela ekimenak, azken finean Euskal Herriko dantzari, dantzazale, eta taldeek erabili eta bultzatzen zutelako. Dantzan.com eta Kezkaren arteko lotura onuragarria izan da alde bientzat. Bestetik, nahiz eta momentuz lan profesionala eten beharrean egon, ez daukagu elkartea ixteko asmorik. Kezkak bolondres mailan funtzionatzen duen moduan, dantzan.com ere bolondres lanaren bidez mantentzera pasa beharko da. Dokumentazioa, zerbitzarian ditugun datu guztiak… dantzaren sektorearen eskura egoten jarraituko dute, eta zaintzen, gordetzen eta ahal den neurrian kanporatzen saiatuko gara.