CARLOS TRUKO, patinatzailea: “Estrategiak garrantzia handi dauka, ez da patinatzen jakitea soilik”

CARLOS TRUKO, patinatzailea: “Estrategiak garrantzia handi dauka, ez da patinatzen jakitea soilik”
2017/09/15 eta kitto!
Orain dela ia 20 urte probatu zuen patinajea Carlosek eta bere pasioak inoiz baino biziago jarraitzen du gaur egun. Truko da bere ezizena, baina ez dator patinen gainean egiten dituen trikimailuetatik, “txikitan magia eta malabarrak egitea gustatzen zitzaizkidalako deitzen zidaten horrela”. Bizitzako filosofia da berarentzat patinajea eta afizioa sortu nahi du. Kaskoarekin eta lagun artean beti, “seguruagoa delako”, patin gainean zoriontsua da El Salvadorren jaiotako eibartarra.

 

- Ondo joan zaizu azken aldian jokatutako txapelketetan.

Bai. Calatayudeko National Roller Contestean 4. izan nintzen 30 urtez gorakoen mailan; gero, nire taldeak (Bilbao Bladers Klubak) antolatu dituen lehiaketen artean 1. izan nintzen Artxandan orain dela bi hilabete, eta abuztuan Arrigunagan (Bizkaia) jokatu zen II. Euskadiko Roller Txapelketan 2. postua lortu nuen.

- Calatayudeko txapelketa Espainiako Ligaren barruan sartzen da. Nola zabiltza bertan?

Ondo, 2. postuan. Liga amaitzeko hiru proba falta dira eta garaipenaren lehian nabil.

- Irabazteko esperantzarekin?

Bai! Balearetan jokatuko den proban ez naiz arituko, beraz, bi proba geratzen zaizkit, parkekoak biak, eta parkean jardun dut praktikatzen azken egunotan. Aukerak ditudala uste dut.

- Zein alde dago parkeko proba izatetik beste probetara?

Kontua da Ligako proba hauek handiak direla eta, dirua izateaz gain, maila hobeagoko parkeak dituztela. Beraz, biraketak, txiribueltak eta mortalak egiteko arrapalak aurkitzen ditugu bertan. Gainera, nazioarte mailako lehiakideak etortzen dira eta hori oso motibagarria da. Hala ere, toki batetik bestera ohitu egin behar zara aldapetara, ezberdinak izaten direlako. Guk entrenatzen dugun tokian, adibidez, ez daukagu jauziak egiteko aldapa handirik eta antzeko tokiak bilatu behar ditugu jauzi horiek egiteko.

- Aurretik jakiten duzue toki bakoitzean nolako arrapalak dauden?

Orokorrean bai. Orensen, adibidez, ez dakigu nolakoak diren, aldaketak egin behar zituztela esan zigutelako, baina badakigu ez digutela hutsik egingo, kanpoko profesionalak etorriko direlako. Holandako patinatzaile bat etorriko da, 20 urtetan lehiatzen aritu dena eta beti urrezko dominak lortzen. Izugarria da!

- Nola garatzen da proba bakoitza? Nola ematen dira puntuak?

45 segundo irauten du txanda bakoitzak eta bi txanda egiteko eskubidea daukazu. Aurrera eginez gero, finalera pasatzen zara. Trikimailuen arabera ematen dizkizute puntuak. Beraz, ahalik eta truko gehien egin behar duzu denbora gutxian. Zer egingo duzun aurreikusi behar duzu lehiatu aurretik. Estrategiak garrantzia handi dauka, ez da patinatzen jakitea soilik. Hori da lehiaketaren alde polita.

- Ez diozu inprobisazioari tokirik uzten?

Lehen, momentuan okurritzen zitzaidana egiten nuen, baina estrategia erabili behar nuela konturatu nintzen. Taldekoekin batzen naiz, parkea ikusi eta zer egin aurreikusten dugu. Ondo irteten zaigu horrela, jende ona dagoelako taldean. Klubak harrobi ona izan du beti, jende gaztea eta oso profesionala, María Muñoz eta Aritz Ortega bezala.

- Entrenatzailerik duzue taldean?

Ez, baina patinatzaile asko patinajearekin zerikusia duten ikasketak egiten ari dira. Azken finean patinajeak eragin handia izan du gure bizitzan. Ni neu argazkilaritzan eta bideo sormenean ari naiz, eta patinajearen eraginez dator hori. “Patinaje-argazkilaritza egingo dut noizbait”, esaten nion nire buruari. Gero, ikusten duzu pentsatzen zenuena baino zailagoa dela, asko mugitu behar zarelako, baina horretan gabiltza.

- Beraz, patinaje-saioak aprobetxatzen dituzu argazkiak egiteko?

Bai, baina bideoak batez ere. Bilboko jendearekin ‘Dejavú’ izeneko konpilazioa egin dut.

- Patinaje-argazkiekin erakusketarik egin duzu?

Ez. Kirol mota honetako argazkilari asko dago, baina argazkilaritzaren munduan beste toki batzuetara jo dut.

- Gutxienez zure pasio biak batu dituzu.

Horrela izaten saiatzen naiz beti. Azken finean bide guztiak toki berean batzen dira, norberak bere bizitza eramaten duen zentzuan.

- Noiztik ari zara Bilbao Bladers taldean?

2015ean sortu genuen. Skateparka egiteko borrokan gaude eta horren harira sortu zen taldea. Instalazio egokiak behar ditugu, aterpean. Hemen euri asko egiten du eta ez daukagu ezer babespean. Galdakaon badago aterpeko parke bat, baina euria egiten duenean lepoz gainezka egoten da. Skateboard (patinetearekin) egiten dutenek badituzte bi toki aterpean, baina patinekin gabiltzanok ez. Eurek sortu duten zerbait da eta guk ere gauza bera sortu nahi dugu guretzat. Hainbat proiektu ditugu eta onarpenaren zain gaude. Itxura ona dauka. World Roller Gameak izan berri dira, patinajea sartu da bertan lehen aldiz, eta 2019an Bartzelonan egingo dira. Orduan, kirol hau sustatzeko parkea egitea espero dugu.

- Zenbatek osatzen duzue Bilbao Bladers?

50 baino gehiago gara, 6 edo 7 urteko gazteetatik ia 40 urte dituzten patinatzaileetaraino. Umeekin joaten diren gurasoak ere sartzen dira, beraz, familian patinatzen ibiltzen dira asko. Gora doa afizioa. Hilean birritan geratzen gara lehiaketarik ez dagoenean eta, bestela ere, edozein tokitara eraman ahal ditugun moduluak (salto egiteko arrapalak eta abar) ditugu.

- Jarduerak antolatzen dituzue?

Erakustaldiak eta ikastaroak eskaintzen ditugu herrietan, eskoletan... Gainera, Parisen 2024an kirol olinpikoa izan daiteke patinajea, afizioa handia dagoelako Frantzian, eta zita horretan maila ona erakutsiko duten patinatzaileak egon daitezen nahi dugu. Instalakuntzak behar ditugu horretarako.

- Taldeko eibartar bakarra zara?

Alex Gonzalez ere badago, baina azken aldian triatloian dabil buru-belarri. Pello Osoro ere patinatzen aritzen zen eta oso ona da, orain ari den kiroletan bezala!

- Patinatzeko afizioa sustatu behar da Eibarren?

Afizioa sortu egin behar da eta, horretarako, erakustaldiak eta abar egin behar dira, gazteek ikusi dezatela zer den. Jende asko ikusi dut Eibarren patinatzen eta nire asmoa Eibarren patinaje-eskola sortzea da, baina momentuz Bilbon daukat burua.

- Zenbat entrenamendu egiten dituzu astean?

Parkean hiru aldiz aritzen naiz, baina etxean ere egiten ditut ariketak. Sendoa izan behar zara kolpe guztiak jasateko.

- Kolpe asko jaso duzu?

Haustura asko izan dut: eskuan, orkatiletan, lepauztaian... Urtero baten bat, baina ezin naiz geratu, bizioa da.

- Noiz hasi zinen patinatzen?

1998an. Kalean hasi nintzen eta El Salvadorretik etorri nintzenean parkera pasa nintzen. Orain freestylean hasi naiz. Teknika kontua da dena.

- Zuretzat zer da patinatzea?

Meditatzea bezalakoa da. Erlaxatu egiten nau eta egiten dudan horretan zentratzen naiz. Gauzak ondo egin, probatu, lurrera erori eta altxatu. Bizitzako filosofia da, denerako aplikatzen dudalako.

- Baduzu erronkarik patinajearen inguruan?

Ondo pasatzea eta eredua ezartzea. Orain lehiatzen dihardugunok, momenturen batean, txapelketak utzi eta patinatzen jarraituko dugu, eta hemengo jendeak aurrera egiten duela ikustea gustatuko litzaiguke. Bidea batera eginez gero, aurrera egingo dugu. Orain dela gutxi El Salvadorreko lagun batekin egin nuen topo Bartzelonan eta hemengo taldeen eredua hara eramateko proiektua garatu dugu. Hango esperimentua ondo badoa, hemen ere sortuko dut zerbait.

- Eibarren?

Bai. Fabrika asko hutsik daude eta toki onak izan daitezke aterpeko parkeak egiteko. Ume zein nagusiei zuzendutako eskola sortzea polita izango litzateke. Gainera, gazteei alternatibak, kirola egiteko aukera berriak eta ohitura osasuntsuak eman behar zaizkie.