Coral Calvo, Korrika-ko arduraduna Eibarren: “Korrikako lekukoa hartzean energia berezia sentitzen da”

Coral Calvo, Korrika-ko arduraduna Eibarren: “Korrikako lekukoa hartzean energia berezia sentitzen da”
ETA KITTO 2019, Api 05

Korrikaren 21. edizioak atzo eman zituen lehen pausoak Garesen eta Gasteizen izango du amaieran hilaren 14an. Amaitu baino egun bat lehenago Eibartik pasatuko da eta hemengo ibilbidea eta lekukoak prestatzen ibili da Coral Calvo. Maitasunez egiten duen lana da. “AEK-ri eskertu behar diot euskaraz egiten jakitea. Eurei esker euskaldun berria naiz eta, ondorioz, nire semea euskaldun zaharra. Beti egingo dut euskeraren eta AEK-ren alde, eta Korrika oso garrantzitsua da AEK-rentzat”.

 

– Zenbatgarren Korrika izango da aurtengoa zuretzat?

Korrikako 3. eta 4. edizioetan, 1983an eta 1985ean, prestaketa lanetan ibili nintzen. Gero lanean hasi nintzen eta 8. Korrikan berriz deitu zidaten AEK-koek. Harrezkero etengabe ibili naiz Korrikako arduradun moduan Eibar, Elgoibar eta Soraluzen.

– Aurten Korrikaren egun berean Euskal Herriko Itzuliko azken etapa hasiko da Eibartik eta pentsiodunek manifestazioa egingo dute. Dena kontrolpean daukazue?

Julian Eraso Itzuliko zuzendariarekin berba egin dugu eta oso ondo moldatu gara. Lasterketa 14:32etan irtengo da Eibartik eta Elgoibarrera joko du, eta Korrika 14:45ean iritsiko da Maltzagara Soraluzetik. Minutu gutxiko tartea dago, baina printzipioz ez da arazorik egongo. Gainera, Itzuliak keinu bat egingo dio Korrikari.

– Nolako ibilbidea egingo du Korrikak Eibarren?

Azitaindik sartu eta Barrena, Urkizu, Bittor Sarasketa, Errebal, San Juan, Untzaga, Calbeton, Bidebarrieta, Urkizu, Arragueta, Errebal, Toribio Etxebarria, Untzaga, San Andres Pasealekua eta Amaña zeharkatuko ditu Ermura joateko.

– Zenbat lekuko egongo dira?

Gero eta jende gehiagok eraman nahi du lekukoa. Aurten 42 lekuko egongo dira eta dagoeneko batzuei ezetz esan behar izan diegu, tokirik ez dagoelako. Lekuko batzuk 50 metrokoak izango dira, oso laburrak. Elkarteak, erakundeak, alderdi politikoak, ikastetxeak, enpresak, kirol-taldeak, Ego Gain gerontologikoko langileak, norbanakoak… partaidetza oso handia da.

– Nahiz eta lekukoa ez eraman, nola egin daiteke bat Korrikarekin? Korrika egiteaz gain, noski.

Korrika laguntzailea eginez, adibidez. 12 euro balio du eta asko eskertzen den laguntza da. Bestetik, 21. Korrikaren materiala ere salgai dago.

– Zein da Korrika antolatzeko zailtasun handiena?

Lekukoak antolatzea. Lekukoa eramango duen erakunde, elkarte edo dena delakoa kokatzeko orduan koherenteak izaten saiatzen gara, baina batzuetan zaila izaten da.

– Noiztik zabiltza aurtengo Korrika prestatzen?

Urtarrilean hasi nintzen.

– Eta zure lana Korrika pasatzen denean amaitzen da?

Gero administrazio lanak etorriko dira, diru-kontu guztiak prestatzea. Eibarren oso emaitza positiboa ateratzen dugu beti, zapatu arratsaldean edo martitzeneko ordu txikitan pasatu, berdin dio. Korrika Ermutik datorrenean Juan Gisasola kalean behera joan eta Untzaga jendez beteta ikusten dudanean oilo-ipurdia jartzen zait. Demaseko sentsazioa da, hunkigarria. Lekukoa hartzean ere energia berezia sentitzen da.

– Ekintza paraleloak egingo dira Korrika girotzeko?

Gazte mugimenduak hainbat ekintza egingo ditu Urkizu inguruan, eta herriko zenbait puntutan musika jarriko dugu hainbat talderen laguntzarekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »