Cyndi Birberg: “Eskubaloia lagatzeko asmoa nuenean, inoiz baino indartsuago sartu zen nire bizitzan”

Cyndi Birberg: “Eskubaloia lagatzeko asmoa nuenean, inoiz baino indartsuago sartu zen nire bizitzan”
2017/12/04 eta kitto!
Erasmus bekarekin aitaren jaioterrira joan zen Cindy Birberg Murua biologia karrerako azken urtea ikastera eta Suediako eskubaloiko lehen mailan jokatzen amaitu du. Kristianstad HK taldeko hegaleko ezkerra 15 urterekin hasi zen eskubaloian jokatzen Arrate taldean eta, Elgoibarko Sanlon zortzi urte egin ostean, bere ametsa betetzen ari da eskubaloia gehien maite duen Suediako hirian. Astebete libre izan du eta Eibarren egon da bisitan, familia eta lagunak ikusita indarrak batu eta denboraldiari berriz gogotsu ekiteko.

 

-Eibarren izan zaitugu bisitan egun hauetan. Zer moduz?

Oso ondo! Familia eta lagunak bisitatzeko aukera izan dut. Emakumezkoen Eskubaloi Mundiala jokatuko da Alemanian abenduaren 1etik 17ra eta bertan Suediako ligako jokalari askok jokatuko dutenez, txapelketa gelditu egin da. Taldean astebete utzi digute libre eta Eibarrera etortzeko aprobetxatu dut. Gero, hilabete egingo dugu entrenatzen, bigarren aurredenboraldi bat egiten, eta abenduaren 20an hasiko gara lehian berriz ere, maiatzera arte. Urtean birritan etortzeko aukera izaten dut bakarrik. Astebete orain eta beste astebete udan, ezin dut gehiago.

-Eibarren jaio zinen eta hemen egin duzu bizitzaren zati handiena, baina zure familiaren alde bat suediarra da eta urteak daramatzazu han. Bi etxe dituzula esan daiteke?

Suedia ez da bizi naizen tokia, nire etxea baizik. Eibarrera joaten naizenean amaren etxean geratzen naizela diot, baina nire etxea da baita ere, nola ez. Ondo moldatzen naiz Suedian, ondo integratu naiz. Erdi-suediarra izanik, baliteke integrazioa errazagoa izatea. Pozik nago.

-Kristianstaden bizi zara. Nolako hiria da?

Ez da Eibar bezalakoa. Bizimoduaren aldetik ez dauka Eibarko poteorik eta horrelako kaleko bizitzarik. Eskubaloian jokatzen nabil han eta beste pentsaera batekin bizi naiz han. Bizitza lasaia daukat, urtean pare bat aldiz irteten gara juergan. Asko gustatzen zait hiria. Lasaia da, baina badu bizitasuna. Orain arratsaldeko hiruretan iluntzen du eta neguan ez dago hainbeste kaleko bizitzarik, baina taldeko neskekin plan asko egiten ditut. Gainera, ordu asko aritu behar gara entrenatzen, beraz, denbora asko ere ez daukagu. Ni kirol-gunetik ehun metrotara bizi naiz, hiriaren erdi-gunea bost minututara daukat eta toki lasaia da gauez. Toki ona da.

-Erdi-suediarra zara, baina hango jendea nolakoa dela esango zenuke?

Eskandinaviakoak hotzak direla esaten da, baina hori ez da guztiz zuzena. Euskal Herrian errazagoa da jendearekin erlazionatzea, kalean asko ibiltzen garelako. Suedian, ordea, gauez irtengo bazara, lagun baten etxera joango zara afaldu, zerbait hartu eta denbora pasatzera. Beraz, aurrez ezagutzen duzun jendearekin batzen zara eta baliteke zailagoa izatea besteekin erlazionatzea. Bestetik, atzerritarra izanik, edozein gauza behar izanez gero, jendea oso atsegina da eta beti daude laguntzeko prest. Gainera, oso ondo egiten dute ingeleraz eta hizkuntzaren aldetik ez dago arazorik.

-Zergatik erabaki zenuen Suediara joatea?

Erasmus beka eskatu nuen eta Alemaniara joatea tokatu zitzaidan. Gero, berrantolaketa egin zuten eta Kristianstadera (Suedia) joatea egokitu zitzaidan. Beti nahi izan dut Suediara joatea aitarengatik, hizkuntza ezagutzen nuelako eta udan familia bisitatzera etortzen nintzelako. Stockohlm zen nire lehen aukera, ez nekien Kristianstad non zegoen ere, baina Suedian zegoelako aukeratu nuen. Eskubaloia gehien bizi duen Suediako hirira iritsi nintzen kasualitatez. Gizonezkoen taldea herrialdeko onena da eta emakumezkoena bigarren mailan zegoen ni iritsi nintzenean, baina orain lehen mailako lehen postuetan gaude eta Europan lehiatzen.

-Nola sartu zinen hango eskubaloi taldean?

Lagun batekin kafea hartzen negoen eta berak bazekien eskubaloia nire pasioa zela. Kirol-gunera joango ginela esan zidan nesken entrenamendua ikustera, baina niri lotsa ematen zidan. Azkenean joan ginen, baina ordubete beranduago entrenatzen zutela esan ziguten. Nik joateko esan nion, baina berak ezetz, itxaroteko. Bigarren entrenatzailearekin berba egin nuen eta hurrengo egunean bueltatzeko esan zidan, lagunarteko neurketa zutela eta lehen entrenatzailea ezagutzeko. Espainian jokatzen ibili zen gaztetan azken hau eta gaztelaniaz zekien. Eurekin entrenatzeko gonbidapena luzatu zidan, baina nik ez neukan zapatilarik ez ezer. Lehen egunean negarrez amaitu nuen, oso urduri negoelako eta nolabaiteko presioa sartu niolako neure buruari. Hainbat lagun joan ziren entrenamendura animatzera! Gero, dena oso ondo joan zen. Lehen urtearen amaieran fitxatu nahi nindutela esan zidaten. Lehen taldearekin entrenatu eta bigarrenarekin jokatzen nuen, baina denboraldi amaieran partidu batzuetarako igo egin ninduten. Hurrengo urtean lehen taldean hasi nintzen eta aurtengoa laugarren urtea izango da eurekin.

-Suediara ikastera joan eta eskubaloiko lehen mailan jokatzen amaitzea, nork esango zizun!

Izugarria izan da! Eskubaloia albo batera uzteko asmoa neukan hara joan nintzenean eta inoiz baino indar gehiagorekin sartu zen nire bizitzan. Aukera hartu eta aurrera egin nuen. Göteborgen masterra ikastea zen nire asmoa, baina eskubaloian nuen aukera ikusita, gerorako utzi nuen. Orduan, uren tratamenduaren masterra egin nuen Lunden. Animali-ekologiaren masterra ere amaitu nuen orain dela urte eta erdi, eta Lundeko unibertsitateko biologia laborategian egon nintzen lanean. Gero, abuztutik azarora beste enpresa baten laborategian egon naiz lanean, eta Lundera bueltatu nintzen pare bat asterako horren ostean Eibarrera etorri baino lehen. Gero Lundera bueltatuko naiz pare bat asterako eta beste zerbait aurkitu beharko dut ondoren.

-Zaila da eskubaloia eta lana uztartzea?

Gimnasioan eta entrenatzen ordu asko sartu behar dituzunez, ez da komenigarria zortzi orduko lanordua edukitzea. Jornada erdian egiten dute lan taldekide gehienek eta hori da onena. Kirol gutxi dira guztiz profesionalak, are gutxiago emakumezkoenak, baina nahi duzun horretan sakrifikatzen zara eta nik eskubaloia maite dut.

-Hemengo egoerarekin alderatuta, gehiago baloratzen da eskubaloia han?

Bai. Suedian foballa garrantzitsua da, baina eskubaloia ia bere mailan dago. Emakumezkoen eskubaloia ere gehiago baloratzen da eta hedabideetan hemen baino gehiago irteten gara. Oraindik badago aldea gizonezko eta emakumezkoen, baina hemen baino gutxiago. Kristianstadeko gizonezkoen taldea da Suediako talde profesional bakarra %100ean eta beste taldeetako jokalariek lana egin behar dute jokatzeaz gain, gure moduan. Gizonezko eta emakumezkoen artean ez dago hain jauzi handia, baina oraindik badago eta kexatu egiten gara. Gaur egungo gizartean zaila da, baina berdintasunaren alde borrokatu behar dugu.

-Zer moduz doa aurtengo denboraldia?

Ligako lehen itzuliaren erdia jokatuta 3. postuan gaude sailkapenean eta talde ona daukagula uste dut. Entrenatzaile berria sartu da, ospe handikoa. Ondo gabiltza, baina horrela jarraitu behar dugu. Europan lehiatzen ari gara baita ere, ‘Challenge Cup’-ean, eta Belgikako Femina Viseri irabazi ostean Azerbaijango talde baten aurka jokatuko ditugu final zortzirenak. Belgiarren aurkako itzulerako partiduan bederatzi gol sartu nituen eta partiduko jokalari onena izendatu ninduten. Bestetik, Suediako hondartza-eskubaloi txapelketa irabazi genuen uztailean.

-Zein helburu dituzue aurtengo denboraldian?

Beti esaten dugu aurreko urtean baino hobeto ibili behar garela. Iaz final laurdenetan kanporatu gintuzten Ligan; beraz, aurten goian amaitu nahi dugu denboraldia, final laurdenetako arerioa aukeratu eta gutxienez final erdietara heltzeko. Europan, berriz, uste dut txapelketa irabazteko taldea daukagula.

-Bi urte gehiago kontratua daukazu Kristianstandekin. Zein asmo daukazu etorkizunera begira?

Udan berritu nuen kontratua. Normalean urte bat gehiagorako berritzen dut, baina oso gustora nago, bi sinatzeko aukera eman zidaten eta momentu hau aprobetxatzen jarraitu nahi izan dut. Gero gerokoak.