Davide Cerchi, euskarak bustitako genoarra

Davide Cerchi, euskarak bustitako genoarra
2018/04/27 eta kitto!
Gerra Zibilak banandu zuena batu zuen waterpoloak. Davide Cerchi Zarraolandiaren familiak Euskal Herria utzi behar izan zuten gerra sasoian. ANVko gudaria zen Liborio Zarraolandia, Davideren aitxitxa, eta Genoan (Italia) finkatu zen familia. Davideren osaba Gernikara bueltatu zen, baina han geratu zen bere arreba Nere, Davideren ama. Italo ezagutu zuen eta maitasun istorio horren ondorioz euskal-genoar bat jaio zen, Davide. Orain, familiaren pausoak berregin ditu eta Euskal Herrian bizi da.

 

Genoako portuak erakarrita

Aitxitxa Liboriok, amaren aitak, berebiziko garrantzia izan du Davideren bizitzan. Bere militantziagatik joan zen amaren familia Italiara, baina bidaiatzeko joera betidanik izan zuen aitxitxak. “Arrantzalea izan zen Lekeition eta gero itsasgizona Greziako konpainia batean”. Genoakoa oso portu garrantzitsua izan da eta bertan zeukan egoitza Greziako konpainia horrek. Itsasertzean duen kokapenak asko eman dio Genoari, baina portuak indarra galdu duela dio Davidek. Bere familiak bezala, beste herrialdetako biztanle askok amaitu dute Genoan. “Armeniarrak, asiarrak, greziarrak... kultur-aniztasun handia daukagu bertan”.

 

Genoako euskalduna

Izen eta abizen italiarrak ditu Davidek, baina bihotz euskalduna. “Txikitatik egin dut euskaraz”. Aitxitxa eta amama Italiatik bueltatu ziren 1977ko amnistiaren ostean eta Davide Lekeitiora etortzen zen lantzean behin. “Baina euskara galtzen hasi nintzen, ez nuelako erabiltzen”. 2010ean Euskal Herrira bizitzera etorri zen eta berriz berreskuratu zuen amaren familiaren hizkuntza. Euskararekiko konpromezu handia duen gizona da eta euskararen aldeko hainbat ekintzetan ikusi ahal izan dugu. Ezin gutxiago espero Euskal Herritik mila kilometrotara euskaraz hazi zen gizon batengandik.

 

Politika ikasten ilara luzearengatik

Unibertsitatean enpresa ikasketak egiteko asmoa zeukan Davidek, baina ilara handia zegoen matrikula egiteko egunean. “Astelehen goiza zen eta lagun bat pasa zen albotik ‘La Gazzetta Dello Sport’ egunkaria irakurtzen eta, berarekin irakurri nahi nuenez, harekin joan nintzen”. Goiko pisuan jurisprudentzia karrerak zeuden, gorago filologia eta laugarrenean zientzia politikoak. “Lau pertsona besterik ez zeuden ilaran eta hor eman nuen izena”. Amaitu zituen ikasketak, baina ez du inoiz jardun politika inguruan. Waterpoloa da bere bokazioa.

 

Waterpoloak markatutako bidetik

Waterpoloko goi-mailan jokatu du Italian eta profesionala izan da, baina bizitzeko adina ematen ez duela aitortzen du. “Italian 40 waterpolista inguru bizi dira kirol hori egitetik”. Atezaina zen eta nahiko karrera arrunta izan zuela dio. Goi-mailan jokatzea ez da gutxi, esaten diogu; “ez da asko!”, berak umiltasunez. 2010ean Eibarko Urbat waterpolo taldeak bizitza aldatuko zion proposamena egin eta entrenatzailea izatea eskaini zion. “Nire bizitzako erabaki garrantzitsuenak pentsatu gabe hartu ditut, denbora gehiago pasatzen dut taberna batean zer edan erabakitzen”. Pentsatu gabe, errotu da Eibarren.

 

Begi bat Genoan

Lekeition bizi izan zen lehenik eta Eibarren orain. Odolean darama Euskal Herria eta hemen geratzeko aukera egin du. Gainera, Genoa eta Euskal Herriko bizimoduak nahiko antzekoak ikusten ditu Davidek. “Mendebaldean gaude, Europa barruan, eta ezberdintasunak badaude ere, antzeko bizimoduak dira orokorrean”. Genoan eguraldi politagoa egin ohi duela dio eta jendeak kalean biltzeko ohitura daukala. Bere burua Eibarren ikusten du, baina Mediterraneoak bustitako hirira bueltatuko litzateke aitak bere beharra izango balu. Badakizue, famiglia.