DEUS EZ musika taldea: "“Diskoa kalean daukagu eta orain zuzenekoak prestatzen ari gara”

DEUS EZ musika taldea: "“Diskoa kalean daukagu eta orain zuzenekoak prestatzen ari gara”
2017/10/20 eta kitto!
2016an Eibar eta Azkoitia artean sortutako taldea da Deus Ez.  Eric Deza (gitarrak eta ahotsa, Alex Etxeberria (baxua) eta Koldo Sagarzazu (bateria) aspaldiko lagunak dira, talde desberdinetan elkarrekin jardun dute, eta orain proiektu berri honetan burubelarri sartuta daude. Rock alternatiboa lantzen dute, 90eko hamarkadako eta gaur egungo soinua inspirazio gisa hartuta.
Taldearen lehen diskoa 2017ko udan grabatu dute eta irailean argitaratu. Azaroaren hasieran Ez Dok-en joko dute, eta ondoren Azkoitian eta Durangoko azokan. Alex eta Koldorekin izan gara, eta ilusioa eta gauzak ondo egiteko gogoa erakutsi digute.

– Talde desberdinetatik pasatu ondoren, zer dela eta sortu duzue Deus Ez?
Koldo: Hirurok elkartu ginenetik beti batera egon gara talde batean ala bestean. Orain denbora gutxiago daukagu, baina gauzak argiago. Serioago hartu nahi genuen, ondo prestatu. Estilo aldetik ere, lehen blues talde bat izan genuen, rock progresiboagoa landu dugu, eta oraingoan zerbait zuzenagoa nahi genuen: kantu motzagoak, ideiak oso argi edukita, estrukturak ondo montatuta... Beste ikuspuntu batetik, azken finean.
Alex: Guri gustatzen zaiguna, baina aldi berean jendearen gogoko musika egin nahi izan dugu. Zeozer ona eta eskuragarria, ulerterraza, melodikoagoa, zuzenagoa. Nahiz eta beste genero batzuk egin ditugun, hauxe da guri benetan gustatzen zaiguna, “betiko rock-a”.

– Nafarroan grabatu duzue diskoa, Drum Groove estudioan. Nola joan dira gauzak?
Estudioan Josu Ervitiren laguntza izan dugu. Ericen laguna da, goi mailako musikaria, eta asko aportatu du. Gu entzuteko prest geunden eta berak asko lagundu du azken emaitzean. Horregatik oso ondo joan da. Grabaketa oso garestia izaten denez, dena ondo planifikatu genuen eta hiru egunetan grabatu genuen. Soinuarekin oso pozik gaude. Bestalde, disko osoa bloke bat izatea lortu dugula uste dugu. Nahiz eta abesti batzuk motelagoak eta beste batzuk indartsuagoak izan, lanak identitate propioa dauka. Oinarri musikala Eric Dezarena da, baina gero hiruron artean moldatzen eta montatzen ditugu abestiak.

- Zer kontatzen duzue abestietan?
Diskoak 10 abesti ditu, guztiak euskaraz.  Sentimendu eta harreman kontuak daude, pare bat kantu erreibindikatiboagoak eta zuzenagoak dira, istorio bat ere kontatzen da… denetarik apurtxo bat.

- Eta orain...
Hiru kontzertu lotuta ditugu, Ez Dok-en, Azkoitian eta Durangoko Azokan. Durangoko Ahotsenean lan berria ateratzen duten taldeek jotzen dute; Berri Txarrak taldekoek, adibidez, euren lan berria aurkeztuko dute, eta gero gure moduko talde berriak ere egongo dira. Leku ona da. Jende asko egoten da, eta baita talde ezagunak ere. Orain ateak jotzea tokatzen zaigu. Oso serio hartu dugu. Gustura gaude orain arte egindakoarekin, eta orain kontzertuetan ere lan ona egin eta ondo pasatu nahi dugu.  Beste erronka bat da. Urduritasuna somatzen da, baina ilusioa eta motibazioa badago.

Informazio gehiago: https://www.facebook.com/deusezmusik/

Deus ez 2

 

Portada